[eu] Euskadi

Urtarrileko aldapa eta gero otsaila gainditzeko 5 aukera

Gabonak izan dira eta egun horiek gastu gehigarriak ekarri dituzte: opariak, enpresa-bazkariak, lagunarteko afariak, gutiziak... Orain urtarrila agortzear dago eta otsaila datorkizu, eta bankuko kontuko mugimenduei erreparatuta konturatu zara aurreikusitakoa baino gehiago gastatu duzula. Baliteke Gabonek eta ezohiko gastuek desoreka eragin izana zure ekonomian eta aurrezkien zati batean.

Hori gutxi balitz, urte aldaketarekin batzuetan igo egiten dira hornidura edo zergen prezioak, hala nola elektrizitatea, gasolina edo gasa, etxeko gastu osoa nabarmen handitzen baitute.

Aurreko hileetako gehiegizko gastu kontsumistei aurre egiteko, lagungarri izan dakizkizukeen aukera batzuk azalduko dizkizugu artikulu honetan. Urtarrileko aldapa eta gero otsaila dator, eta hori gainditzea ez da hain zaila izango honako aholku hauek jarraitzen badituzu:

  • Plangintza egin Egin ezazu zure diru-sarreren araberako aurrekontu bat, erosteko eta aurrezteko duzun ahalmena zehazteko. Horrez gain, kalkulatu gastu arruntak eta sailkatu horiek duten garrantziaren arabera; utzi garrantzi gutxien dutenak diru pixka bat aurrezten duzunerako. Gogoratu diru-kopuru jakin bat gorde behar duzula ezustekoetarako (matxurak, isunak, konponketak...).
  • Kontuz merkealdiarekin Neguko merkealdiak tentagarriak izan daitezkeen deskontuak dakartza. Baina ez erosi momentuko nahiak bultzatuta, gastatu kontzientziaz. Konparatu prezioak eta promozioak, eta soilik erosi benetan behar duzuna.
  • Murriztu inurri gastuak Lehentasunak ezartzerakoan, uste baino inurri gastu gehiago egiten dituzula konturatuko zara. Gastu horiek txikiak dira, oharkabean egiten dituzunak, baina egin gabe ere utzi ditzakezunak. Inurri gastutzat hartzen dira honako hauek: kafeak, banku-komisioak, txikleak, streaming plataformetako harpidetzak, litxarreriak, etab. Kontsumo txikiak izan arren, denak batzean ateratzen den diru-kopuru handia izan daiteke. Horregatik, funtsezkoa da gastu horiek murriztea eta ahal den neurrian saihestea.
  • Egin kontsumo arduratsua Aurreko puntuan ez bezala, gastu finko batzuk beharrezkoak dira, hala nola argia, ura, elektrizitatea edo berokuntza. Gastu horiek ezin dituzu saihestu, baina kontrola ditzakezu. Adibidez, deskonektatu gailu elektrikoak erabiltzen ez dituzunean, erabili kontsumo txikiko bonbillak, erabili termostato programagarriak berogailua zure ordutegietara egokitzeko eta itzali geletako argiak irtetean.
  • Egin menuen plangintza Beharrezkoa dena bakarrik erosteko, garrantzitsua da asteko menua planifikatzea. Menu hori kontuan hartuta, egin erosketa-zerrenda bat eta bete zorrotz. Bilatu sasoiko eta hurbileko produktuak, freskoagoak eta merkeagoak dira. Era berean, ez erosi gose zarenean, momentuan nahi duzulako eta desiratzen duzulako bakarrik eros baitezakezu. Gogoratu zure oihalezko poltsa edo erosketa-orga eramatea, plastikozko poltsetan gastatu beharrik ez izateko.
  • Itzulketen politika ezagutu Produktu bat erosi aurretik, informa zaitez zein den komertzioak duen aldaketa- eta itzulketa-politika. Kontuan izan establezimenduak ez daudela behartuta aldaketak edo itzulketak onartzera baldin eta erosi dituzun botek edo alkandorak ez bazaituzte konbentzitzen. Hori bai, saltzaileak aldaketa edo itzulketa onartzeko betebeharra du produktua akastuna denean edo horretarako konpromisoa hartu dutenean. Online erosketa bada, 14 egun natural dituzu erosi duzuna itzuli ahal izateko, azalpenik eman beharrik gabe.
SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS