Kontsumobide

Bidaiatzeko asmotan? Kontuz ibili

Mugitzeko murrizketak kendurik, gutxika-gutxika ohiko bizimodura itzultzen ari gara eta dagoeneko oporrak antolatzen hasita gaude. Hegaldia, hotela, apartamentua edo bidaia konbinatua aurkitu nahi dugu. Hori guztia ondo dago, baina ez ahaztu zeure eskubideak babestu behar dituzula.

Gaur egun, inoiz baino argiago eduki behar duzu informazioa bidaia kontratatu baino lehen:

  • Konparatu eskaintzak.
  • Ezer sinatu aurretik eskatu informazioa idatziz eta irakurri ongi baldintza guztiak.
  • Oso garrantzitsua da bidaia ezeztatzeko baldintzak egiaztatzea. Aurretik ongi aztertzea komenigarria da beti eta, ahal dela, hobe hautatzen badituzu ezeztatzeak kosturik ez daukan erreserbak.
  • Gogoan eduki ez duzula ordaindu behar aurretik azaldu ez dizuen kostu gehigarririk.
  • Gorde bidaiari buruzko dokumentazio guztia, bai eta publizitatea ere, loteslea da eta.

Kontratazioa internet bidez eginez gero:

  • Egiaztatu enpresak legezko baldintzak betetzen dituela eta erregistratuta dauzkala egoitza fisikoa, telefonoa etaposta elektronikoa zuzeneko komunikazioetarako.
  • Konparatu eskaintzak eta enpresak. Begiratu beste pertsona batzuen iritziak eta aipamenak: bidaien inguruko foroak eta antzeko beste orri batzuk lagungarriak izan daitezke enpresak orokorrean nolakoak diren jakiteko.
  • Adi ibili argazkiekin: errealitatea edertzeko erabil daitezke.
  • Ez fidatu maukekin eta eskaintza izugarriekin.
  • Egiaztatu web orria seguruaeta fidagarria dela: l hala izateko, helbidearen hasieran https:// letrak agertu behar dira edo giltzarrapo itxia edo giltza osoa egon behar da nabigatzailearen pantailako ertzetako batean.
  • Erabili ordainbideseguruak, esate baterako, PayPal.
  • Eduki eguneratuta antibirusa eta nabigatzailea. Ez erabili ordenagailu publikorik ez wi-fi sare irekirik.
  • Eman erosketarako behar direndatu pertsonalak soilik.

 Gure web orrian sarturik, hegaldia edo bidaia konbinatua kontratatuz gero zer eskubide daukazun jakin dezakezu, eta Covid 19aren ondorioz gertatu diren lege-aldaketek zure eskubideei nola eragiten dieten ere bai.

Oporrak gozatzeko, ezinbestekoa da ezustekorik ez gertatzea: ez ibili azkarregi eta egiaztatu ondo bermatuta dituzula kontsumitzaile modura dauzkazun eskubideak.  Eta arazoren bat gertatzen bada, lehenbizi saiatu akordio batera iristen agentziarekin edo konpainiarekin. Akordiorik lortzen ez baduzu, aurkeztu erreklamazioa Kontsumobiden edo, gatazka hegaldi batek eragin badu, Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzian (AESA).