Amesgaiztoa: maleta galdu didate aireportuan
Hegaldi luze baten ondoren iristen zara helmugara eta zure maleta ez da inon agertzen. Inori ez litzaioke gustatuko maleta hegaldi batean galtzea. Egoera horretan bazaude, azkeneraino irakurtzea interesatzen zaizu.
Zer da egin behar duzun lehen gauza zure maleta zintan agertzen ez dela ikusten baduzu? Hegan egin duzun hegazkin-konpainiako bulego edo lehiatilara jo behar duzu, egoera azaldu eta Ekipajearen Irregulartasunen Partea eskatu. Hegazkinaren sotoan fakturatutako ekipajearen galera edo bestelako kalteak jakinarazteko dokumentu ofiziala da, eta bertan jasota geratu behar du gertatutakoak. Beti eskatu behar duzu horrelako egoeraren bat pairatzen duzunean.
Une horretan erreklamatzerik izango ez bazenu, hauek dira erreklamazioa aurkezteko epeak:
- Kalteen kasuan, 7 egun ekipajea jasotzen den egunetik aurrera.
- Atzerapena izanez gero, 21 egun, entregatzen dizutenetik.
Zein da maleta bat galtzearen kalte-ordaina?
Montrealgo Hitzarmenean ezarritako gehieneko zenbatekoa 1400 euro ingurukoa da.
Aurkitzen badute eta maleta 21 egun igaro baino lehen ematen badizute, atzerapentzat hartuko da, eta ez galeratzat. Hala bada, konpentsazioa txikiagoa izango da, eta kasuaren eta airolinearen araberakoa izango da.
Aholku gisa, identifika ezazu beti zure ekipajea, antzeko beste ekipaje batzuetatik bereizteko, eta ahal den guztietan babestu. Ez gorde balio handiko objektuak, seguruagoa da zurekin eramatea. Aztertu ekipajearen galerak edo atzerapenak estaltzen dituen bidaia-aseguru bat kontratatzeak eman diezazuken babes gehigarria. Gorde hegazkineratzeko txartela eta hegaldiarekin lotutako dokumentazio guztia, eta egoeratik irteteko zerbait erosi behar baduzu, gorde faktura eta tiketa guztiak ere. Egoera horretatik ateratzeak esan nahi du oinarrizko produktuak eta arropa erostea (oinarrizkoa, ez larruzko jaka bat). Kontuan izan konpainiak ez daudela behartuta mugarik gabe ordaintzera.
Maleta galtzea eragozpen handia da, baina zure eskubideak ezagutzeak eta azkar jokatzeak egoera eramangarriagoa egiten lagunduko dizu.