UTBa zer den jakitea
UTBa, Urteko Tasa Baliokidea, kontsumitzaileoi informazioa ematen digun tresna bat da, haren bidez jakin baitezakegu zein den mailegu baten benetako kostua edo produktu baten benetako errentagarritasuna
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabaki du UTBak zehatza izan behar duela, eta, gainera, UTBa zehatza ez izateak kontsumitzaile gisa ditugun eskubideak babestearen aldeko ondorioak eragiten dituela;baina, zer da UTBa?
Kredituak kontsumitzailearentzat duen kostu osoa da UTBa, ehunekotan adierazia. Definizio hori hobeto ulertzeko, garrantzitsua da jakitea "kredituaren kostu osoa" zer den, eta horretan datza EBJAren epaiaren garrantzia.
Kredituaren kostu osoa
Kredituaren kostu osoan honako hauek sartzen dira:
- Eskatutako kredituaren zenbatekoa.
- Interesak.
- Komisioak.
- Kontua irekitzearen kostua, nahitaezkoa bada.
- Baita lotutako produktu guztiak ere, ezinbestekoak baitira mailegua eman diezazuten edo baldintza jakin batzuetan eman diezazuten.
- Nahitaezko aseguruak.
- Zergak.
Definizio horretatik kanpo notaritza-gastuak soilik geratzen dira.
EBJAren epaiaren arabera, bankuak aukerako produktu bat eskaintzen badizu, baina produktu horren kontratazioak maileguaren baldintzak hobetzen baditu, kostu hori ere UTBn sartu behar da.
UTBa, konparatzaile eraginkorra.
UTBaren definizioa araututa dago eta berbera da Europar Batasun osoan; horregatik, ezinbesteko tresna da kontsumitzaileek maileguak edo inbertsio-produktuak alderatu eta erabaki egokiak hartu ahal izateko.
Maileguen kasuan: zenbat eta UTB txikiagoa, orduan eta baldintza hobeak. Gordailu gisa erabiltzen diren inbertsio-produktuen kasuan: zenbat eta UTB handiagoa, orduan eta baldintza hobeak.
Eta UTBa ez badago ondo kalkulatuta?
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia argia da: UTBa ondo kalkulatuta ez badago, estatu kide bateko justiziak ofizioz aplika dezake estatuko araudia, eta, are gehiago, mailegua interesetatik edo gastuetatik salbuetsita dagoela erabaki dezake. Bestela esanda, zure UTBa gaizki kalkulatuta badago eta epaile batek hala erabakitzen badu, gerta liteke bankuari ordaindu behar zenion zenbateko bakarra zuk eskatutakoa izatea, eta ez ordaintzea ez interesik ez gasturik.
Esteka interesgarriak.
- Mailegu pertsonalerako UTBa kalkulatzea.
- Hipoteka-mailegu baterako UTBa kalkulatzea.
- Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2024ko martxoaren 21eko epaia