[eu] Euskadi

Ehungintzak jasangarritasuneranzko bidean

Moda azkarraren industria edo “fast fashion” industria esponentzialki hazi da azken urteotan. Hala ere, kontsumitzeko modu horrek kontsumo ekologiko izugarria dakar; arropa horren kopuru handi bat bota egiten da ia erabili gabe edo saldu ere egin gabe.

“Modan egoteak” ingurumen-inpaktu oso garrantzitsua du: ehungintzaren ekoizpenak ur gehiegi kontsumitzen du, eta horrez gain, modaren industria da gehien kutsatzen duen bigarren industria, isurketa toxikoengatik eta sortzen dituen hondakin guztiengatik. Ba al zenekien praka bakero batzuk ekoizteko 7.500 litro ur behar direla? Pertsona bate zazpi urtean edaten duen uraren baliokidea da. Kontsumo neurrigabe hori onartezina da, eta hori gaur egun nabarmenagoa da klima-aldaketa ondoriozko lehorteak ikusita.

Urtero, Europar Batasunak 12,6 milioi tona ehun-hondakin sorten ditu, eta horietatik 5,2 arropa eta oinetakoak dira. Hala ere, hondakin horien % 22 bakarrik biltzen dira birziklatzeko. EBk egoera hori kontrolatu nahi du, eta horrela “2030erako EBn merkaturatutako ehun-produktu guztiek iraunkorrak eta birziklagarriak izan behar dute, neurri handi batean birziklatutako zuntzekin fabrikatuak, substantzia arriskutsurik gabeak eta eskubide sozialak eta ingurumena errespetatuz ekoiztuak”.

Produktuen pasaporte digitala

Arropa erosi aurretik, kontsumitzaileok jantzi bakoitzaren ezaugarriei buruzko informazio argiagoa, egituratuagoa eta eskuragarriagoa izango dugu: dokumentu edo pasaporte digital baten bidez izango da. Horrekin, berehala eskuratu ahal izango duzu produktu baten iraunkortasunari buruzko informazioa, eta erabaki informatuagoak eta jasangarriak hartu ahal izango dituzu.

Asmoa da 2030erako jantzi guztiek ziurtagiri hori izatea. Etiketa adimenduna da, eta, besteak beste, honako hauek jakiteko aukera ematen dizu: zer material erabili diren eta non egin den; zer ehun-motatakoa den (birziklatua den edo substantzia kimiko kaltegarririk duen); gehiago iraun dezan nola zaindu behar den eta nola konpondu, edo birziklatu.

Ekimen honen bidez, EBk arropa erostera goazenean erosten ari garenaz eta horrek dakartzan eraginez gehiago jabetu gaitezen lortu nahi du. Hala ere, arropagintzan karbono-aztarna murrizteko, gure inplikazioak handiagoa izan behar du. Gutxiago erosi behar dugu, ez dugu behar ez den jantzirik erosi behar eta kalitate edo iraunkortasun handiagoko produktuak aukeratu behar ditugu. Gaur egun, oraindik ziurtagiririk ez badago ere, jantzi bat non fabrikatu den, zer baldintzatan edo zer materialez egin den jakin dezakegu. Bigarren eskuko salerosketa ere sustatu behar da. Eta oso garrantzitsua da, zerbait erosi aurretik, zeure buruari galdera hauek egitea: benetan behar al dut? ba al daukat antzekorik etxean? zenbat aldiz erabiliko dut? Horrela, zure gastuaz gehiago jabetuko zara.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS