Opor hauetan, ez diezazkizutela hegoak moztu
Uda hurbiltzen ari da eta berarekin batera, hainbeste itxaroten ari garen atseden egunak.

Uda hurbiltzen ari da eta berarekin batera, hainbeste itxaroten ari garen atseden egunak. Oporrak dagoeneko planifikatuta ez badituzu, ziur horietan pentsatzen ari zarela. Zure burua imajinatzen duzu hondartzako etzaleku batean edo mendian haize freskoa arnasten, eta horrek badirudi indarra ematen dizula azken asteei eusteko.
Oporrak hartzeko milaka aukera daude. Ez da oso urrutira joan behar pilak kargatzeko, eskolako eta/edo laneko betebeharrek ezarritako errutinatik pixka bat ateratzeko eta deskonektatzeko moduko jarduerak egiteko. Eta milaka aukera daudenez, gaur hegazkin bidaiei buruz hitz egingo dugu. Europar Batasuneko herrialderen batera, Islandiara, Norvegiara edo Suitzara hegazkin bat hartzea pentsatzen ari bazara, eta planak ez badira espero bezala ateratzen, dituzun eskubideak ezagutu behar dituzu. Atzerapenak, ezeztapenak edo ontziratze-ukapenak gertatzen badira (overbooking), eskubide hauek babestu egingo zaituzte:
- Informazioa jasotzeko eskubidea. Airelineak ontziratzea ukatzen badizu, arrazoia (overbookinga, ezeztapena, atzerapena) jakinarazi behar dizu eta zure eskubideen berri eman. Baina ez kezkatu hemen ere azalduko dizkizugu eta, gauzak garbi izan ditzazun.
- Laguntza jasotzeko eskubidea. Konpainiak doan eskaini behar dizkizu behar adina janari eta edari, baita hotel batean ostatua eta hotelaren eta aireportuaren arteko garraioa ere. Azken hori gertatuko da baldin eta aurreikusitako irteera-ordua, gutxienez, bertan behera utzitako hegaldiarentzat programatutako irteera baino hurrengo egunerako programatzen bada. Bi telefono-dei egiteko edo bi mezu elektroniko bidaltzeko eskubidea ere izango duzu. Hori guztia hegaldiaren distantziaren eta atzerapenak irauten duen denboraren araberakoa izango da.
Atzerapena bost ordukoa edo gehiagokoa bada, txartelaren zenbatekoa itzultzeko eska dezakezu. Itzulketa horrekin uko egiten diozu ordezko bitartekoak edo edozein laguntza-mota jasotzeari.
Overbooking edo ezeztatze kasuetan, zure helmugara doan beste garraiobide bat edo txartelaren zenbatekoa itzultzea aukera dezakezu. Azken kasu horretan, abiapuntura eraman zaitzatela erreklama dezakezu. - Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea. Egoeraren araberakoa izango da:
- Gainsalmenta, bertan behera uztea edo hiru ordutik gorako atzerapena. 250 eta 600 euro arteko konpentsazioa jasotzeko eskubidea izan dezakezu, ibilbidearen distantziaren arabera. Kopuru hori erdia izan daiteke antzeko ordutegian beste hegaldi bat eskaintzen badizute.
- Ez duzu konpentsazioa jasotzeko eskubiderik, hegaldia bertan behera geratzen bada aparteko gertaerengatik. Eguraldi txarragatik, adibidez. Bi aste lehenago abisatu badizute edo antzeko beste hegaldi bat eskaintzen badizute ere, ez duzu izango. Hemen ez dago zer eginik; dirua itzultzea, beste garraio bat edo bidaia beste data batera aldatzeko aukera eska dezakezu bakarrik.
Beti aholkatzen dizugu zure eskubideei buruz informa zaitezela eta dagokizuna ERREKLAMA dezazula. Hegazkin-konpainiak erreklamazio-orriak eman behar dizkizu (erakusmahaietan izaten dituzte), eta hilabeteko epea dute erantzuteko. Denbora hori igaro bada eta oraindik berririk ez baduzu edo erantzunak espero zenuena betetzen ez badu, erreklamazioa aurkez dezakezu Aire Segurtasuneko Estatu Agentzian (AESA).
Ekipajea galduta edo kaltetuta
Maleta uhal garraiatzailean uzten duenean jende asko ekipajea galtzearen edo kaltetzearen beldur izaten da. Ekipajea galtzen badizute, atzeratu bada edo hondatuta iritsi bada, jakinarazi hegazkin-konpainiari aireportutik joan aurretik, eta eskatu ekipajearen irregulartasun-agiria (PIR). Kasu batzuetan, airelineak kalte-ordaina eman beharko dizu.