Kontsumobide

WiFi publikoa: konektatzen zarenean dituzun arriskuak

Wifi-publikoa

Ia edonon aurkitu ditzakezu: aireportuan, hotel batean, merkataritza-gune batean, tabernan... Irekiak dauden eta pasahitzen premiarik gabe Internetera konektatzea ahalbidetzen duten sareak dira WiFi sare publikoak. Batzuetan plataforma jakin batean sartzea eskatuko dizute edo, beharbada, pasahitz bat sartzea, baina publiko izaera hori (eta ez segurua, ondoren azalduko dizugunez) zu konektatzen zaren aldi berean beste pertsona askok ere sare horretara konektatzeko posibilitatea izateari zor zaio, inolako segurtasun-neurririk gabe.

Sarbide erraza, eta trabarik eta zailtasunik gabeak izateko diseinatuta daude sare horiek. Sarbide erraz hori, haatik, babes-neurri jakin batzuei uko egitearen bidez lortzen da: transmititzeko bideratzen duten informazioa zifratzen ez duten sareak dira, WPA edo WPA2 (WiFi Protected Access edoWiFi Sarbide Babestua) sistemak erabiltzen ez dutenak edo edozein motatako webguneetara murrizketarik gabe sartzea ahalbidetzen dutenak.

Erabiltzen dituzunean zure nortasun digitala agerian uzten duzu eta zure pribatutasuna arriskuan jartzen duzu balizko ziberrerasoen aurrean. Ez ahaztu erraz hackeatzeko modukoak direla. Horrek esan nahi du online bankan edo zure pasahitza sartu beharreko edozein aplikaziotan sartzen bazara, agerian geratu daitekela pasahitz hori. Zure datuak eskuratzeko, zure gailua konfiguratzen dute ziberdelitugileek zer webgune edo aplikaziotan sartzen zaren ikusteko eta sartzen dituzun datuetarako sarbidea izateko. Erasoak ez dira beti informazio pertsonala lapurtzeko, malware edo software gaizto bat ere txertatu dezakete ekipamenduari kalte eragiteko.

Hortaz, konektatu baino lehen, pentsatu ezazu bi aldiz. Eta egiten baduzu, kontuan hartu honako puntu hauek:

  • Ziurtatu erabiltzen ari zaren sarea zu zauden toki horretakoa dela benetan, eta ez sare faltsu bat, zure komunikazioetan sartu eta zure datuak lapurtzeko sortutakoa. Galdetu zein den sarearen izen zehatza, zenbaitetan izen bereko sare faltsuak sortzen baitituzte pertsona fidakorrenek amuari heldu diezaioten.
  • Hobe da WPA edo WPA2 segurtasuna duen sare batean sartzea, seguruagoak dira.
  • Ez egin banku-eragiketarik, ezta online erosketarik edo ezein motatako transakziorik ere, eta ez kontsultatu datu garrantzitsurik (txosten mediko bat, esaterako).
  • Ez erabili informazio pertsonala duen aplikaziorik. Nabigatzaile baten bidez sartzea komeni da (Facebookeko webgunea app-aren ordez, esaterako).
  • Eduki zure softwarea beti eguneratuta eta antibirus batekin. Posible bada, su-ebaki bat instalatuta edukitzea komeni da, beste pertsona batzuei ekipamenduan sartzeko konexioak saihesteko.
  • Kontuz ibili datuak zifratu gabe dauzkaten webguneetatik nabigatzen duzunean (URL helbidea ez bada https:// protokoloarekin hasten)
  • Desaktibatu sinkronizazioa. Zure gailuak bigarren planoko eragiketak zuri baimenik eskatu gabe egiten baditu (egutegi-sinkronizazioa, deskargak eta segurtasun-kopia automatikoak), eragiketa horiek desgaitzea komeni da. Gailuaren ezarpen orokorretan sartuz egin dezakezu.
  • Tresna horiek erabili ostean, itxi saioa zure konexioaren arrastorik geratu ez dadin.

Desaktibatu WiFia erabiltzen ari ez zarenean.