Euskadi

Revolving: txartelek ez zaitzatela 'nahasi', II. zatia

Revolving: txartelek ez zaitzatela nahasi'

Dagoeneko argi baduzu revolving edo geroratutako kredituko txartel ezagunak zer diren, baita araudi berriaren berrikuntzak zeintzuk diren ere, hona hemen Kontsumobideren gomendioak:

  • Ahal baduzu, ez hautatu horrelako txartelik. Ez erabili ohiko gastuak ordaintzeko, ezta kapritxoetarako ere.
  • Erreparatu ongi UTBaren (Urteko Tasa Baliokidea) %-ari.
  • Galdetu zure bankuan zer aukera gehiago dauden, eta alderatu mailegu pertsonalekin edo txartel birtualekin.
  • Ezin hobeto aurkeztuko dizute: doan da, komisiorik gabe, erabilgarritasun iraunkorra, kreditu malgua, kuota txikiak, ordainketa geroratu daiteke, ez duzu justifikatu behar dirua zertarako erabiltzen duzun, kutxazainetan eskudirua atera dezakezu…; baina benetan nola funtzionatzen duten ere azaldu behar dizute, eta zer interes eta zer komisio ordaintzen dituzun azkenean. Erabakia hartzea errazagoa izan dakizun, ez izan lotsarik eta zalantzarik geratu bazaizu, galdetu beldurrik gabe:
    • Azkenean zenbat ordainduko dut guztira, zorra bukatzean?
    • Noiz arte luzatzen da amortizazio-epea?
    • Zenbateko interesak ordainduko ditut diru-kopuru bat erabiltzen badut?
    • Kuotatik, zenbat dagokie interesei eta zenbat beste gastu batzuei?
    • Zer gertatzen da ez badut ordainketa bat egiten?
    • Zeintzuk dira komisioak eta bestelako gastuak?
  • Azkenean kontratatzen baduzu, izan dadila aukera guztiak alderatu dituzulako, zalantzak argitu dituzulako eta nahikoa informazio jaso duzulako. Letra txikia ere irakur ezazu, inoiz irakurtzen ez duzun hori; izan ere, hor argitzen eta zehazten baitituzte kontzeptu askoren baldintzak. Ez sinatu ezer, zalantzaren bat baldin baduzu.
  • Revolving txartel bat baldin baduzu, erreparatu zer eragiketa egiten dituzun eta zorraren bilakaera zein den. Emandako kredituaren muga zabaltzen badute, esanbidez jakinaraztera behartuta daude, eta baimena eskatu behar dizute.
  • Gorde dokumentazio guztia: kontratua, laburpenak, publizitatea eta abar. Gatazkaren bat izanez gero erreklamazioa aurkeztea erabakitzen baduzu, agian behar izango duzu.

infografiaKreditu-kontratu bat sinatu baduzu eta damutu egin bazara, atzera egiteko eskubidea baliatu ahal izango duzu, betiere kontratua sinatu zenuenetik 14 eguneko epean jakinarazten badiozu erakundeari; ez duzu inolako azalpenik eman behar, eta ez duzu inolako penalizaziorik izango.

Nola egin erreklamazioa txartelen batekin arazorik izanez gero:

Lehenik, saia zaitez akordio batera iristen eta, ez baduzu lortzen, aurkeztu erreklamazioa erakundearen bezeroari arreta emateko zerbitzuan, idazki bidez. Bi hilabeteko epean ez badizute erantzun, edo erantzunarekin ados ez bazaude, aurkeztu erreklamazioa Espainiako Bankuan.

Informazio gehiago: Revolving txartelen arriskuak eta berrikuntza nagusiak

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS