[eu] Euskadi

Akademiak eta prestakuntza-zentroak: nola aukeratu?

Informaziorik eza, kontratua ez betetzea, praktika osatugabeak... Aldez aurreko informazioa da ondo aukeratzeko eta iruzurrak saihesteko gakoa

Uda ostean, asmo onen sasoia hasten da, eta gero eta pertsona gehiagok erabakitzen dute hizkuntza bat ikastea edo hobetzea, oposizio bat prestatzea, ikasketak zabaltzea edo curriculumaren ahulguneren bat indartzea. Ez da erraza akademia edo zentro bat aukeratzea zure prestakuntza hobetzeko. Aukera asko daude: irakaskuntza arautua eta arautu gabeko ikastetxeak, online eskolak, aurrez aurrekoak edo mistoak, praktikekin edo praktikarik gabekoak, lan-poltsa batean sartzeko aukerarekin...

Kontsumobidek kontratua ez betetzeari buruzko erreklamazio ugari jaso izan ditu. Batzuetan, telefonoz egindako kontratuak izaten dira, edo ez dira baldintza espezifikoak zehazten, ez lortzen den titulazioa, ez eta ikastaroa amaitutakoan egin beharreko praktiken baldintzak ere. Hitzartutakora mugatzen ez diren metodologiak, praktika osatugabeak edo beste erkidego batzuetan egin behar direnak (aldez aurretik horren berri eman gabe), edo, oposizioak prestatzeko akademien kasuan, adostutako bibliografia espezifikoarekin bat ez datozen gai-zerrendak ere izan daitezke. 

Nahigabeak saihesteko, garrantzitsua da prestakuntza-zentroa edo akademia aukeratzerakoan zeri erreparatu behar diozun jakitea. Ahoz ahoko informazioa edo Interneteko aipamenak oso lagungarriak izan daitezke, baina oinarrizkoak diren eta lagungarri izan daitezkeen hainbat gai ere badaude.

Aukeratzen jakiteko eta iruzurra saihesteko aholkuak

Informazioa da nahigabeak saihesteko gakoa. Lehenik eta behin, galdetu ikastaroa amaitzean lortuko duzun titulua edo ziurtagiria ofiziala izango den ala ez. Ikusi duzun informazio guztia gorde, loteslea delako: ikastetxeek webgunean, liburuxketan edo publizitate-karteletan esaten dutena bete behar dute. Lan-poltsak baldin badaude, sartzeko baldintzak zehaztu behar dituzte, eta erakunde edo enpresekin hitzarmenak sinatuta dituzten adierazi. Begiratu irakasleek duten kualifikazioa ere.

Erabakia hartzen duzunean, kontuan izan kontratua euskarri iraunkor batean eman behar dizutela beti, eta ez dela inoiz telefonoz egin behar, klausula guztiak irakurtzeko aukerarik gabe. Irakurri ondo sinatu aurretik: parte-hartzaileei buruzko datuak, ikastaroaren izena, iraupena, prezioa eta ordaintzeko modua jaso behar ditu. Ikastetxe batzuek irakaskuntzako materiala eskaintzen dute, galdetu zein den bere prezioa ere. Informatu zaitez kontzeptu desberdinei buruz, hala nola, hasierako matrikula edo hileko kuota bakoitzaren zenbatekoari buruz. Arreta berezia jarri enpresak ezarritako baldintzei, abusuzko klausularen bat badago ere, eta erreparatu baja emateko baldintzei: nahiz eta hilabeteka ordaindu, kontratuak ikasturte osoa betetzera eta ordaintzera behartu zaitzake. Izen-ematea Internet bidez egiten baduzu, 14 egun dituzu atzera egiteko, arrazoia justifikatu beharrik gabe. Gogoratu, baita ere, ordainketa bakoitzeko faktura edo ordainagiria eman behar dizutela.

Ikastaroaren ordainketa kreditu batekin finantzatzen baduzu, akademiak ezin dizu ezarri finantza-erakunde jakin batekin edo akademiaren beraren bidez egin behar izatea. Irakurri ondo kreditu-kontratua eta baliogabetzeko baldintzak. Kontuan izan behar duzu, ordea, lotutako kreditua bada, balizko arazoen aurrean kontsumorako kreditua denean baino babes handiagoa izango duzula. Lotutako kreditua, normalean akademiak berak eskaintzen dizuna da, eta ikastaroa ordaintzeko baino ez du balio; kontsumorako kreditua, berriz, nahi duzuna ordaintzeko erabil dezakezun kreditua da.

Edozein arazo izanez gero, lehenengo urratsa akademian bertan erreklamatzea da, eta gehienez ere hilabeteko epean erantzun beharko dizute. Zentroarekin akordio batera iristea lortzen ez baduzu, erreklamatu Kontsumobiden, edozein KIUBetan edo kontsumitzaileen eskubideen defentsarako elkarteren batean.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS