Kontsumobide

Enpresen betebeharrak

  • Produktu seguruak hornitzea edo zerbitzu seguruak ematea, eta haien segurtasuna zaintzen parte hartzea.

  • Ondasunen eta produktuen osaeran, kalitatean, egituran, pisuan edo bolumenean aldaketak, aizunketa edo iruzurra eragiten dituzten jarduerak saihestea.

  • Kontsumitzaileen eskubideak mugatu edo urratuko dituzten abusuzko klausularik ez sartzea kontratuetako baldintza orokorretan.

Betebehar horiek betetzen ez badira, Administrazioak zehapen-espedientea ireki ahal izango du.

  • Etiketatze-, aurkezpen- eta publizitate-erregelamenduetan ezarritako eskakizunak betetzea.

  • Berme-dokumentua eta erabiltzeko eta mantentze-lanetarako jarraibideen gidaliburua ematea ondasun iraunkorren kasuan, eta bermealdiko eskakizunak betetzea.

  • Erreklamazio-orriak edukitzea eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematea eskatzen dituztenean.

Salgai eta produktuek salmenta-prezioa izango dute agerian, erakusleihoan (kanpotik ikusteko moduan) nahiz denda barruan, aurretik PSP siglak jarrita.

Prezioak guztira ordaindu beharrekoa adieraziko du, zergak (BEZ) eta bestelako gastuak, baldin badaude, barne hartuta.

  • Ontziratutako produktua neurgarrien kasuan, produktuaren unitate-prezioaz gain, unitate-neurriaren araberakoa ere adierazi beharko da.

  • Solteko salgaien kasuan, unitate-neurriaren araberako (kilo, litro, metro, etab.) prezioa adieraziko da

  • Zerbitzuetan, publikoak ikusteko moduan jarri beharko da prezioa.

  • Betebehar horretatik salbuetsita daude zenbait produktu, garestiak, esaterako.

Erosi nahi duen produktuaren prezioagatik kontsumitzaileak gehiago ordaindu behar badu, izan kontratu bategatik, izan eskaintza bategatik, esanbidezko baimena eman beharko du kontsumitzaileak.

Zerbitzuak ematen dituzten enpresak behartuta daude aldez aurretik aurrekontu bat ematera, non azalduko den egingo diren lanak eta kostea. Kontsumitzaileak espresuki uko egiten badio aurrekontuari, ez da nahitaez eman beharko.

Kontsumitzaileak ondasun bat entregatzen badu establezimenduan edo laguntza teknikoko zerbitzuan (LTZ), gordailu-ordezkagiria jasotzeko eskubidea du. Ordezkagirian, gutxienez, datu hauek agertuko dira: gordailuzainaren identifikazioa (pertsona edo entitatea), objektua, jasotze-data eta gordailutzearen arrazoia.

Onartuta dauden ordaintze-prozeduren berri eman behar duzu.

Bankuko txartelekin ordaintzeko sistemara atxikita daudela iragartzen duten saltokiek, ezingo diete ukatu kontsumitzaileei txartelarekin ordaintzea. Merkealdietan, sustapen berezietan, eta abarretan ere, onartu egin beharko da txartelarekin ordaintzea, beti ere normalean onartzen bada. Nolanahi ere, saltoki horiek zenbatekoen mugak ezarri ahal izango dituzte ordainketa-modu horretarako, betiere muga horiek behar bezala iragartzen baldin badira.

Eragiketen faktura edo ordainagiria eman beharko diezu kontsumitzaileei, non jasota egongo diren:

  • Enpresaren identitatea eta bere IFK.

  • Fakturatutako kontzeptua.

  • Guztira ordaindutako kopurua.

  • Data

  • Itzulketak

Produktua akastuna bada, dirua itzultzera behartuta zaude, baita horretarako konpromisoa hartzen duzunean ere, hainbat inguruabarren aurrean.

Urruneko erosketetan edota saltokitik kanpokoetan, atzera egiteko eskubidea dago. Enpresak idatziz informatu behar du eskubide horretaz, eta hura baliatzeko epe eta moduaz. Zure saltokia edo jarduera kategoria horretan badago, atzera egiteko agiria ematera behartuta zaudela jakin behar duzu.

Atzera egiteko eskubidea baliatzen badu kontsumitzaileak, 14 egun natural ditu produktu bat itzultzeko edo kontratatutako zerbitzu bati baja emateko, zigorrik jaso gabe eta erabakia justifikatu beharrik gabe. Badira salbuespen batzuk: neurrira egindako artikuluak, bide elektronikoz hornitutako fitxategi informatikoak edo zigilatutako diskoak, besteak beste.

  • Merkealdia
  • Sustapenak
  • Saldoak
  • Likidazioak

Merkealdiko salmenta egongo da, baldin eta artikuluak:

  • Merkataritza-jarduera egin ohi den establezimendu berean eskaintzen badira.

