Garbigailua edo ordenagailua hondatu zaizu? Konpontzeko eskubidea daukazu
Apirilean, Europako Parlamentuak kontsumitzaileek produktuak konpontzeko duten eskubidea indartzeko zuzentarau bat onartu zuen. Helburua produktuak merkeago konpontzea ahalbidetuta hondakinak gutxitzea da.

Arau hori ez da berehala indarrean jartzen; estatuek 24 hilabete dituzte legeria nazionalean txertatzeko. Indarrean jartzen denean, fabrikatzaileek konponketa-zerbitzu egoki eta errentagarriak eskainiko dituztela eta kontsumitzaileei produktuak konpontzeko eskubidearen berri emango dietela bermatuko da.
Informazio argia
Konponketak errazteko, enpresa fabrikatzaileek beren produktuak konpontzeko moduari buruzko informazio argia eta erabilerraza eman behar dute. Askotan matxurak txikiak eta konpontzeko errazak dira, baina konpontzen ez badakigu, Interneten tutorialak bilatzera edo etxean egin daitekeen zerbaiten truke asko kobratuko diguten zerbitzu teknikoetara deitzera behartuta gaude. Produktuak konpontzeko eskuliburuak eta informazioa eskura baditugu, hondatu zaiguna konpontzeko saiakera behintzat egin ahal izango dugu. Horrela, gauzak konpontzen ikastea eta norberak konpontzea sustatzen da. Ez badugu lortzen? Hortxe dugu zerbitzu teknikoa (gainera, inguruko konponketa-tailerrei buruzko informazioa ere eman beharko digute). Horrez gain, enpresa fabrikatzaileek ordezko piezak eduki beharko dituzte, 10 urtez produktu elektronikoen kasuan eta 7 urtez etxetresna elektrikoen kasuan. Horri esker, ez dugu aparatu osoa bota beharko pieza txiki bat falta zaigulako.
Ingurumenaren babesa
Araudi honen helburua ingurumeninpaktua murriztea da. Tradizioz, gure eredu ekonomikoak egitura lineal bati jarraitu dio: erauzi, ekoitzi eta bota. Eredu hori oso erasokorra da ingurumenarekiko, horniduraiturburuak ahitzen direlako, materialak nahiz energetikoak, eta hondakin elektroniko mordoa sortzen delako. Konponketak ahalbidetzen eta sustatzen badira, ekonomia zirkularraren parte izango gara: produktuen balio-bizitza luzatzen da, hondakinak murrizten dira eta baliabide natural gutxiago erabili behar dira produktu berriak fabrikatzeko. Produktu guztiak konpondu eta eguneratu ahal izatea eta bizitza bat baino gehiago eduki ditzaketen materialekin osatuta egotea lor dezakegu, hondakin gutxiago sortzeko. Gainera, sortzen diren hondakinak material berrerabilgarriz osatuta daudenez, prozesua zerotik hasi gabe berriro fabrika daitezke. Horrela, enpresek ekoizten jarraituko dute, naturaren baliabideak erauzteko dirua gastatu beharrik gabe. Prozesu horrekin, CO2 gutxiago isurtzen da atmosferara, eta klima-aldaketaren eragina moteltzen da.