Non geratzen da zure pribatutasuna Interneten?

Mundu hiperkonektatu batean, ezin gehiegi babestu. Urtarrilaren 28an Datu Babesaren Europako Eguna ospatuko da eta, beraz, gure eskubideen berri izatearen eta gure informazio pertsonala babestearen garrantzia gogorarazteko aprobetxatu nahi dugu aukera.
Izan ere, gure pribatutasuna urra dezaketen arrisku gero eta handiagoak daude datu pertsonalen inguruan. Gure informazio pertsonalaren pribatutasuna babestuta edukitzeko eskubidea daukagu, ziberdelitugileek eskuratu ez dezaten eta iruzur egiteko erabil ez dezaten.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoak babestu egiten gaitu eta aukera ematen digu hainbat eskubide doan egikaritzeko: datuak ikusteko eskubidea, zuzentzekoa, aurka egitekoa, ezabatzekoa («ahaztua izateko eskubidea» delakoa, datu pertsonalak erregistro jakin batzuetako baseetatik desager daitezela eskatzea ahalbidetzen duena) eta informaziorako eta datuen eramangarritasunerako eskubidea, zeinak datuak berreskuratzeko eskatzea eta beste entitate bati bidaltzea ahalbidetuko dizun (adibidez, telefono-konpainia aldatzen duzunean).
Babes hori eskura daukazun arren, jakin behar duzu Interneten informazioa argitaratzen duzunean guztiaren kontrola galtzen duzula. Garrantzitsua da zure nortasun digitala zaintzea eta, horretarako, jarraitu gure aholkuei:
- Informazio pertsonala. Eman ezazu zerbitzu bat eskuratzeko ezinbestekoa dena bakarrik.
- Gizarte-sareetako argitalpenak. Zaindu arretaz plataforma horietara igotzen duzuna eta zure lagunek edo ahaideek zuri buruz igotzen dutena. Egiaztatu profilak pribatuak direla eta ikustea nahi duzun pertsonek bakarrik ikusten dituztela argitalpenak.
- Pasahitzak. Alda itzazu noizean behin eta indartu ahalik eta gehien. Ez erabili beti pasahitz berbera atzitzen dituzun zerbitzu edo aplikazio guztietarako. Sortu oso errazak ez diren baina gero gogoratu ahalko dituzun konbinazioak. Pasahitz-kudeatzaile bat oso erabilgarria izan daiteke horretarako: bertan, Interneten erabiltzen dituzun gako guztiak gordetzen dira.
- Wifi publikoa. Ez erabili zerbitzu hori ez informazio pertsonala partekatzeko ez banka elektronikoan edo antzeko aplikazioetan sartzeko. Sare publikoak erabiltzen badituzu, datu pertsonalak lapurtzeko arrisku handiagoan zaude.
- Segurtasun-kopiak. Birusik edo ransomware erasorik egonez gero zure edukia eta informazioa galdu nahi ez badituzu eta zibererasoen ondorioz zure datuak jendaurrean jartzea eta zilegi ez den moduan erabiltzea saihestu nahi baduzu, egin aldizka guztiaren kopia bat.
- Estekak. Phishinga, smishinga eta maulak erabat ohikoak dira. Beraz, kontuz ibili esteka bat atzitzeko eta zure datu pertsonalak eguneratzeko eskatzen dizuten mezu elektroniko edo SMSekin (adibidez, hori egin ezean zure konturako sarbidea galduko duzula esan ohi dute). Ez sartu inolako estekatan aurretiaz segurua dela egiaztatu gabe.