Kontsumobide

Jabetu kontsumo arduratsuaz

Kontsumitzaile arduratsuek kontuan hartzen dute beren erabakiek zer inpaktu eta ondorio dituzten, ingurumenaren, animalien edo gizartearen ongizatea hobetzeko. Erosten dituzten produktuei buruzko informazioa bilatzen dute, eta eskaintzen dituzten produktuek ingurumenean eta gizartean duten eraginari buruzko jarrera argi uzten duten enpresak aukeratzen dituzte.

Kontsumitzen dugunaren arduradun garen aldetik, keinu txiki hauek egin ditzakegu egunero, epe ertainera eta luzera eragin positiboa izan dezaten planetan:

Erosi soilik beharrezkoa dena. Produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu aurretik, hausnartu eta pentsatu produktu edo zerbitzu hori benetan behar ote duzun, edo erosketa konpultsiboa den; izan ere, bulkada batek eraginda litekeena da behar ez duzun zerbait erostea, “erosteagatik erostea”, eta gero damutzea eta erositakoa itzultzea.

Kontsumitu gutxiago. Helburua da sortzen duzun hondakin kopurua murriztea eta, aldi berean, bizi-ziklo laburra edo kalitate eskasa duten produktuen erabilera murriztea.

Berrerabili. Erosi aurretik, izan kontuan etxean zer daukazun, eta, ahal baduzu, eman bigarren bizitza bat lehendik daukazunari. Horrela, produktuen bizitza erabilgarria luzatuko duzu, beste produktu batzuk erosi gabe. Dena dela zerbait erosi behar baduzu, bigarren eskuko dendak ere aukera ona izan daitezke: arropa, liburu, altzari... eta beste hainbat produktuk bigarren bizitza bat izan dezakete, eta berriro erabil daitezke. Eta erosten duzunean, erabili ontzi itzulgarriak eta poltsa berrerabilgarriak.

Konpondu. Hondatuta dagoela uste duzun edozein tresna bota aurretik, pentsatu konpondu ote dezakezun, erabiltzen jarraitu ahal izateko. Edo pentsatu beste erabilera bat eman ote diezaiokezun.

Birziklatu. Produktu batek funtzionatzen ez duenean, eta inola ere berrerabili ezin denean, birziklatu egin behar da. Horretarako, dagokion edukiontzian utzi behar da. Etxetresna elektrikoak edo tamaina handiko gailuak, hala nola altzariak, eta material kutsatzaileak, hala nola pilak, tinta-kartutxoak edo pintura, garbigunera eraman behar dira.

Eman lehentasuna edukiari. Ez erosi produktu bat daukan ontziagatik edo bilgarriagatik; garrantzitsua da edukiarengatik erostea, eta bilgarri gutxi dituzten produktuak aukeratzea.

Erosi hurbileko produktuak. Erosi hurbileko eta sasoiko produktuak, eta saihestu saltokira iristeko bide luzea egin behar dutenak. Izan kontuan ohikoa ez den itxura duten frutak eta barazkiak jateko egoera onean daudela, baina, estetikagatik bakarrik, zaborretara bota ditzaketela.

Joan-etorriak. Ahal duzun guztietan, egin joan-etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan. Ibilgailu motordunek, diesela edo gasolina erabiltzen dutela ere, oso kutsagarriak diren berotegi-efektuko gasak sortzen dituzte.

Errespetuzko produkzio-prozesua. Izan kontuan zer lehengai eta manufaktura-prozesu erabiltzen diren produktuak egiteko, baita horrek dakarren aztarna ekologikoa ere.

Gizarte-inpaktu positiboa. Izan kontuan enpresak giza eskubideak errespetatzen ote dituen; hau da, produkzio-prozesuan parte hartzen duten langileek lan-baldintza onak ote dituzten.

Gizarte-erantzukizuna. Izan kontuan enpresak jarrera proaktiboa ote duen garapen jasangarrian. Eman lehentasuna ingurumenaren eta gizarte-aurrerapenaren aldeko jardunbideetan inbertitzen duten enpresei.