Gabonetan kontsumo arduratsua egiteko gakoak
Kontsumo handieneko urte-sasoian gaude, eta horrek gure poltsikoa mehatxatzen du. Erosketa konpultsiboa bultzatzen da modu basatian
Modu arduratsu eta seguruan kontsumitzeko, plangintza funtsezkoa da. Ahal izanez gero, gainera, komeni da erosketak modu mailakatuan egitea, azken orduko prezio-igoerak eta jende-pilaketak saihesteko. Egin ezazu kontsumo arduratsuaren aldeko apustua eta jarraitu gure aholkuei:
- Zehaztu aurrekontua eta erosi nahi dituzun produktuen zerrenda egin.
- Konparatu prezioak, merezi du.
- Ondo aukeratu. Erosi benetan erabiliko dituzun produktuak
- Tokiko erosketa ona da gizartearentzat eta gure ekonomiarentzat. Auzoko dendek gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dizute.
- Erosi aurretik, produktuari eta itzulketen politikari buruzko informazio guztia ezagutu behar da.
- Ez erosi itzultzeko asmoarekin. Horrek CO2 emisioak areagotzen ditu, baita hondakin kopurua ere (garraioa eta enbalajea).
- Internet bidez erosten baduzu, erabili webgune seguruak.
- Irakurri produktuarekin eta itzulketa-politikarekin zerikusia duen informazio guztia. Internet bidezko erosketetan, 14 eguneko epea duzu erositakoa itzultzeko, arrazoia justifikatu behar izan gabe (salbuespenak daude, hala nola, neurrira egindako produktuak, besteak beste).
- Arazorik izanez gero eta establezimenduan bertan konpontzen ez baduzu, eskatu erreklamazio-orria.
Kontsumitzaileen eskubideak
Produktu baten prezioa beheratzea ez da kontsumitzaileen eskubideak murrizteko arrazoi. Gainera, gabonetan oporrik hartzen ez dutenak zure eskubideak dira. Gogoratu:
- Publizitatea loteslea da, iragarritakoa bete egin behar da; beraz, hobe duzu liburuxka edo email guztiak gordetzea.
- Prezioetan BEZak sartuta egon behar du, beti.
- Gorde erosketa-tiketa. Bermea baliatzeko eta, behar izanez gero, erreklamazioa egiteko aukera emango dizu. Produktu bat itzultzeko ere beharrezkoa izango zaizu.
- Legezko bermea hiru urtekoa da produktu berrien kasuan eta urtebetekoa, gutxienez, bigarren eskukoen kasuan.
Black Friday eta gabonetako kanpainak ez daude zure beharrak asetzeko pentsatuta, zure diru-zorroa husteko baizik. Egun hauetan itolarrian egon nahi ez baduzu, eta erosketekin leporaino bukatu nahi ez baduzu, erosi aurretik hausnarketa egin ezazu, pentsatu ea etekinik atera dezakezun eta honako galdera hauek egin itzazu zure buruari: Benetan behar al duzu? Zenbat aldiz erabiliko duzu? Ba al duzu etxean horren antzekorik edo berrerabil daitekeen zerbait? Horrela konturatuko zara dirua alfer-alferrik xahutzen ari ote zaren edo, aitzitik, kontsumo arduratsua egiten ari zaren.