Deepfakes: badakizu zer diren eta zelan antzeman ditzakezun?
Edozer ikusita zaudela pentsatzen zenuenean, deepfakes direlakoak jarri dira modan, hau da, bideo eta audio muntaiak, baina hartzaileei benetako artxiboak direla sinestarazteko moduko kalitatea dutenak. Artikulu honetan horiei buruz hitz egingo dugu, izen berria eduki arren Interneten zabaltzen ari direlako.
Garrantzitsua da jakitea zer diren deepfakeak, horien bidez hainbat gauza lor daitezkeelako: hilda dagoen pertsona bat berpiztu daiteke, presidentearen hitzaldia alda daiteke desordena publikoa eragiteko, edo erabiltzaileei iruzur egin ahal zaie dirua lapurtzeko.
Zein da deepfake-en helburua?
Deepfakeak manipulatuta dauden bideoak, argazkiak edo audioak dira, sare sozialen bidez zabaltzen direnak hartzaileak engainatzeko asmoz. Teknika horren bidez erabiltzaileak pentsatzen du ikusten edo entzuten ari dena egiazkoa dela, baina gezurrezkoa da.
Bideo edo audio faltsu horiek sortzeko hainbat programa erabil daitezke, horien bidez irudietako aurpegiak eta ahotsak alda daitezkeelako. Beraz, adimen artifiziala erabiltzen duen teknologiari esker, ikusten ditugun pertsonak eta horiek esaten dutena alda daitezke. Muntaiak egiteko, sortzaileek hainbat argazki, bideo eta audio erabiltzen dituzte. Oso ondo eginda dauden muntaiak dira eta, ondorioz, oso erraza da sinestea.
Arriskutsuak izan daitezke?
Deepfakes direlakoen sortzaileek asmo maltzurrak izan ditzakete. Nahi izanez gero, erabiltzaileek okerrekoa ulertzea eragin dezakete. Tresna horiek oso boteretsuak dira desinformatzeko eta manipulatzeko, berri faltsuak zabaltzeko, pertsona baten irudia kaltetzeko edo mota guztietako iruzurrak diseinatzeko.
Sei gako azalduko dizkizugu, deepfakeak antzeman ditzazun eta sinestu ez ditzazun:
- Begiratu iruditik harago. Begiratu atzealdeak, itxuraldatuta dauden forma, ertz lausoak edo irudiaren argiarekin bat ez datozen itzalak. Hau da, aztertu irudiak, zentzurik ez duten xehetasunak bilatzeko.
- Aztertu zorrotz irudia. Aurpegia, keinuak, azalaren tonua edo jarreraren bat ez badator bat gorputzaren gainerakoarekin, baliteke bideo manipulatu baten aurrean egotea. Horrelako muntaietan, protagonistek mugimendu etenak edo jarrera antinaturalak izaten dituzte. Gainera, irudian agertzen diren pertsonek gutxiagotan kliskatzen dituzte begiak, pertsona batek bideo erreal batean egingo lukeena baino gutxiagotan eta denbora-tarte luzeagoetan.
- Begiratu ahotsaren atzerapenak. Bideoaren soinua irudiarekin bat ez datorrenean, hau da, ezpainen inguruan jarraitutasunik ez dagoenean edo sinkronizazio falta antzematen duzunean, ziurrenik muntaia bat izango da.
- Zein da bideoaren iraupena? Bideo horiek iraupen laburra izaten dute; izan ere, argitalpen-lana neketsua izaten da, eta ekoizpen-kostuak garestiak.
- Kontrastatu informazioa. Ez geratu bakarrik leku bakar batean ikusi edo entzun duzun bideo edo audioarekin. Egiaztatu Interneten informazio-iturria ezaguna eta fidagarria den. Bilatu irudia zer testuingurutan argitaratu zen, eta hausnarketa egin edukiak izan dezakeen asmoari buruz. Halaber, egiaztatu informazioa, beste erreferentzia-gune batzuetan ere bilatuz.
- Zentzunez jokatu. Urrats horiek guztiak egin ondoren konbentzitu gabe jarraitzen badu, jarraitu zure senari eta ez fidatu, baliteke faltsua izatea.