Solteko elikagaiak erosten hasteko jakin behar duzuna

Plastiko andanari aurre egitea da gure gizarteak duen erronka edo arrisku nagusietako bat. Plastiko mota desberdinek gure bizitzako esparru askotan lagundu digute, baina plastiko horiek birziklatzeko eta ezabatzeko zailtasunek planeta arriskuan jartzen dute. Ozeano Bareko plastikozko uhartea, iberiar penintsula baino azalera handiagoa duena, ezagunena da, baina ozeano guztietan ditugu gaitz horren adibideak.
Argi dago "erabili eta bota" ekonomia ez dela bideragarria, eta gure kontsumoa plastikoen kontsumoa murriztuko duten ereduetarantz biratu behar dugula, adibidez, ontzien kontsumoa murriztuz. Aukera horietako bat izan daiteke solteko elikagaiak aukeratzea. Duela urte batzuk ohikoa zen, eta ia desagertu bazen ere, gaur egun, zorionez, modu apalean berpizten doa. Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Dekretua arduratzen da gai horietako batzuez. Solteko salmentari buruzkoak argitu nahi dizkizugu eta erosketa modu hori aukeratzeko gonbita egin.
Dekretu horren arabera, txikizkako elikagai-saltokiek, 6 hilabeteko epean, elikagaien solteko salmenta sustatu beharko dute, bereziki ontziak produktuari inolako balio erantsirik ematen ez dion kasuetan. Gainera, saltokiak 400 metro koadroko azalera edo handiagoa badu, azaleraren % 20a ontzirik gabeko produktuak aurkeztera bideratu behar da, ontziratu gabeko salmenta edo ontzi berrerabilgarrien bidezko salmenta barne.
Jada erabaki baduzu solteko elikagaiak erostea, ingurumena gehiago zaintzen lagun dezakezu zeure ontzia badaramazu. Dendan ezin dizute ukatu, ez bada zikin edo hondatuta dagoela, behintzat. Poltsa, tuper edo botila bada, garbi eta higienizatuta eraman beharko duzu. Arazorik egon ez dadin, saltokiak adierazi behar dizu produktu bakoitzerako zein den ontziaren egoerarik egokiena. Kontuan hartu: zure ontzia egokia ez bada, saltokia elikadura-segurtasuneko arazo posibleetatik salbuetsita geratuko da.
Saltokiek elikagaiak saltzeko 300 metro karratutik gorako azalera badute, soltean erosteko ontzi berrerabilgarriak eskaintzeko betebeharra dute, eta ontzi horiek doakoak edo ordainduak izan daitezke.
Argi baduzu, anima zaitez! Solteko produktua aukera ona da, eta soilik behar duzuna erosteko aukera ematen dizu.