Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

Produktu original baten eta kopia baten arteko marra estua: faltsifikazio bat atzemango zenuke?

Webguneak, aplikazio mugikorrak, sare sozialak..., produktu faltsifikatuak saltzeko posibilitateak biderkatu egin dira, eta kontsumitzailearen babesgabetasuna ere bai horrekin batera. Online plataforma horietan aurkitu ditzakegun artikuluen artean arropa, oinetakoak eta botikak ditugu, baita ekipamendu medikoa ere. Faltsifikazioak erostean kalitate urriagoko produktuak erosten ari zara, zure osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak.

Erosketa kontzienteki egiten da batzuetan, erosten ari zarena produktu originalaren legez kanpoko kopia dela dakizunean. Jakinda egiten baduzu, delitu batean laguntzen ari zara eta gainera kontsumitzaile gisa dituzun eskubide eta betebeharrak alde batera uzten dituzu.

Beste zenbaitetan, aldiz, ziria sartzen dizute, konturatu ere egin gabe. Zapatila batzuk edo markako zorro bat kopia bat dela detektatzea erraza izan liteke xehetasun txikietan arreta jartzen baduzu:

  • Ez fidatu prezio oso merkeez. Prezioa beste dendetan duena baino dezente merkeagoa bada, ez fidatu eta errepasatu honako puntu hauek:
  • Identifikatu saltzailea: Egiaztatu online dendaren izena, baita dendaren harremanetarako datuak ere (telefono-zenbakia, posta-helbidea eta helbide elektronikoa). Kontuan izan URL helbidea “.es”, “.uk”, “.de”, “.fr” edo Europako herrialde batena den beste edozein luzapenekin bukatzen bada, horrek ez duela derrigorrez esan nahi enpresa EBn kokatuta dagoenik.
  • Bilatu konfiantza-zigilua: Dendak konfiantza-zigilu bat badu, ikertu zigilua ematen duen enpresaren webgunean online dendak benetan daukala zigilu hori.

Online denda bati erakunde pribatu batek ematen dion bereizgarri ofizial bat da konfiantza-zigilua. Erosketa segurua bermatzen du bereizgarri horrek eta webguneak segurtasun-eskakizun jakin batzuk betetzen dituela esan nahi du.

  • Ebaluatu irudiak: Erreparatu iezaiezu produktuaren argazkiei; kalitate txarrekoak badira, birdimentsionatuak badaude edo atzealdea distortsionatuta badute, litekeena da produktu faltsuak izatea.

Zalantzarik izanez gero, irudi gehiago eskatu enpresa saltzaileari.

  • Kontsultatu aipamenak. Bilatu Interneten beste erabiltzaile batzuk dendari buruz idatzi dituzten aipamenak eta iritziak. Ez fidatu balorazioak positiboegiak direnean, antzeko idazkera dutenean edo pertsona bakar batek zenbait webgunetan idatziak badira, enpresa saltzaile berak idatzitakoak izan baitaitezke.
  • Aztertu legezko testuak. Kontsultatu webguneko legezko testuak eta egiaztatu modu koherentean idatzita daudela. Online dendek nahitaez eduki behar dute termino eta baldintzei buruzko informazio argia, lege-abisua, lege-politika eta cookieei buruzko politika.
  • Aztertu webgunea. Sartu zaitez markaren webgune ofizialean baimendutako saltzaileak zein diren jakiteko. Webgunea baimenduta ote dagoen egiaztatu ahalko duzu eta, horrenbestez, produktu originalak saltzen ote dituen.

Baina modurik onena produktu hori zure hiriko edo auzoko dendetan bilatzea da, kasu horretan konfiantza izango baita irabazle.