Kontsumobide

Badakizu zer den bidezko merkataritza?

Bidezko merkataritza

Hautatzen ditugun kontsumo-aukeretako askok beste pertsona batzuk hartzen dituzte eraginpean mundu osoan: Asiako, Afrikako edo Latinoamerikako langileak, bertan lan egin behar duten eta oinarrizko hezkuntzarik jasotzen ez duten herrialdeetako milioika haur, eta eraginpean hartzen dute halaber ingurumena, bioaniztasuna, energia-kontsumoa, eta abar. Produktu batengatik ordaintzen dugun guztitik zati txiki bat baino ez dute eramaten produktu hori produzitzen duten pertsonek, eta zatirik handiena enpresa multinazional handien eta bitartekarien eskuetara joaten da.

Bidezko merkataritza da merkataritza-harreman bidegabe horiekiko alternatiba bat. Alderdi etiko, sozial eta jasangarrietan oinarritzen den merkataritza-sistema da. Bidezko merkataritzaren irizpideei jarraitzen dieten produktuak Afrikako, Asiako eta Ameriketako hainbat herrialdetako pertsona produzitzaileen lanaren emaitza dira.  Eta oinarrizko 8 printzipio hauek bete behar dituzte:

  • Epe luzerako merkataritza-harremanak.
  • Bidezko merkataritza-jardunbideak.
  • Genero-berdintasuna.
  • Ingurumena errespetatzea.
  • Haurren esplotaziorik eza.
  • Merkataritza- eta finantza-kudeaketa argia.
  • Kalitatezko produktuak.
  • Soldata eta lan-baldintza duinak.

Garrantzitsua da produktuen produkzio- eta merkaturatze-prozesuetan esku hartzen duten agenteak zein diren jakin dezagula, eta gogoeta egin dezagula produktu edo zerbitzu bat gure eskuetara iristeko zer gizarte- eta ingurumen-baldintzatan egin den, eta horrek dituen ondorioak aztertzeko. Bidezko merkataritza ahalbidetzen duen azken maila gara pertsona kontsumitzaileak. Erantzukizunez erabili behar dugu gure ahalmena kontsumo-jardunetan, erosten dugunaren prezioa ez ezik zer baldintza sozial eta ekologikotan egin dituzten ere kontuan hartuta.

Bidezko merkataritzako produktuen artean, honako hauek daude: kafea, kakaoa, txokolatea edo azukrea, baita ehungintza- eta artisau-produktuak ere. Erreparatu beti erosten dituzun produktuen etiketari: adibidez, FLO (Fairtrade Labelling Organization) eta WFTO (World Fairtrade Organization) zigiluak artikulu honetan komentatu ditugun eskakizunak betetzen dituzten ziurtapenak dira.

Bidezko merkataritzako sareak antolatzen eta bidezko merkataritzako produktuak merkaturatzen dituzten erakundeak eta GKEak ere badaude, hala nola Oxfam Intermon, Kidenda, Alboan, Cáritas eta Setem.

Azken batean, bidezko merkataritza alternatiba gisa hor dagoela jakin behar dugu etorkizun solidarioago eta jasangarriago bat sortzeko.

Bidezko merkataritzari buruzko informazio gehiago aurkitu dezakezu Bidezko Merkataritzako Koordinakundean.

Gaiak