Oporretako alokairua: nola saihestu maulak
Oporrak igarotzeko etxe bat edo apartamentu bat alokatzea aukera gero eta ohikoagoa bihurtu da jende askorentzat. Internetek, gainera, oporretako alokairuko iragarkietara sartzea errazten du, eta erreminta egokia bihurtu da bilaketak eta erreserbak egiteko. Baina kontuz ibili behar dugu, maula asko baitaude: ordainketa egin ondoren existitzen ez diren etxeak, webgunean argitaratutako argazkiekin alderatuta inolako antzik ez duten etxebizitzak, edo datu pertsonalen lapurreta itxuraz konfiantzazkoak diruditen plataforma eta webguneetan.
Lehenik, eutsi emozioari eta pazientzia izan: alderatu prezioak eta baldintzak zenbait webgunetan, eta ziurta ezazu webgune fidagarrietan zaudela.
- Irakurri arretaz webgunearen termino eta baldintza orokorrak, nola funtzionatzen duen, eta segurtasun- eta berme-plus bat zenbateraino eskaintzen dizun jakiteko.
- Ez fidatu ustezko pagotxez, hala nola jacuzzia duten luxuzko atikoez edo igerilekua duten etxe ikusgarriez, prezio oso baxuetan eskainiak badira. Gainera, kontuan izan argazkiek errealitatea itxuraldatu dezaketela. Ez fidatu, halaber, ortografia akatsak dituzten, idazkuntza txarra duten edo osatu gabe dauden deskribapenez.
- Bilatu beste pertsonen iritziak, kontuan izanda zenbait iritzi manipulatu daitezkeela. Komentario asko badaude, gogobetetze-maila orokorraren ideia bat eginda izango duzu.
- Egiaztatu webguneak informazioa egiaztatzeko bitartekoren bat baliatzen ote duen etxebizitza existitzen dela eta haren deskribapena bermatzeko. Erabili Google Maps aplikazioa higiezinaren kokapena egiaztatzeko edo bilatu Interneten, beste webgune batzuetan, higiezin horri buruzko informazio gehigarria.
- Ordaindu aurretik, errepara iezaiezu azken kostuari eta banakatutako kontzeptuei: webgunerako komisioa, udal-zergak, aparkalekuak, garbiketa-zerbitzua, eta abar. Kontuan izan prezioa alokairu-egunen eta etxean ostatu hartuko duten pertsona kopuruaren arabera alda daitekeela. Behar baduzu, jar zaitez harremanetan jabearekin zure zalantzak argitzeko.
- Informa zaitez, halaber, kontratuaren baldintzei buruz, fidantza bat jarri behar baduzu, estaltzen dituen gorabeherei buruz eta beharrezkoa izanez gero kontratua nola ezerezteari buruz.
- Arreta berezia jarri ordainketa horiek kudeatzen diren moduari buruz. Bitartekotza-plataforma batzuk ordaindutako diru-kopurua atxikitzen dute eta ez diote diru-kopuru hori pertsona errentatzaileari entregatzen zu iritsi zarenetik 24 ordu igarotzen ez diren arte. Horrela denbora estra bat izango duzu dena ongi dagoela egiaztatzeko. Segurtasun-plus bat da, halaber, zenbateko guztia aldez aurretik ez ordainaraztea: portzentaje bat izatea eta gainerakoa behin etxebizitzan zaudenean ordaintzea. Joan aurretik osorik ordaindu behar baduzu, gomendagarria da ziurtatzea etxea esaten zaigunarena dela benetan.
- Egin ordainketa transakzioa bertan egiten ari zaren plataformak edo webguneak proposatzen duen bitarteko seguru batetik https://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2020/6-aukera-internet-bidez-ordaintzeko-zein-dira-seguruenak/y10-kbpstblg/eu/. Plataformak ez dio kasurik egingo ordaintzeko erabilitako kanal alternatiboei buruzko edozein erreklamaziori.
- Behin etxebizitzan zaudenean, egin errepaso bat haren egoera egiaztatzeko eta, eta kontratuan adierazi gabeko hondamenen bat ikusten baduzu, informatu horri buruz albait lasterren.
- Gorde beti etxebizitzaren publizitatea eta deskribapena, kontratuaren baldintzak eta egindako ordainketen kopia.
Eta arazoren bat baduzu eta adiskidetasunezko bidea agortu baduzu, erreklamatu. Baina gogoratu apartamentu bat alokairua enpresa-jardueratzat ez duen pertsona bati alokatzen badiozu, eragiketa hori partikularren artean egin dela ulertuko dela, eta, hori horrela, ez da kontsumo-araubidearen menpe egongo. Hortaz, ez baduzu adiskidetasunezko akordiorik lortzen, demanda judizial bat aurkeztu beharko duzu.