[eu] Euskadi

Smishing: Nolakoak dira mezularitza-zerbitzuren batenak izatearen plantak egiten dituzten iruzurrezko mezuak?

  • “Zure paketea gaur iritsiko da zure helbidera, honako lotura honetan egin dezakezu jarraipena: xxxx”
  • “Zure paketea gure bidalketa-zentroan atxiki dugu. Ikusi jarraibideak hemen: xxx”
  • “Zure paketea noiz entregatuko zain dago. Berretsi ordainketa lotura honetan: xxx”

Mezu horietakoren bat jaso baduzu, erne: ziberdelitugileek bidalitako iruzurrezko SMSen egiazko adibideak dira. Mezularitza- eta paketeria-enpresak ordezten dituzte, eta esteketan sartzen bazara zure gailuan sartu eta zure datu pertsonalak edo banku-datuak lapurtu ditzakete, birus edo software gaiztoren bat sartu dezakete edo informazioa zure identitatea ordezteko eta iruzurrezko helburuetarako erabiltzeko baliatu dezakete.

Internet bidez saltzen duten dendek paketeria-enpresak kontratatzen dituzte egin dizkieten eskariak erosleei helarazteko. Erosleen harremanetarako datuak (izena, emaila edo telefonoa) dauzkate enpresa horiek eta, hori horrela, eskariari jarraitzeko zenbakia bidali diezazukete paketearen bidalketaren prozesua ikusi dezazun.

SMS horietan jarri behar da arreta handia, ziberdelitugileak SMS horietaz aprobetxatzen baitira, hain zuzen ere. Mezularitza- eta paketeria-enpresak ordezten dituzte erosleei esteka batean klikatu dezatela eskatuz bidalketaren jarraipena egiteko edo datu batzuk berresteko, artxibo bat edo aplikazio bat deskargatu dezaten.

Nola detektatu tranpa-mezuak?

  • Aplikazio bat deskargatu dezazula eskatzen badizute, bilatu ezazu zure gailuaren denda ofizialean, EZ deskargatu bidaltzen dizuten estekan klikatuz. Ez inoiz deskargatu erantsitako artxiboak, exekutagarriak edo app-ak SMS edo email bidez bidali dizuten QR kode baten edo esteka baten bidez.
  • Erreparatu iezaiezu ortografiari eta gramatikari. Sarritan testuek ortografia-akatsak dituzte, hala nola azentu-marken akatsak, gramatika-akatsak edo maiuskulak bereizgabe erabiliak.
  • Zalantzak badituzu, jarri harremanetan banaketa-enpresarekin mezu hori egiaz haiek bidali ote dizuten jakiteko. Sartu Interneten, sartu enpresaren webgune ofizialean eta bilatu telefonoa. Webgunea https:// sekuentziarekin hasten bada eta itxitako giltzarrapo baten edota giltza baten ikurra badu, segurua da.

Zure eskariaren egoera zein den jakin nahi baduzu, gomendagarriena paketeria-enpresaren webgune ofizialaren bidez edo erosketa egin zenuen webgunearen bidez soilik egiaztatzea da.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS