Kontrolatu gastua ikasturtearen hasieran
Ikasturtearen hasieran ere nabarituko dira prezio-igoerak. Une horretan erosi behar ditugu liburuak, eskola-materiala, uniformeak, kirol-arropa, eta ordaindu behar ditugu akademiak edo eskolaz kanpoko beste jarduera batzuk eta abar. Gastu horiei aurre egin beharko diegu, eta ez dago horiek murrizteko formula magikorik. Lagunduko dizuten ekintza batzuk proposatzen dizkizugu, eta, gainera, kontsumo jasangarrian lagunduko duzu.
Egin aurrekontu bat eta planifikatu gastua.
Jakin behar duzu zer gastu diren ezinbestekoak eta zer gastu ez diren beharrezkoak ; pentsatu bigarren eskuko aukeretan edo lehendik dituzun materialak berrerabiltzean. Gastua finantzatzeko beharra baduzu, ihes egin mailegu sinpleetatik (inoiz ez dira sinpleak eta are gutxiago merkeak) eta revolving txarteletatik, hobe duzu zure banku-sukurtsalera joatea.
Aztertu aurreko urteetako materiala.
Ziur aski badituzu boligrafoak, motxilak, estutxeak, erregelaren bat, konpasa, koadernoak eta abar. Ez duzu zertan dena berria erosi, berrerabili. Prozesu hori zure seme-alabekin partekatzen baduzu, kontsumo arduratsua ezartzeko ohiturak landu ditzakezue.
Trukatu liburuak, materiala eta arropa .
Galdetu ikastetxean edo ikastolan beste guraso batzuei, agian beste pertsona batzuen liburuak erabil ditzakezu eta iazko zure liburuek beste pertsona batzuek erabil ditzakete. Interneten ere badituzu prozesu horretan lagun diezazuketen plataformak.
Alderatu prezioak eta ahaztu modak.
Modak iragankorrak eta garestiak izaten dira, eta, beraz, jasangaitzak. Erosi behar baduzu, prezioak alderatu eta apurka-apurka erosi, eta moda gustatzen bazaizu, sortu zure moda.
Akademiak
Akademia batera edo eskolaz kanpoko jardueretara jo behar baduzu, ondo irakurri kontratua, galdetu ulertzen ez duzuna, aztertu finantzaketa-aukerak, halakorik badago. Eskaintzak, zerbitzuak eta prezioak alderatu. Publizitate guztia gorde, loteslea da.
Eta beti bezala...
Buruarekin erosi, gauza ororen tiketa edo faktura eskatu, publizitatea gorde beti, loteslea da. Produktuek hiru urteko bermea dute, baina arazoak badituzu, erreklamazio-orria eskatu, eta Internet bidez erosten baduzu, gogoan izan atzera egiteko eskubidea duzula: 14 egun dituzu iritzia aldatzeko.
Ikasturtearen hasiera une egokia da kontsumo arduratsuagoa eta jasangarriagoa lantzeko. Baliteke zuk arazo ekonomikorik ez izatea eta gastuari arazorik gabe aurre egin ahal izatea, baina planetak jada ez ditu jasaten alferrikako gastuak eta xahuketa. Ikastolari eska diezaiokezu parte hartzeko eta eskola-materialaren erabilera partekatua sustatzeko Pentsatu zure seme-alabekin, berrerabiltzea joko bihurtu, motxila moda bihurtu, une egokian zaude buruarekin erosteko eta gastua kontrolatzeko.