[eu] Euskadi

Zure hipoteka aldatu edo birnegoziatu nahi baduzu jakin beharreko kontzeptuak

Euriborraren etengabeko hazkundeak gure hipotekengatik ordaindu behar ditugun interes-tasen hazkundea eragiten du. Aldeak ez dira txikiak, hilero 100 edo 200 euroko kuota-igoerak izan dira, edo, bestela esanda, urtean 1.200, 2.400 eta 3.000 euro artekoak.

Egoera horren aurrean, ohikoa da hipoteka berriz negoziatzea, bankuarekin hitz egitea eta akordio batera iristen saiatzea. Elkarrizketa horri berme osoz heltzeko, zenbait kontzeptu ezagutu behar dituzu.

Berritzea edo baldintzak aldatzea

Hipotekaren baldintzak birnegoziatzen badituzu zure bankuarekin, eskritura publiko batean formalizatu behar dira. Egoera horietan, normalean honako hauek negoziatzen dira: interes-tasa (finkoa edo aldakorra), maileguaren bizitza (epea luzatu edo laburtu), berme pertsonalak (abal-emaileak kendu edo jarri) eta/edo kapitala handitzea. Bankuek diru-kopuru txiki bat kobra lezakete aldaketa horiengatik (inoiz ez % 0,1 baino gehiago), baina 2023an interes-tasa finkoa aldakor bihurtzen baduzu, ezingo dizute ezer kobratu.

Hipotekaren subrogazioa

Prozesua hipoteka banku batetik bestera eramatean datza, eta hori gertatzen da baldintza hobeak lortzen ditugunean. Prozesu horrek berritzeak baino gastu handixeagoak ditu.

Hipotekari buruz zure bankuarekin akordiorik lortu ez baduzu, agian interesatuko zaizu beste erakunde batzuei kontsulta egitea. Bankuren batek baldintza interesgarriak eskaintzen badizkizu, subrogaziora jo dezakezu.

  1. Banku berriak hipotekaren eskaintza loteslea eskaintzen dizu. Ondoren, ordaindu gabeko saldoaren ziurtagiria eskatuko dio zure bankuari, hipoteka gaur egun duzun bankuari.
  2. Hipoteka duzun bankuak 7 egun ditu ziurtagiri hori emateko, eta eskubidea du, 15 eguneko epean, hipoteka hobetzeko zuri eskaintza egiteko. Epe horretan ezin da hipoteka subrogatu.
  3. 15 egunen buruan ez baduzu sinatu zure bankuak eskaintzen dizun berritzea, subrogazioa sinatu eta erakundez aldatu ahal izango duzu.

Subrogazioan, interes-tasa eta epea alda ditzakezu; beste baldintzaren bat aldatu nahi baduzu, berritze bat itundu dezakezu zure banku berriarekin.

Amortizazio partzial aurreratua

Ordaintzeke dagoen kapitalaren zati bat aldez aurretik ordaintzea da, eta, horrela, hileko kuotak murriztea edo maileguaren epea murriztea lortuko duzu. Eskrituretan kontzeptu horrengatik komisio bat jaso badaiteke ere, 2023an komisio hori etenda egongo da eta ez da kobratuko.

Kitapen aurreratua

Bestela esanda, hipoteka ordainduko duzu, baina, kasu honetan, zure bankuak gehienez ere % 1eko interesa kobratu ahal izango dizu ordaindu gabe dagoen kapitalaren gainean (100.000 euro ordaintzea falta bazaizu, 1.000 euro izango dira), betiere zure hipoteka interes aldakorrekoa bada eta kitapena ez bada gertatzen bankuz aldatzen duzulako (kitapen ez subrogatzailea).

Zure hipoteka 2007a baino geroagokoa bada, atzera egitearen ondoriozko komisioari eta interes-tasaren araberako komisioari lotuta egon zaitezke.

Itzulketa aurreratua

Kontzeptu hori erabiltzeko, zure hipoteka 2019ko ekainaren 16aren ondoren sinatu behar izan duzu. Hitzartutako aurrerapenarekin jakinarazi behar diozu zure erakundeari (gehienez hilabete), eta erakundearen aldeko penalizazioak edo konpentsazioak (hitzartuak) izan ditzakezu.

  • Interes aldakorreko maileguak: % 0,15 lehenengo bost urteetan edo % 0,25 lehenengo hiru urteetan.
  • Tasa finkoko maileguak: % 2 lehenengo hamar urteetan eta % 1,5 hamargarren urtetik aurrera.
  • Aldakorretik finkora aldatzea subrogazio edo berritze aldatzaile bidez: % 0,15 lehenengo hiru urteetan. Lehen hiru urte horiek igaro ondoren, ezingo da komisiorik edo konpentsaziorik kobratu.
  • Muga hori kontratua sinatzen den eguna edozein dela ere aplikatuko da.

 

Portal del Cliente Bancario atariko informazioarekin idatzia.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS