SIM swapping: zure mugikorreko SIM txartela kopiatu dute.
SIM swapping du izena mugikorreko SIM txartelaren iruzurrezko kopiak egiteko prozesuak. Iruzur horren bidez, zure identitatea ordezkatzen da eta PSD2 Zuzentarauan ezarri den kautotze bikoitzera sartzen da. Hau da, banku-transferentziak, erosketak eta abar egitean mugikorrera heltzen zaizun erabilera bakarreko kodea lortzen da.
Zure txartelaren kopia bat egiteko, delitugileek zure datu pertsonal batzuk behar dituzte: izena, abizenak, jaiotza-data, bankuko kontuaren azken 4 digituak... Phising tekniken bidez eskuratu ahal izan dituzte datu horiek edo, batzuetan, Interneten arduragabekeriaz ibili garelako.
Zer egiten dute gure erasotzaileek datu horiekin?
Kontratatuta daukagun mugikorraren konpainiari gure txartelaren kopia bat eskatzen diote eta, aktibatu ostean, zure telefonoa, hau da, mugikor ona, jatorrizkoa, ez dabil. Une horretan delitugileek zure identitatea hartu dute. Zenbat aldiz eskatu diozu banketxeari pasahitz berria emateko, aktibo zegoena ahaztu duzulako? Bada, delitugileek horixe bera egin dezakete zure izenean, eta zure konturako sarbidea izango dute.
Arrazoi ekonomikoak izan daitezke agerikoenak, zuri lapurtzea, alegia; baina beste arrazoi batzuk ere egon daitezke tartean. Twitter sortu zuen eta haren buru nagusia den pertsonari gertatu zitzaion mezuak argitaratzen hasi zirela bere izenean. Zure ospea ere arriskuan egon daiteke.
Nola jakin dezaket SIM Swapping-aren biktima izan naizela?
Mugikorra arrazoirik gabe deskonektatzen bazaizu edo normalean estaldura izan duzun tokietan estaldura galtzen baduzu, hobe duzu zure telefono-konpainiarekin hitz egitea eta galdetzea zure txartelaren kopiaren bat egin den. Erantzuna baiezkoa bada, hasi zeure burua babesten:
- Baliogabetu zure txartelaren kopia hori eta hartu berriz zure telefonoaren eta identitatearen kontrola.
- Hitz egin banketxeekin eta aldatu pasahitz guztiak.
- Sare sozialetako pasahitzak aldatu, baita Interneteko beste plataforma batzuetakoak ere.
- Lapurretaren eta ordezkapenaren ebidentzia guztiak gorde.
Zer neurri har ditzaket aurrea hartzeko?
- Ez eman inoiz zure daturik SMS edo mezu elektroniko bidez, eta zalantzarik baduzu jarri harremanetan datu horiek eskatu dizkizun erakundearekin; galde iezaiozu.
- Ez argitaratu zure informazio pertsonala sare sozialetan.
- Ez deskargatu merkatu ofizialetan ez dauden aplikazioak mugikorrera.
- Ez erosi iruzurrezko online dendetan edo denda susmagarrietan.
- Ez fidatu ikastaro biralez, doako txartelez eta ezinezko sariez.
OSIren webgunean (Internautaren Segurtasun Bulegoa) aholku interesgarriak dituzu gailu informatikoak segurtasunez erabiltzeari buruz.