[eu] Euskadi

Ur-tanta oro da garrantzitsua!

Ura ez da amaigabea eta xahutzen ari gara. Garrantzitsua da gu horretaz jabetzea, ura funtsezko baliabidea delako bizitzarako eta gaur, Uraren Mundu Eguna izaki, aukera egokia da ura erantzukizunez zaintzea zenbateraino den ezinbestekoa gogorarazteko. Euri gero eta gutxiago egingo du eta bero handiagoa izango dugu, horixe da klima-aldaketaren ondorioetako bat, eta hasi gara jada efektu horiek nabaritzen. Ur gutxi daukagu eta mundu-eskaera 2050. urterako % 55 handitzea aurreikusten da. Eta gutxi balitz bezala, ura kutsatzen eta xahutzen ari gara, eta, horrenbestez, orain arte egin ez baduzu, ekiteko unea duzu.

Administrazio eskudunek, beren aldetik, baliabide hidrikoen kudeaketa eraginkorra sustatu behar dute: kontrolik gabeko lursail-ureztatzeak saihestu, nekazaritzako elikagaien industria-eredua eraldatu edo uraren lapurretarekin eta kutsadurarekin lotutako delituak jazarri.

Eta zuk, zer egin dezakezu?

Behar duzuna soilik erabiltzean dago gakoa. Pentsatu zure egunerokoan egiten duzun ur-kontsumoan. Beharrezkoa baino gehiago gastatzen duzula uste duzu? Agian ez zara jabetuko, edo beharbada bai, baina ez dakizu nola egin ura modu arduratsuan kontsumitzeko tanta bakar bat ere xahutu gabe. Betiere lagunduko dizuten honako aholku hauek utziko dizkizugu:

  1. Ez erabili komunontzia zaborrontzi bat bezala. Ura aurreztuko duzu, eta ez duzu ez kutsatuko, ez araztegia oztopatuko. Paper-zapi bustiak, adibidez, oso kutsagarriak dira, eta batzuen etiketan komunontzitik bota daitezkeela agertzen bada ere, ez du zehazten zenbat denbora behar duten desegiteko. Esteka honetan azaltzen dizugu guztia. Baina, laburbilduta, ez bota komunontzitik, ura aurreztuko duzu eta ingurumena zainduko duzu.
  2. Dutxatu zaitez bainatu ordez. 5 minutuko dutxa batek hilean 3.500 litro inguru aurreztu ditzake.
  3. Itxi txorrota eskuak xaboitzen dituzun edo hortzak garbitzen dituzun bitartean.
  4. Bildu txorrotako ura, bero noiz aterako den zain zauden bitartean. Landareak ureztatzeko erabili dezakezu, edo etxeko zorua garbitzeko, eta abar. Edateko 8 litro ur ere metatu ahalko dituzu!
  5. Berrerabili ezazu egosi duzunaren ura. Ur hori landareak ureztatzeko erabiltzea ideia ona da. Eta barazkiak izan badira egosi duzuna pure bat egiteko, ez bota soberako ura eta egin zopa bat ur horrekin.
  6. Matxurak lehenbailehen konpondu. 24 orduz tantak isurtzen zaizkion txorrotak egunean 30 litro ere galdu ditzake. Pertsona batek bere oinarrizko premiei erantzuteko egunero behar duen uraren erdia baino gehiagoren baliokidea da hori.
  7. Ez jarri garbigailua eta plater-ikuzgailua beteta ez dauden artean.
  8. Etxetresna elektriko bat aldatu behar baduzu, balioetsi gailuaren energia-efizientzia. Begiratu energia-etiketa, elektrizitate-kontsumoaz gain urarena ere erakutsiko dizu.
  9. Uraren presioa zure premietara egokitu. Itxi pixka bat emaria ixteko giltza nagusia eta ur kantitate txikiagoa aterako da.
  10. Aurrezpen-difusoreak edo emari-mugagailuak jarri ditzakezu
  11. Kontsumitu sasoiko tokiko produktuak, ahal dela nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoetatik eratorritakoak, industrialetatik eratorritako produktuak saihestuz. Gehiegizko ur kantitateak kontsumitzen dituzte, eta, gainera, kutsatu egiten dute.
SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS