Eskola-itzuleran aurreztu? Erosketa arduratsurako aholkuak

Eskola-itzulerak gastu handia da familientzat. Testuliburuak, eskola-materiala, arropa, oinetakoak... zenbatzen hasten zara eta diru-zorroa husten doa pausoka. Eskola-hasiera erronka handia da, eta hilaren amaierara iristea diruarekin poltsikoan lorpen handia.
Bigarren eskuko testuliburuak familia askorentzat irtenbide ederra izan daiteke. Wallapop bigarren eskuko artikuluen salerosketarako plataformak ziurtatu duenez, mota horretako liburuen salmentak % 399 egin du gora. Gehien eskatzen direnak liburuak badira ere, familiek eskola-materiala edo gailu elektronikoak ere bilatzen dituzte.
Poltsikorako eta ingurumenerako aurreztea
Gero eta pertsona gehiagok erosten dute eskola-materiala truke edo bigarren eskuko plataformetan, bai prezioagatik (batez ere zailtasun ekonomikoak badaude), bai iraunkortasunagatik. Izan ere, gero eta kontzientziazio handiagoa dago ingurumena zaintzeari dagokionez. Dena da abantaila. Wallapopen arabera, 2022ko txosten batean, berrerabilitako liburuak erosita ia 1.400 tona CO2 aurreztu dira, hegazkinez lurreko globoari 153 bira ematearen baliokidea, eta 49 milioi litro ur, Gaztela eta Leonen 13 egunez edaten dena.
Berrerabiltzea ezinbestekoa da kontsumo arduratsu eta jasangarria egiteko, eta, gainera, eurotxo batzuk aurrezten lagunduko dizu, beste gastu batzuetan inbertitzeko edo itsulapiko batean sartzeko. Gainera, aholku hauek jarraitzen badituzu, beharrezkoak ez diren gastuak saihestu, zure eskubideak defendatu eta iraunkortasunari lagunduko diozu:
- Errepasatu etxean duzun materiala eta egiaztatu aurreko ikasturteko zer berrerabil ditzakezun.
- Aurrekontu bat egin, eta beharrezkoak dituzun artikuluak zerrendatu.
- Alderatu eskaintzak preziorik onena lortzeko eta gogoratu publizitatea loteslea dela.
- Segurtasuna lehenetsi. Kontuan izan artikuluek CE marka dutela, Europar Batasunak eskatzen dituen fabrikazio- eta segurtasun-baldintzak betetzen direla bermatzen duena.
- Ingurumen-ziurtagiria duten materialak aukeratu eta material birziklatuarekin edo material biodegradagarriarekin egindakoak erosi.
- Begiratu etiketak. Arropek, oinetakoek eta osagarriek etiketa bat izan behar dute, konposizioari eta enpresa fabrikatzailearen datuei buruzko informazioarekin.
- Eskatu beti tiketa. Beharrezkoa da erreklamatu behar izanez gero.
- Gogoratu artikulu berriek hiru urteko bermea dutela.
- Internet bidez erosten baduzu, 14 egun dituzu produktua itzultzeko, zure erabakia justifikatu gabe.
Eta, batez ere, zure seme-alabei kontsumo arduratsurako gakoak irakatsi.