euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zer eratako maskarak daude eta zelan erabili? (I)

2021.02.08 eguneratua

Maskarak

Maskara hitza, dagoeneko, gure hiztegian ezarri da. Egunak aurrera egin ahala, maskara-mota desberdinak ikusten ditugu: iragazkidunak, iragazkigabeak, etxekoak, koloretakoak eta abar. Denak dira berdinak? Egia esanda, ez. Eta maskara guztiek ez dute funtzio bera betetzen. Saiatuko gara oinarrizko informazioa ematen. 

Maskara higienikoak 

Ahoa, sudurra eta kokotsa estaltzen dute. Buruko arnesa daukate, buru guztia inguratzen duena edo belarrietan eusten dena. Erabilera bakarrekoak edo berriro erabiltzekoak izan daitezke, eta haur eta helduentzat diseinatuak. Maskara hauek beste pertsona batzuk babesten dituzte gure hasperenetatik; erabiltzailea babesteari dagokionez, beharrezkoa da eskuak garbitzeko eta segurtasun-distantzia errespetatzeko arauak mantentzea.

Sintomarik gabeko pertsonentzat dira, baldin eta segurtasuna areagotu nahi badute; adibidez, norbaitek bere burua babestu nahi badu lanera joateko. Ez gaituzte aerosol edo partikuletatik babesten.

Maskara horiek ez dira material sanitarioa, ezta norbera babesteko ekipamendua (NBE) ere; beraz, horrela adierazi behar dute.

Berrerabili ezin diren maskarak UNE 0064-1: 2020 espezifikazioaren arabera arautu daitezke, helduentzat direnean; UNE 0064-2:2020 espezifikazioaren arabera , haurrentzat direnean, eta berrerabilgarriak, azkenik, UNE 0065:2020 espezifikazioaren arabera.

Nolanahi ere, une araua ez da nahitaez bete beharrekoa, eta arau baliokideak betetzea onartzen da. Beste ehundura batzuk erabiltzea ere onartzen da, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten saiakuntzen bidez egiaztatzen bada.

Bakterioak iragazteko gutxieneko baldintzak bete behar dituzte (%95 edo gehiago erabilera bakarrekoen kasuan, eta % 90, berriz, berriro erabiltzekoenetan), baita arnasgarritasunekoak ere (60 pa/cm baino gutxiagoko presio diferentziala).

Maskara horiek buruan eutsi behar dira zintaz, edo goma edo kordoi bat belarriei lotuta. Haurrentzako maskarak, ahal dela, ez dute korapilorik egitea eskatu beharko, eta neurri desberdinak izango dituzte (txikia 3-5 urtekoentzat, ertaina 6-9koentzat eta handia 10-12koentzat), eta heldu batek gainbegiratuta erabiliko dira.

Maskara berrerabilgarriak: garbitu eta irauteko materialez eginda egon behar dute, eta ezaugarriak mantendu behar dituzte gutxienez 5 garbiketalditan, Eta ekoizleak bermatuko du maskara garbitu ondoren, ekoizleak berak adierazten duen metodoa erabiliz, bere propietateak mantenduko dituela.

ADI! Maskarek ez badute ziurtagiri-araurik edo eraginkortasun-testik aipatzen, ez dute babestuko zaituztela bermatuko, ezta beste pertsona batzuk babestuko dituztela, baina ez dira legez kanpokoak. Beti ziurtatutako edo homologatutako maskarak bilatzea gomendatzen dizugu.

Zelan erabiltzen dira? 

Eskuak garbitu behar dira maskara erabili baino lehenago. Jartzeko, kokatze-zintak baino ez dira ukitu behar; belarrietan jarri, eta segurtatu behar da sudurra eta kokotsa estaltzen dituztela, baina maskararen erdialdea ukitu gabe. Maskara aurpegira zenbat eta hobeto egokitu, hobe.

Behin erabili eta gero, eskuak garbitu behar dira maskara kendu aurretik, baina erdialdea ukitu gabe. Kendu eta gero, berriro garbitu behar dira eskuak. Ontzi espezifiko bat eduki behar da berrerabiltzekoak ez diren maskarak botatzeko. Ontzia eskuz ireki behar bada, hobe poltsa bikoitza erabiltzen bada.

Gogoratu maskara horiek 4 ordurako direla; hezetzen badira, ordezkatu behar dira, eta soilik erabili daitezke berriro, baldin eta denbora-tarte horretan jarraibideak betez kentzen badituzu eta esekita gordetzen badira.

Ez duzu maskara kendu behar, eta bekokian edo kokotsean jarri.

Maskara berrerabilgarria garbitzea. 

Ahal dela, ez ukitu arropa garbia maskara zikinarekin (garbitu behar denarekin).

  • Garbitzeaz arduratzen den pertsonak bere burua babestu behar du maskara lohiak maneiatzeko.
  • Ez da erabili behar materialak degradatu edo kaltetu ditzakeen eta babesteko gaitasuna murrizten duen produkturik.
  • Gomendioa da maskara guztiz lehortzea garbitu eta hurrengo ordu bietan.
  • Ez da lehortu edo higienizatu behar mikrouhin-labeaz.
  • Hala maskara lehortzeko nola biltegiratzeko, saihestu behar dira hura kutsa dezaketen inguruneak.
  • Garbiketaldi bakoitzaren ostean, begiz ikuskatu behar da (babes-eskularruekin edo eskuak garbitu berri). Bota maskara baldin eta antzematen bada kaltetuta dagoela (gutxiago eusten badu, deformatuta edo higatuta badago, etab.)

Etiketan agertu beharreko informazioa 

Informazio hau ezin da azaldu, adibidez, txineraz edo ingelesez soilik, eta gutxienez gaztelaniaz agertu behar da. 

  • Enpresaren datuak: izena, sozietate-izena eta egoitza. Ekoizleak, inportatzaileak edo banatzaileak EBn kokatuta egon behar dute.
  • Produktuaren ohiko izena (ezagutzen dena, haren izaera erabat identifikatzeko).
  • Bilgarriaren edukia (zenbat unitate, baldin eta bilgarriak hainbat maskara baditu).
  • Osaera. Ehunkien osaera barne, ehun-produktua bada.
  • Bererabilgarria den ala ez.
  • Zer alditan erabiltzea gomendatzen den.
  • Produktuaren funtsezko ezaugarriak, barnean hartuta neurria, halakorik behar bada, edo berriro erabiltzekoa den ala ez.
  • Oharrak eta gomendioak maskarak jartzeko, erabiltzeko eta mantentzeko.
  • Fabrikazio-lotea, prestatzeko prozesua serie identifikagarrietan egiten bada.
  • Jarraibideak: zelan jarri, erabili, mantendu, maneiatu eta bota maskarak.
  • Jatorria edo sorlekua, baldin eta, hura agertu ezean, erabiltzailea erratu badaiteke.
  • UNE araua edo baliokidea eta, hala badagokio, iragazteko balioak betetzen dituen.

Gogoratu argibide horiek maskara erosi behar duzunean. 

Beste maskara batzuk

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana