[eu] Euskadi

Energia eraginkortasunez erabiltzeko eta aurrezteko 9 gako

Bizi garen gizartea energiaren kontsumoan oinarritzen da. Arazoa da neurrigabeko kontsumoa egiten dugula eta sortzea ez dela doakoa; alde batetik, finituak diren baliabideen kontsumoa eragiten du, eta, bestetik, nahi ez diren ondorioak sortzen ditu, hala nola kutsadura. Era berean, ez da komeni gehiegi erabiltzea, poltsikoari ere eragiten baitio. Hori dela eta, energia-eraginkortasuna funtsezko gai bat da, eta askoz nabarmenagoa bihurtu da, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren testuinguruan.

Gaur Energia Eraginkortasunaren Munduko Eguna da, eta egun honek gogorarazten digu energia behar-beharrezko ondasuna dela. Egunero erabiltzen dugu eguneroko alderdi askotan (garbigailua jartzea, argia piztea, berogailua, ur beroko dutxa bat, etab.), eta planeta zaintzeko eta etorkizun iraunkorra bermatzeko erabilera arduratsua egiten saiatu behar dugu. Lehenengo urratsa energia gutxiago kontsumitzea da, bigarrena hobeto kontsumitzea. Jabetzen zara etxean nola erabiltzen duzun? Hona hemen aholku batzuk:

Berokuntza

1. Neguan, aprobetxatu egun eguzkitsuak etxea epeltzeko eta berogailua hain azkar piztu behar ez izateko. Pizten duzunean, tenperatura 19-20 gradutan jartzearekin nahikoa da, honekin eta jertsea batekin gustura egongo zara etxean. Gogoratu berogailua ez dela beroa pasatzeko, hotzik ez pasatzeko baizik. Gauez, itxi leihoak, pertsianak eta gortinak beroa mantentzeko.
2. Ez estali erradiadoreak. Estaltzen dituen edozein objektuk (lehortzen jartzen duzun arropak edo erradiadoreak estaltzen dituen altzariak, esaterako) zaildu egiten du aire-irteera. Logelak ez dira hain azkar berotuko eta galdarak lan gehiago egingo duenez, kontsumoa handituko da.

Argia

3. Aprobetxatu argi naturala. Argirik onena da, elektrizitatean aurrezteaz gain, baikortasuna transmititzen duelako. Ahal den guztietan, jarri lanerako edo irakurketarako guneak leihoetatik gertu; horrela, ez duzu argia piztu beharrik izango egun argietan.
4. Erabili kontsumo txikiko bonbillak, hala nola LEDak. Tradizionalek baino % 80 energia gutxiago kontsumitzen dute eta iraupen luzeagoa dute. Gehiago inbertitu behar duzula horiengatik? Bai, baina merezi du, epe luzera aurrezkia nabaritzen delako. 

Ur beroa

5. Dutxatu bainatu beharrean. Azken hori egiten duzunean, dutxan baino lau aldiz energia eta ur gehiago kontsumitzen duzu.
6. Itxi txorrota xaboia hartzen duzun bitartean, edo hortzak garbitzen dituzunean, alferrikako gastua saihesteko.

Etxetresna elektrikoak

7. Begiratu etiketa energetikoa etxetresna bat erosterakoan. A letradunak dira eraginkorrenak. Eta eraginkortasun handiagoa izan dezan, egin mantentze-lan egokiak.
8. Jarri ontzi-garbigailua edo garbigailua ahal den guztietan karga osoan, ura eta energia aurreztuko dituzu.
9. Itzali gailu elektronikoak, hala nola ordenagailuak edo telebista, ordu erdi baino gehiagotan erabili behar ez badituzu. Stand by-an ere ez utzi, horrela kontsumitzen jarraitzen baitute.

Energia-eraginkortasunaren aldeko apustua egin; planeta zaintzen lagunduko duzu eta aurrezten lagunduko dizu. Keinu txikiekin asko irabazten duzu. Dena da abantaila, beraz merezi du saiatzea.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS