plusDuela gutxi

Gabonetan, ahaztu ''hobe sobran...'' dioen leloa

Inoiz pentsatu al duzu zenbat janari botatzen dugun zakarrontzira Gabonetako ospakizun bakoitzean? “Badaezpadakoek” porrotean amaitzeko arriskua dute, eta ez da prestatu duzun hori jateko modurik ez dagoelako, behar baino janari gehiago prestatu duzulako baizik, eta soberako hondakin horiek alferrik galtzen dira gehienetan. 

Janaria botatzea ez da soilik dirua alferrik botatzea, elikagaien xahuketa eta planetako baliabideen neurrigabeko kontsumoa hauspotzea eta elkartasunik gabe jokatzea ere bada, eta horrelakorik gerta ez dadin, hobe da planifikatu eta antolatzea, janari horrek zakarrontzian amai ez dezan. Hori da arduraz eta zuhurtziaz kontsumitzeko gakoa, eta areago orain, erosketen saskiaren prezioa zertan den kontuan hartuta. Aurreztea dugu onena, familiaren ekonomiari kalterik ez egiteko. 

Angulek, itsaskiek edo urdaiazpiko iberikoak zure aurrekontua desorekatuko badute garestiak direlako, jateko merkeagoak ere badituzu aukeran, piper beteak edo patata-tortila, adibidez. Gabonetako mahaian, ez dago nahitaezko jatekorik; hobe duzu malgutasunez jokatzea, ezarritako aurrekontuari lotzea eta elikagai garestiegirik ez bilatzea, erosketek zure poltsikoa dardarka jar ez dezaten. 

Jarraitu aholku hauei:

  • Egin aurrekontu bat. Erosketak egiteko zenbat diru daukazun jakin behar duzu, hartara gehiegi ez gastatzeko eta dirurik gabe ez geratzeko. 
  • Planifikatu menuak. Menua antolatzeko, lehenik eta behin, kontuan hartu zenbat pertsona elkartuko zareten. Eta ganorarik gabe erosten ez hasteko eta hozkailua eta despentsa "badaezpadakoez" ez betetzeko, egin zerrenda bat behar dituzun gauzekin, eta lehenik ikusi etxean zer duzun, agian zerbait aprobetxatu ahalko duzu-eta. 
  • Erosi aldez aurretik ahal duzun guztia prezioak (gehiago) igo baino lehen, eta izoztu ahal duzun guztia. 
  • Ahal baduzu, zatika egin erosketak, jende-pilaketak saihesteko, eta ez erosi jende gehien ibiltzen den orduetan.
  • Irakurri produktuen etiketak eta alderatu prezioak, aukerarik merkeena hautatzeko. 
  • Erosi tokikoa. Tokiko sasoiko elikagaiak aukerarik onena izango dira beti. Kalitateagatik eta zaporeagatik ez ezik, tokiko ekonomiari ere lagunduko diozu, eta ingurumenari inpaktu txikiagoa eragingo diozu gainera, produktuak beste eremu batzuetatik ekartzeko behar den distantzia luzeko garraioa saihestuz, azken horrek CO2 emisio gehiago sortzen dituela kontuan hartuta. 

Eta soberako janariarekin, zer egingo dut? 

Enpanadillak, askotariko entsaladak, arrozak, kroketak, etab. Erabili zure irudimena, eta eraldatu soberako janaria, errezeta berriak sortuz. Janaria alferrik ez galtzean eta aprobetxatzeko alternatibetan pentsatzean datza gakoa. 

Errezeta berriak sukaldatzeko astirik ez baduzu, soberako jatekoak banakako errazioetan izozteko aukera ere azter dezakezu. Horrela beste egun baterako bazkaria prest edukiko duzu.

Gogoratu: Gabonetan, kontsumo arduratsua. Informa zaitez, hausnartu eta erabaki.

Gaiak