euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ziberdelinkuentziak ez du oporrik hartzen: babestu zaitez

Ziberdelinkuentziak

Oporrak gainean ditugu, eta, orduak igaro ahala, hondartzan, etxean, mendian eta abarretan deskonektatzeko gogoa handitu egiten da. Irakurri beharreko liburuen zerrenda apuntatu duzu, maleta prest duzu, bisitatu beharreko lekuak markatu dituzu eta itxura oneko jatetxeen zerrenda ere egin duzu. Eta mugikorra, edota tableta? Horiek ere prest jarri behar dira, eta, erabili behar izanez gero, zenbait neurri hartu beharko dituzu. Zure atseden-egunetan egiten duzuna egiten duzula, adi egon eta babestu zure datu pertsonalak: 

  1. Kontuz Wifi sare publikoekin. Aireportuek, tabernek, merkataritza-guneek, hotelek eta gero eta toki gehiagok dute wifi sare irekiak. Sare ireki horiek modu azkar eta erosoan sartzeko aukera ematen dute, gakorik gabe; baina horren ondorioz, zure pribatutasuna arriskuan jartzen da. Izan ere, zibergaizkileek, zure datuak eskuratu ahal izateko, aise birbideratzen dute trafikoa orri ofizialak imitatzen dituzten iruzurrezko orrietara.
    Beraz, Wifi sare publiko bat erabiltzen duzun bitartean, ez sartu zure kontu pertsonaletan, ez sartu pasahitzik, ezta zure kreditu-txartelaren zenbakirik ere. Eta informazio sentikorrik ere ez trukatu. Horrela, zure datu pertsonalak eta bankuko datuak lapurtzea saihestuko duzu. 
  1. Webguneetan nabigatu eta aplikazio seguruak deskargatu. Ez eman zure datu pertsonalik zalantzazko jatorria duten web-orriei edo aplikazioei. Hortaz, berrikusi sartuko zaren webguneen URLa eta deskargatuko dituzun aplikazioak.
    Zibergaizkileen helburua zure gailuak kontrolatzea da, zure datuak eskuratzeko edo zure gailu elektronikoa infektatuko duen malware bat (programa maltzurren bat) instalatzeko; horretarako, enpresa ezagunek duten webguneen antzeko orriak edo aplikazio ezagunen antzeko bertsioak sor ditzakete. Benetakoak imitatzen dituzten orri eta aplikazio horiek ez dira ia bereizten, soilik letra bat aldatzen da, esaterako. Ondo begiratu! 
  1. Ez eman zure kokapenari buruzko arrastorik. Sare sozialetan argazkiak edo storiak argitaratzen dira sarritan, bisitatzen dituzun lekuak, jaten egon zaren jatetxeak edo zure hondartza gogokoenean udako arratsalde amaigabeak erakusteko. Informazio hori partekatzea oso arriskutsua da; izan ere, zer tokitan zauden eta zure etxea hutsik dagoela erakusten ari zara. Aukerarik onena ez partekatzea da, baina partekatzen baduzu, konfiguratu sare sozialak, argitaratzen duzuna soilik erantsita dituzun pertsonek ikus dezaten. 
  1. Posta elektronikoak, SMSak eta sare sozialak. Phishing saiakerak ez dira eteten udan. Teknika horren bidez, zibergaizkileek zure datuak (kreditu-txartela, helbidea, telefonoa, etab.) eskuratzen dituzte zure izenean jarduteko. Esaterako, zure banku-datuak eskuratzen badituzte, erosketak egin ditzakete zure izenean. Beraz, kontuz ibili eta ez ireki igorle ezezagunen mezurik; ezabatu itzazu zuzenean. Mezua bidaltzen dizun pertsona ezaguna bada, aztertu mezua ondo, erantzun, erantsitako fitxategia deskargatu edo esteka batean sakatu aurretik. Eta oraindik ere zalantzak izanez gero, galdetu iezaiozu beste bide batzuetatik ea berak bidali dizun. 
  1. Erosi webgune seguruetan eta deskargatu denda ofizialetako aplikazioak.
    • Web-orri seguru baten helbideak https:// izan behar du hasieran. Giltzarrapo itxia eta giltza ere segurtasun-sinboloak dira. Informazio gehiago
    • Aplikazio bat deskargatu behar baduzu, kontuan izan Google Play edo App Store plataformek segurtasun-neurriak dituztela iruzurrezko aplikazioak saihesteko. Hala ere, ez instalatu jatorri ezezaguneko edo fidagarritasun gutxiko aplikaziorik. Erreparatu iruzkinei aplikazioak deskargatu aurretik; pista bat eman ahal dizute. 
  2. Babestu zure gailuak. Erabili beti antibirusa eta eguneratuta izan.
  3. Pasahitz seguruak. Hainbat zerbitzutan —esaterako, posta elektronikoan edo banka elektronikoan— gordetzen duzun informazioa eta datu pertsonal guztiak babestu nahi izanez gero, pasahitz seguruak sortu behar dituzu. 
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana