Egin aurre Black Friday egunari
Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen ekimenaren ezaugarri nagusia deskontu handiak sustatzea da, gure poltsikoak husteko helburu bakarrarekin
Egun hori Gabonetako kanpainaren atarikoa da egutegian, eta urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari da. Baina kontuz ibili behar da, produktuen kalitatearekin eta benetako prezioekin lotutako iruzurrak ere areagotzen ari baitira. Black Friday marketin hutsa da: erosketa konpultsibo eta hausnartugabera bultzatzen dute epe mugatuko eskaintzek.
Mundu jasangarrirantz: Green Friday
Black Fridayko erosketa masiboek eragin handia dute gure ingurunean. Green Friday 2015ean sortu zen, ostiral beltzaren alternatiba jasangarri gisa, neurrigabeko kontsumoaren aurka borrokatzeko. Mugimendu hori Europako Batzordeak abiarazi zuen, hainbat erakunde ekologistekin batera, eta modu arduratsuan eta jasangarrian kontsumi dezaten kontzientziatu nahi ditu pertsonak. Oraindik baduzu denbora egun horri buruz gogoeta egiteko. Garai horretan kontsumoari muga jarri behar zaio, eta zerbait erosten baduzu, benetan behar duzulako izan dadila. Pentsatu, halaber, erosi duzun horri zer erabilera emango diozun etorkizunean eta etxean antzeko zerbait ba ote duzun. Azkenean egun horretan (edo kanpainak irauten duen egunetan) erostea erabakitzen baduzu, jarraitu gure aholku hauei:
- Ez erosi itzultzeko. Horrek esan nahi du CO2 emisio gehiago egingo direla garraioaren ondorioz, eta hondakin gehiago sortuko direla bilgarriengatik.
- Jarri aurrekontua eta egin zerrenda erosi nahi duzunarekin. Horrela ez da zure ekonomia desorekatuko.
- Konparatu prezioak. Denbora daukazu, begiratu interesatzen zaizun produktuaren prezioak zer bilakaera duen Black Friday heldu arte. Horrela ikusiko duzu egiaz deskonturik ba ote duen.
- Tokian erostea. Zure auzoko dendek gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dizkizute, kate handietan aurkituko ez duzuna.
- Ezagutu zure eskubideak. Prezioa jaisteak ez du esan nahi zure eskubideak urrituko direnik.
- Irakurri produktuari eta itzulketa-politikari buruzko informazio guztia.
- Internet bidez erosi behar baduzu, egin ezazu webgune seguruetan