  • Salmenta aurretik finkatutako prezioan baino merkeago eskaintzen badira.

  • Aurretik, ohiko salmentan salgai egon badira, hilabete batez, gutxienez.

  • Merkealdiak hasi aurreko hilabetean ez badira egon promozio baten barne.

Saltokiek honako hauek erabaki ditzakete:

  • Merkealdiak noiz egin, interes komertzial handieneko garaiak zein diren erabakita.

  • Merkealdi bakoitzaren iraupena.

Ez da merkealditzat joko produktu hauen salmenta:

  • Ohiko prezioan lehenago salgai egon ez diren produktuak.

  • Hondatuta dauden produktuak edo ohikoa baino prezio merkeagoan saltzeko erosi direnak

Produktu bakoitzean ageri-agerian jarriko da merkealdia aurreko prezioa eta merkealdiko prezio berria.

Merkeago jarritako produktu guztiek bete behar dituzte urtean zehar salgai dauden produktuen kalitate- eta etiketatze-arau berberak.

Itzulketa-politikei dagokienez, establezimenduak ez daude behartuta produktu baten itzulketa onartzera, ez bada produktua hondatuta dagoelako edota kontratuko baldintzak ez dituelako betetzen. Nolanahi ere, produktua aldatzeko aukera ematen baduzu, baldintza jakin batzuetan, kasu horretan, ezingo dituzu itzulketak ukatu merkealdietan, baldin eta halakorik ez baduzu zehazten establezimenduan ondo ikusteko moduan.

Sustapeneko salmentaren helburu nagusia da produktu edo zerbitzu jakin batzuk ezagutzera ematea edota haien salmenta bultzatzea. Sustapenetan abantailak edo zenbait pizgarri eskaini daitezke: deskontuak, opariak, sariak...

Sustapen guztietan nahikoa informazio eman beharko da eta honako hauek zehaztu:

  • Sustapenean dauden produktu edo zerbitzuak.

  • Sustapenaren baldintzak.

  • Sustapenaren iraunaldia.

Sustapenean dauden produktuek ezin dute beren balioa gutxitu dezakeen ezer izan. Horrez gain, egon daitekeen eskariari erantzuteko beste izakin eduki beharko du saltokiak, eta sustapenak iraungo du eskainitako produktuaren izakinak eskura dauden bitartean, ez gehiago.

Hondatutako edo zaharkitutako produktuak saltzen dira saldoetan.

Artikulu horiek ezin dira saldu ohiko baldintzetan; beraz, merkeago eros daitezke. Salgai jartzeko inguruabarrak eta arrazoi zehatzak zehaztu behar dituzu.

Merkaturatzen dituzun produktu guztiak ez badaude saldoen salmentan, saldoan eskainitako produktuak besteengandik fisikoki berezituta egongo dira.

Salmenta-mota honetan erreklamazioak egin ahal izango dira, baina bakarrik produktuak akatsen bat badauka edota bere egunean jakinarazitako tara ez den beste hutsen bat badauka.

Likidazioko salmenta hainbat arrazoiengatik egin daiteke:

  • Merkataritza-jarduera erabat, zati batean, behin betiko edo aldi baterako eten bada.

  • Negozio aldaketagatik, lokala itxi edo eraldatzeagatik.

  • Merkataritza-jarduera garatzeko oztopo izan daitekeen edozein ezinbesteko gertatu delako.

Salmenta-mota honetan eskaini daitezkeen produktuak saltokiko izakinak izan behar dute. Likidazioko salmentaren publizitatean likidazioa egiteko arrazoiak azaldu beharko dira, eta noiz hasi eta noiz arte iraungo duen. Merkataritza-jardueraren zati bat utziko bada, likidazioan jarriko diren salgaien zerrenda ere adieraziko da.

Likidazioko salmentak, gehienez ere, urtebete iraungo du.

Hurrengo hiru urteetan ezingo da aurrekoaren antzeko produktuen beste likidazio bat egin saltoki berean, non eta ez den jarduera osorik bertan behera utzi nahi, edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik.

Jendearentzako ordutegia eta zein egunetan dagoen irekita, establezimenduen kanpoaldetik ikusteko moduan jarri behar da, baita itxita dagoenean ere.

  • Zilegi ez den publizitatea saihestea. Egiazko informazioa edo publizitatea erabiltzeko eginbeharra betetzea. Saihestea errakuntza sor dezakeen publizitatea edota funtsezko datuak isilarazten dituena, horren ondorioz, ondasuna edo zerbitzua egiaz nolakoa den ezin baldin bada jakin.

  • Bortxazko metodoak, metodo engainagarriak edo erasotzaileak eta bezeroak atzemateko metodoak saihestea, metodo horiek pertsonek duten hautatzeko askatasuna murrizten badute.