Janari-alergiak ditut. Etxetik kanpo jan dezaket?

Alergiaren bat baduzu, odisea bihur daiteke etxetik kanpo jatera joatea. Ez da erraza zure osasuna arriskuan jarriko ez duen jatetxe bat aurkitzea, baina hori ez dadila oztopo izan menu on batez gozatzeko.
Jatetxeek alergenoen berri eman behar dute beren menuan, eta gehienek bete egiten dute.
Hala ere, hobe duzu bazkaldu baino lehen edo erreserba egiteko unean alergiaren bat baduzu abisatzea. Kontuan izan honako gomendio hauek:
- Eman iezaiozu begiratu bat kartari zer eskaintzen duten eta zein arrisku izan ditzakeen jakiteko. Beren produktuetan dauden alergenoei buruzko informazioa emateko betebeharra
- Jarri harremanetan establezimenduarekin zure beharrak azaltzeko eta kutsadura gurutzatua izateko arriskurik ba ote dagoen jakiteko.
- Saihestu itzazu puntako orduak. Txorakeria dirudi, baina mugimendu handieneko uneetan agian ezin izango dizute janari segurua bermatu.
- Galdetu eta galdetu. Argitu itzazu dituzun zalantza guztiak, jan behar duzun hori arriskutik kanpo dagoela ziur egon arte. Ez lotsatu, eta ez pentsatu astuna izaten ari zarela.
- Aukeratu plater errazak eta dauzkaten osagai guztiak ongi zehaztuta dituztenak. Erraz prestatzekoak direnek, saltsarik gabe, adibidez, erreakzio alergikoa izateko arrisku txikiagoa dute.
- Saihestu elikagai frijituak. Baliteke olio bera erabiltzea elikagai desberdinak frijitzeko. Olio desberdinak erabiltzen dituztela ziurtatzen ez badizute, ez arriskatu.
- Saihestu postreak, saltsak edo plater konbinatuak ere. Kutsadura gurutzatua izateko arrisku handiagoa dute horiek.
- Bufet libreek arrisku handiagoa dakarte.
Prestakuntza: arriskuak prebenitzeko gakoa
Jatetxeetan kutsadura gurutzatua izateko arrisku handia dago (hori gertatzen da elikagaiak alergia diezun beste batzuekin kontaktuan jartzen direnean) kontuz ibiltzen ez badira, horregatik, garrantzitsua da gainazal, tresna eta olio berberak ez erabiltzea janari desberdinak manipulatzeko eta prestatzeko.
Kutsatzeko arriskua gutxitu egiten da leku horretan ondo prestatutako langileak badaude, elikagaiak nola manipulatu eta nola prestatu badakitenak, inolako tarterik utzi gabe alergiaren bat duten pertsonek hainbesteko beldurra dieten “despisteei”. Kateak hasieratik funtzionatu behar du ondo: jatetxeak lehengaiak jasotzen dituenetik menuak zerbitzatu arte. Elikagaiek etiketatuta iritsi behar dute haiei buruz informazio guztia izateko, eta, hala, saihestuko da, adibidez, haragi xehatu batek glutena izatea eta jatetxean hanburgesa bat egiteko garaian datu hori ez jakitea.
Teoria oso ondo dago, baina aitortu behar da ez dela erraza hori guztia beteko dela ziurtatzea. Bazkaltzera edo afaltzera kanpora joan nahi baduzu eta alergiaren bat baduzu, komeni da elikagaietan segurtasuna bermatzen duten jatetxeak aukeratzea. Gogoratu, abisatu eta hartu zure neurriak.