[eu] Euskadi

Zergatik bilatu behar dut pegatina laranja?

Arbitrajearen sinboloa erraz ezagutzen da eta lore-formako kolore laranjagatik nabarmentzen da. Ziur inoiz ikusi duzula erakusleihoren batean, tabernaren bateko atean edo webguneren batean. Ikusi ez baduzu, hemendik aurrera, ziur. Eta ikusi baduzu eta establezimendu horretan erostea edo kontsumitzea erabaki baduzu, zuzen jokatu duzu.

Zergatik egin duzun zuzen? Hauxe erantzun laburra: gatazkak konpontzeko biderik errazena delako eta erosketetan segurtasun eta berme handiagoa ematen dizulako. Hona hemen erantzun luzea:

Produktu bat erosten duzunean edo zerbitzu bat kontratatzen duzunean, arazorik izango ez duzulakoan egiten duzu. Baina, batzuetan, gauzak okertu egiten dira, eta orduan saltzailearekin akordioa lortzen saiatu behar duzu. Lortzen ez baduzu, hurrengo urratsa erreklamazio-orria eskatzea da. Bide horretatik ere zure arazoa konpontzen ez baduzu, aukera azkar, eraginkor eta doakoa duzu: kontsumoko arbitrajea.

Nola funtzionatzen du?

Aurreko urratsekin nahi zenuena lortu ez baduzu eta arbitraje bat eskatu behar baduzu: 

  • Arbitraje-eskabidearen inprimakia bete behar duzu eta Kontsumobiden, KIUB batean, kontsumitzaileen elkarteren batean edo zuzenean Arbitraje Batzordean aurkeztu.
  • Enpresa arbitraje-sistemari atxikita badago, bi alderdien arteko bitartekotza egitea saiatuko da akordioa lortzeko. Lortzen ez bada, entzunaldi edo bilera bat egiten da (ez da beharrezkoa aurrez aurrekoa izatea), eta, bertan, bi alderdiek arbitraje-elkargoan azalduko dute eskatzen eta alegatzen dutena.
  • Enpresa kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita ez badago, Kontsumobidek une horretan bertan atxikitzeko aukera eskainiko dizu.

Borondatezko prozedura da, loteslea eta betearazlea. Hau da, enpresak arbitrajera ez atxikitzea erabaki dezake, baina behin atxikita, hartzen den erabakia nahitaez bete behar dute bi alderdiek, eta epai judizial baten ondorio bera du.

Beraz, zu lasai egoteko, hobe da kontsumo arduratsuarekin eta kalitatezko arretarekin konprometitzen diren saltokiak aukeratzea. Izan ere, kontsumoko arbitrajeari atxikita dagoen enpresa batek erosteko orduan lasaitasun gehigarria eskaintzen dizu. Eta denda horiek zeintzuk diren bereizteko, arbitraje-logotipoa duen pegatina laranja bilatu besterik ez duzu egin behar. Atxikitako enpresen bilatzailean ere bilatu ditzakezu.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS