Sarrera faltsuak: nola saihestu maulak
Jende askok jaialdiz jaialdi igarotzen du uda, herriz herri musika entzuten. Ez da plan txarra eta ez da planik faltako, baina ziurtatu ez direla okertzen. Kontuz sarrerak non erosten dituzun, ez erosi sarrerak fidagarriak ez diren lekuetan; izan ere, baliteke «tentel» aurpegiarekin geratzea atean ezin sartu, amorruzko eta tristurazko sentimenduz beteta.
Jaialdietarako sarrerak erosteko modurik seguruena webgune ofizialak direla jakin arren, oso ospetsuak baldin badira azkar agortu ohi dira, «sarrerak agortu dira» dioen kartelaren madarikazioa. Orduan, birsalmenta-lekuetan bilatzeko unea heltzen da, ez duzulako inola ere urteko ekitaldia galdu nahi.
Eta, hala, ondorioz jatorrizko prezioa baino askoz gehiago ordaintzen duzu sarreragatik. Baina, ekitaldia bertan behera geratzen bada, data aldatzen badute edo sarrera faltsuak edo lapurtuak badira, zaila da (faltsuak badira ezinezkoa) erreklamatzea eta dirua berreskuratzea. Eta hori guztia, sarrera erosi eta gero eskuratzen baduzu, balitekeelako saltzaileak kobratzea baina zuk ezer ez jasotzea.
Plataforma askok ofizialak dirudite, baina, «bigarren mailako salmenta-plataforma» gisa aurkezten direnean, atzera eginarazi behar dizute. Ez da lehenengo aldia izango Viagogok eta horren moduko webguneek iruzurrenatik erreklamazio ugari jasotzen dutela. Beraz, hobe erne egotea.
Erosi aurretik
Begiratu ondo zer webgune-mota den, hau da, sarrerak zuzenean saltzen dituen (webgune edo banatzaile ofiziala) ala saldu eta erosi nahi duten partikularren arteko truke-plataforma den. Azken kasu horretan, webguneak bere erantzukizuna mugatu dezake arazorik egonez gero.
Egiaztatu orobat enpresaren datuak (pentsatu bi aldiz helbidea urruti daukaten enpresetan erosi aurretik, erreklamatzea odisea bihur daitekeelako) eta irakurri baldintzak: erosketa ezeztatu edo sarrerak aldatu ote ditzakezun edo enpresak salmentaren baldintzak (hala nola eserlekua) aldatzeko eskubidea gordetzen ote duen.
Erosi bitartean
Ez utzi presionatzen. «Litekeena da sarrerak agortzea», «sarreren % 5 baino gutxiago geratzen dira» eta horrelako esaldiek edo epe jakin batean erosi ezean erreserba galduko duzula dioten atzera-kontaketek helburu bakarra daukate: pentsatu gabeko edo hausnarketarik gabeko erostea bultzatzea. Berehala erostea. Eta ez diozu presioari amore eman behar. Izan ere, beste alderdi honi ondo ez erreparatzea eragin dezake, oso garrantzitsua den arren: itxaron amaierako guztizko prezioa jakin arte (kudeaketa-gastuak barne, horrelakorik egonez gero) zure txarteleko datuak sartzeko.
Eta gogoratu: erosi beti webgune seguruetan eta, arazoren bat badaukazu eta webguneak ez badizu erantzuten edo emandako erantzunarekin ados ez bazaude, jarri erreklamazio bat.