euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu duzu inoiz zure izena Googlen eta ezabatu nahiko zenukeen informazio pertsonala ikusi duzu?

Borrado de datos

Pertsona baten izena Googlen idazteak informazio jakin bat lortzeko atea zabaltzen du, eta sarritan pertsona berak ere ez daki informazio hori sarean dagoenik. Argazkiak, lan-lekua, dokumentu ofizialak, sare sozialetako profilak... Jada utzitako sareetako profilak ere aurkitu ditzakezu, eta, horrekin batera, zure curriculumari buruz zaharkituta geratu den informazioa edo duela hainbat urte Twitterren edo gaur egun jarduerarik ere ez duten webguneetan idatzitako komentarioak.

Behin sarean gaudenean, gure informazioaren gaineko kontrola galtzen dugu eta gure online erreputazioa eraginpean hartu dezake horrek. Horregatik, kontuz ibili behar da edukia igotzeko garaian; horrela, komentario desegoki hura egin zenuenetik edo argazki lotsagarri hura atera zizutenetik jada urteak igaro direla uste baduzu ere, Internetek ez du ia inoiz ahazten eta informazio hori ia denbora-mugarik gabe egon daiteke agerian. Beste pertsona batzuek zuri buruz igotzen dutena... hori beste kontu bat da eta zailagoa da, guztia galduta ez badago ere.

Interneteko nire datu pertsonalak ezabatu ditzatela eskatu dezaket?

Zure aztarna digitala desagerrarazi edo minimizatu daiteke. Inoiz zure izena Googlen bilatzea erabaki baduzu, eta agertzea nahi ez duzun zuri buruzko informazioa aurkitzen baduzu, begiratu ea eduki hori zuk ezabatu dezakezun: esaterako, Facebookeko argazkiren bat edo kontua bera behin betirako, jada erabiltzen ari ez bazara. Zure kontua betirako ezabatu baino lehen, urteetan zehar argitaratu duzun informazio guztia galdu nahi ez baduzu, sare sozial ugarik aukera propioa dute informazio hori jaisteko.

Edukia ezabatzea ez badago zure esku, informazio hori ezabatze-eskubidea edo ahaztua izateko eskubidea egikarituz ezabatua izateko eskubidea duzu: eskubide horrek Interneteko bilatzaileetako emaitzetan agertzen den informazio zaharkitu, osatu gabe, faltsu edo garrantzirik gabea duten estekak blokeatuak izan daitezela eskatzea ahalbidetuko dizu. Googlek formulario bat du, eta horren bidez egin dezakezu bilaketa-emaitzak kentzeko eskaera. Yahoo edo Bing eta beste zenbait bilatzailek ere aukera hori dute. Horrek zera esan nahi digu, Googlek bere bilaketa-emaitzetatik webgune bat edo irudi bat kentzen badu ere, ezin du hura ostatatzen duten webguneen edukia kendu. Behin betiko kentzeko, dagokion webgune horretako jabearekin harremanetan jarri beharko duzu eta eduki hori kendu dezala eskatu beharko diozu. 

Gainera, zure datuak erregistro jakin batzuetatik desagertzea eskatu ahalko duzu, datu horiek bilduak izan ziren helbururako jada beharrezkoak ez badira, legez kontra tratatuak izan badira, edo zure hasierako baimena kentzen baduzu edo tratamenduaren aurka bazaude.

Nola babestu behar da pribatutasuna?

Uzten dugun aztarna digitala minimizatzeko, Interneten partekatzen duzun informazioa betiere berrikustea da alderdi garrantzitsuenetako bat. Gomendagarria da argitaratzen duzun informazioa zuk nahi duzun pertsonek soilik ikusteko moduan konfiguratu ditzazula sare sozialak, eta informazio hori publikoa ez izatea, bestela edozeinek lortu ahalko baitu.

Erabili pasahitz seguruak zure kontuak ondo babesteko, eguneratu noizean behin zure gailuak eta babestu itzazu antibirus batekin.

Askotan letra (txiki zein handi) ugari duten dokumentuak sinatzen ditugu eta ez diegu behar beste denbora eskaintzen arretaz irakurtzeko. Dokumentu horietako askotan jasota dago zer erabilera emango dieten zure datuei, hala nola "terminoak eta baldintzak" eta "pribatutasun-politika" atalen kasuan. Ezer sinatu aurretik, irakurri informazio guztia zure datuekin zer egingo duten jakiteko eta une jakinen batean datu pertsonalen babesari buruzko araudian jasotako eskubideetakoren bat erabiltzea beharrezkoa izango den ere jakiteko.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana