Nola harrapatu QR faltsu bat?
Hasieratik hasiko gara, eta QR kode bat (Quick Response ingelesez, hau da, erantzun bizkorra) zer den edo zertarako balio duen ez badakizu ere, ziur behin baino gehiagotan ikusi duzula: barren eta koadro zuri-beltzen konbinazio bat da, irakurgailu optiko baten bidez irakurria izateko balio duena. Kode horrek informazioa gordetzen du, mugikorrarekin edo tabletarekin eskaneatzen duzunean eskuratuko duzun informazioa, hain zuzen ere.
Jatetxe-kartak, plano turistikoak, kontzertuetarako sarbideak, museoak, hegazkin-txartelak, aldizkariak… Modu sinplean zerbitzu asko eskuratzeko erabiltzen dira QR kodeak, eta batez ere Covidak eragindako pandemian ustezko kutsadurak saihesteko paperaren erabilera murriztearekin batera zabaldu zen kode horien erabilera, horrelako sistema digitalen erabilera haztearekin batera.
Telefono mugikor edo tablet baten edozein kamerak eskaneatu dezake kodea webgune batean zuzenean sartzeko edo aplikazio bat deskargatzeko. Bizimodua zertxobait erraztu digute QR kodeek; haiei esker, ez dugu webgune baten URLa tekleatu beharrik bertan sartzeko. Baina ziberdelinkuentziak ez du atsedenik hartzen eta pertsonen datuak iruzurrez eskuratzeko modua aurkitu dute prozedura honen bidez.
Nola engainatzen zaituzte?
Kodea eskaneatzen duzunean, benetakoa dirudien webgune batera eramango zaitu kodeak. Gertatu liteke bertan sartzean zure mugikorra infektatua geratzea eta zuk bertan duzun informazio guztia (pasahitzak, argazkiak, bideoak edo dokumentuak) galtzea edo zuri datu pertsonalak (banku-datuak ere izan daitezke) eskatzea, eta iruzurrezko eragiketak egiteko erabiliko da ondoren informazio hori.
Nola saihestu inork zu engainatzea?
- Erreparatu iezaiozu QR kodeak eramaten zaituen webgune-helbideari, benetan url horretan sartu nahi duzula eta segurua dela ziurtatzeko: https:// sekuentziarekin hasten dela eta itxitako giltzarrapo bat edota giltza bat duela.
- Ez fidatu datu pertsonalak edo banku-datuak sartzea eskatzen dizuten webguneekin.
- Kontuz aplikazioak instalatzeko asmoz QR kodearen bidez sartzen zaren estekekin. Iturri fidagarrietako app-ak instalatu soilik.