euskadi.eus-en hasierako sarbidea

5 arrazoi, Km 0 elikagaien kontsumoa areagotzeko

Km0 elikagaia

Salgai jartzen diren produktuetako askok milaka kilometro egin dituzte dauden tokira iritsi arte. Horrek ingurumenean eragin handiagoa dakar, eta tokiko ekonomiari eragiten dio.

Hurbileko edo «zero kilometroko» elikagaien ezaugarri nagusia da ekoizpen- edo bilketa-lekuaren eta azken salmenta- edo kontsumo-puntuaren artean distantzia txikia dagoela. Tokiko ekonomia eta sasoiko laboreak bultzatzea du helburu: horrela, ingurumenean eragin txikiagoa izango du.

Nola identifika ditzakegu hurbileko elikagaiak? Oso erraza da. Etiketan agertzen den jatorriari buruzko informazioa irakurri, eta hor ikusiko duzu nondik datorren. Tokiko merkatuetan eros ditzakezu elikagai horiek, edo ekoizle txikiei erosi.

Elikagai horiek ez dute identifikatzen dituen zigilu ofizialik, produktu ekologikoek ez bezala, baina horrek ez du esan nahi 0 km-ko produktu bat ezin denik ekoizpen ekologikokoa izan. Bi ezaugarri horiek bat etor daitezke, eta hala dela jakingo duzu etiketan jasota egongo delako.

Bost arrazoi ematen dizkizugu produktu horien alde egin dezazun, onurak baino ez baitizkizute ekarriko, bai zuretzat, bai tokiko ekonomiarentzat, bai ingurumenarentzat:

  1. Ingurumena zaintzen duzu. Ekoizten diren lekutik gertu saltzen diren elikagaiak ez dira distantzia handitara garraiatu behar; beraz, garraioak sortzen duen aztarna ekologikoa murrizten da eta jasangarritasuna babesten da. Distantzia luzeetan garraiatzeak CO2 isuri handiak sortzen ditu, eta hurbileko produktuak erosiz gero, ingurumen-inpaktu txikiagoa lortzen da. 
  1. Tokiko ekonomiari laguntzen diozu. Piperra, gazta, porrua, zerbak... Erosten dituzun produktu guztiak tokiko ekoizpenekoak badira, tokiko ekonomia aktibo mantentzen eta indartzen laguntzen duzu. Horrela, ekoizle txiki eta ertainek bertako barietateak kontserba ditzakete. 
  1. Badakizu zer jaten duzun. Produktuen jatorriari buruzko informazio guztia lortzen duzu, bertakoak direla jakinda. 
  1. Produktu freskoak erosten dituzu. Bildu direnetik distantzia luzerik egin behar izan ez dutenez, elikagai horiek ezaugarri nutrizionalak mantentzen dituzte, baldintza organoleptikoak (usaina, zaporea, ehundura...) bere horretan mantentzen dituzte eta heltze-prozesuak bere ziklo naturalari jarraitzen dio. 
  1. Elikagaiak alferrik galtzea murrizten duzu. Distantziak laburragoak eta bitartekariak gutxiago direnez, garraioaren edo biltegiratzearen ondorioz elikagai gutxiago hondatuko da eta, ondorioz, horietako gutxiago botako da zakarrontzira.

Informa zaitez produktuen jatorriari eta ekoizteko metodoei buruz. Etiketa aliatu ona izango da kasu horietan, behar bezala informatzen lagunduko dizu eta kontsumo jasangarriagoa lortzeko bidea erraztuko dizu. Egin tokiko eta sasoiko elikagaien aldeko apustua beti.

https://www.kontsumobide.euskadi.eus/contenidos/informacion/kb_pubs_mat_didac/eu_material/adjuntos/gurpila_2018.pdf

Gaiak
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana