Kontsumobide

Garbigailuak funtzionatzeari utzi dio? Konpontzeko eskubidea duzu

Produktu bat hondatzen denean, zer egiten duzu? Konpontzen saiatzen zara edo zuzenean berri bat erosi behar duzula pentsatzen duzu? Erabili ondoren, botatzeko kultura oso errotuta dago gure gizartean, eta zaharkitze programatua, neurri batean, horren guztiaren atzean dago. Enpresa fabrikatzaileek estrategia hori erabiltzen dute produktuen bizitza erabilgarria murrizteko, eta salmentak handitzeko, hau da, kontsumoa handitzeko. Askotan, produktua konpontzen saiatzen bazara, baliteke konponketaren kostua berria erostearen prezioa baino handiagoa izatea.

Europar Batasunak, praktika horren aurka borrokatzeko asmoz, konpontzeko eskubidea finkatu nahi du, ekonomia zirkularraren funtsezko atal gisa. Helburua ingurumen-inpaktua murriztea eta jasangarritasuna indartzea da, berrerabilpenaren eta konponketen bidez. Argi esanda: asmoa da zaharkitze programatuaren aurka borrokatzea eta produktuen bizitza baliagarria luzatzea, kontsumitzaileen poltsikoak hainbeste kaltetu gabe. Hau da, telefono mugikor bat erosten duzunean, ez pentsatu bi urteren buruan beste bat erosi beharko duzunik, erosi berri duzunak funtzionatzeari utziko diolako. 

Zertan datza eskubide hori?

Urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean kontsumo-araudi berria, produktu berrien bermea 3 urtera zabaltzen dela adierazten duena. Konpontzeko eskubidea arau berrian ere jasota dago, eta enpresek zerbitzu tekniko egokia bermatu behar dutela ezartzen du eta ordezko piezak izan behar dituztela 10 urtez gutxienez, produktua fabrikatzeari uzten zaion egunetik aurrera. Hau da, denbora horretan, kontsumitzaileek produktu bat konpontzeko piezak eduki ahal izango dituzte, eta hornidura faltagatik produktu berri bat erosteko beharrik ez izan.

Halaber, zuzentarauaren arabera, produktu batzuk fabrikatzen dituzten enpresek eskuliburuak eskaini behar dituzte, konponketak nola egin jakiteko.

Funtzionatzeari utzi dion produktu bat bota aurretik, saiatu konpontzen, zure eskubidea da. Konponketaren eta berrerabilpenaren alde egiten badugu, hondakin gutxiago sortuko dira eta ingurumen-inpaktua murriztuko da. Gainera, ezin dugu ahaztu, adibidez, hondakin elektriko eta elektronikoak izaten direla kutsatzaile handienetakoak, eta hondakin horiek suntsitzeko kontsumitzen den energiak, batzuetan, fabrikazioan kontsumitzen dena gainditzen duela.

Gaiak