euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bankuak ezarri ahal dizkio komisioak orain arte halakorik izan ez duen kontu bati? Bai, baina...

Banka-komizioak

Aspaldi honetan ikusten ari gara nola banku-entitate batzuek komisio eta gastu berriak ezartzen dituzten euren banku-kontuetan, kontsumitzaileen kalterako. Egin dezakete hori bankuek?

Bada, kontua da baietz, egin dezaketela; baina zenbait muga dituzte.

Lehenik, begiratu behar dugu nola egin zuen bankuak behinola dena delako kontuaren edo zerbitzuaren publizitatea. “Komisiorik ez” edo “Komisio eta gasturik gabe” edo horrelako esaldiren bat erabili bazuen, ezin izango du bere kabuz aldatu baldintza hori.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginak argi eta garbi adierazten du hori 61. artikuluan: “Eskaintza, sustapen edo publizitatearen edukia, ondasun edo zerbitzu bakoitzaren prestazioak, baldintza juridiko edo ekonomikoak eta eskainitako bermeak eskatzeko aukera izan behar dute kontsumitzaile eta erabiltzaileek, nahiz eta espresuki agertu ez egindako kontratuan edo jasotako agiri edo egiaztagirian, eta kontuan hartu beharko dira kontratuaren araberako izatearen printzipioa erabakitzean.” Laburbilduta, publizitatea loteslea da eta bete egin behar da. Kontratuaren aldaketa kontsumitzailearen onerako denean soilik utz daiteke bete gabe publizitatean agindutakoa.

Hala ez denean, bankuak bere kabuz alda litzake kontratuko baldintzak honako betekizun hauek betez gero:

  • Kontratuaren aldaketaren arrazoia kontratuan adierazita egotea.
  • Arrazoi hori baliozkoa izatea. Hemen oso kontzeptu subjektibo baten aurrean gaude: zer da baliozkoa? Arrazoi hori justifikatzeko irizpide objektiboak hartu beharko dituzte oinarri.
  • Kontsumitzaileari nahikoa denbora lehenago jakinaraztea.
  • Kontsumitzaileak kontratua azkendu ahal izatea zigorrik gabe.

Gerta liteke halaber bankuak beste gastu batzuen zenbatekoa aldatzea bere kabuz. Horretarako, bankuak kontratuan beretzat erreserbatuta eduki behar du zenbateko hori bere kabuz aldatzeko ahalmena, eta tartean arrazoi baliozkoren bat izan behar da (kontzeptu subjektibo baten aurrean gaude berriz ere). Kasu honetan, bi baldintza horiez gainera, gorago azaldutakoak ere bete behar dira: kontsumitzailea jakitun jartzea, eta kontsumitzaileak kontratua suntsiarazi ahal izatea zigorrik gabe.

Zoritxarrez, benetako merkatuan herritarrak ahulagoak dira banku-entitateak baino, eta kontratua suntsiarazteko aukera eskaintzen bazaie ere, aukera horrek zeharkako kalteak eta zailtasunak sortzen dizkie eta atzera eragiten die.

Nolanahi ere, bankuak egindako publizitatea ez badator bat komisioak eta mantentze-gastuak aldatzeko bidea ematen duen klausularen batekin, kontsumitzaileen alde egiten duen interpretazioa hobetsiko da.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana