Haurrentzako mozorroak: ez ezazu bihurtu inauteri-jaia tragikomedia

Haurrentzat oso erakargarria da (hezitzailea izateaz gain) pertsonaiak imitatzen eta pertsonaia bihurtzen jolastea. Inauteria bezalako jai batean bada, are handiagoa da dibertsioa.
Barreak eta umore ona dira garrantzitsuena, baina, beti bezala, plana zapuztu diezazukete xehetasun txikiek. Mozorroak eta osagarriak erostean (edo birziklatzean edo zerorrek egitean, hobea baita hori) ez ahaztu xehetasun txikiak xehetasun handiak direla batzuetan.
Ez baduzu nahi alabak aurpegia gorriunez beteta bukatzea maskararengatik; izan ere, auskalo zerekin egina den, edo ez baduzu nahi semeak erredurak izatea mozorroak suarekiko erresistentzia txikia izateagatik, honako hauek jakin behar dituzu:
- Mozorro guztiek etiketatuta egon behar dute eta erabiltzeko jarraibideak izan behar dituzte.
- Haurrentzako mozorroak 12 hilabetetik gorakoentzat eta 14 urtetik beherakoentzat dira, eta araudiak jostailutzat hartzen ditu. Beraz, segurtasun-baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte eta CE marka erakutsi. Hemen ikus dezakezu Txinako CE markatik nola bereizi.
- Mozorro guztiak ez dira adin guztietarako. Begiratu zein adinerako den eta eros ezazu haurraren adinerako egokia dena.
- Nola erabiltzen da? Irakur itzazu ondo ohartarazpen espezifikoak, batez ere 36 hilabetetik beherakoekin produktua nola erabili adierazten dutenak.
- Etsai handia eta benetako arriskua da sua. Inork ez du larrialdietan bukatu nahi erredurengatik; horrelako egoerak saihestu daitezke suarekiko erresistenteak diren edo sukoiak ez diren mozorroak erosita. Badaezpada ere, hobe berogailuetatik, bengaletatik edo zigarroetatik urruntzea.
- Ez dute mutur edo ertz zorrotzik izan behar, ez eta aska litekeen pieza txikirik ere, horiek irentsi eta eztarrian trabatuta gera baitaitezke.
- Kontuz lokarriekin, sokekin edo zintekin. Bereziki txanoen lokarriekin edo lepoaren inguruan doazenekin. Hobe horrelakorik ez izatea, itotzeko arriskua eragiten baitute, edo, oso luzeak badira, gutxien uste duzun lekuetan harrapatuta gera daitezke, eskailera mekanikoetan edo zabuetan, esate baterako.
- Maskarak eta karetak. Arnasa normaltasunez hartzeko adina zulo izan behar dituzte. Erreparatu ondo materialari, egiaztatu osagaiak eta berrikusi etiketa. Kontaktu handia izango du azalarekin, beraz, zenbat eta azal gutxiago estali, orduan eta hobeto.
Azkenik, oso ondo dago aurrekontu bat jartzea inauterietako erosketak egiteko orduan, baina erne oso merkeak diren mozorroekin, kalitate eta segurtasun txikikoak izan baitaitezke. Merkea dena, oso garesti atera daiteke batzuetan. Aurrekontu txikia baduzu, balia ezazu arropa erabilia edo etxean dituzun osagarriak zeure mozorroa egiteko. Horrela, berrerabilera sustatuko duzu, eta egiteko orduan primeran pasako duzu, hori seguru.