Eraikuntza
Gatazka
Erreklamazioa aurkeztu zaion enpresak (aurrerantzean, Nodamasal), erreklamatzaileak (aurrerantzean, Mikel) aurrekontua onartu ondoren, balkoiko leiho zahar bat eta egurrezko ate bat ordezkatu zituen PVC-ko beste berri batzuengatik. Azken hauek aurrekoak baino profil zabalagokoak dira eta ondorioz pasabideko zabalera murriztu egin da. Hori dela eta Mikelek Nodamasali erreklamazioa aurkeztu dio, uste baitu ez zuela baimendu atearen eta leihoaren neurriak aldatzea, aurretiaz zituen bezalako ate eta leihoak ordezkatzea baizik.
Mikelek obra gelditu zuen eta lanak bukatu gabe geratu ziren.
Mikelek argudiatu du garbigailua balkoiko kanpoaldean aurkitzen dela eta ate berriaren neurriek hura ateratzea eragozten dutela eta Nodamasalek aurrekontua egin zuenean garbigailuaren kokapena ezagutzen zuela gaineratu du.
Horregatik guztiagatik, Mikelek eskatu du jarri dizkioten atea eta leihoa lehen zituen neurri bereko beste batzuengatik ordezkatzea.
Nodamasalek bere aldetik, alegatu du jarritako leihoaren eta atearen neurriak onartutako aurrekontuan adierazitako berberak direla, baina pasabideko zabalera murriztu egin dela PVC-ko atearen profila (70 mm) zabalagoa delako. Halaber, adierazi du instalazio egunera arte ez zutela jakin ezer balkoiko armairu batean zegoen garbigailu bati buruz.
Era berean, Nodamasalek azaldu du Mikelek profilaren neurriak ezagutzen zituela aurrekontuaren bidez eta Nodamasalen erakusketaren bidez eta jarritako balkoiko ateak estandarrak betetzen dituela eta ez duela inongo eragozpenik pasatzen usteko. Eta garbigailua atera behar izanez gero, leihotik egin daitekeela ere gaineratu du.
Arbitraje-erabakia
Arbitraje-elkargoak Mikelek Nodamasalen aurka dituen asmoak PARTZIALKI BAIEZTEA erabaki du.
Nodamasalek bukatu gabe dauden lanak amaitu beharko ditu gehienez 20 laneguneko epean honako laudo hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Eta bere aldetik, Mikelek ordaintzeke dagoen faktura ordaindu beharko dio Nodamasali gehienez 10 eguneko epean, Nodamasalek lanak bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laudoa AHO BATEZ onartu da.
Azalpena
Arbitraje-elkargoaren ustez, eztabaidaren gaia zera da: Nodamasalek atean eta leihoan egindako lanak aldez aurretik aurrekontuan jasotakoarekin bat badatoz eta mota honetako lanen kalitate-irizpideak betetzen badituzte; ala aitzitik, Mikelek alegatu dituen akatsak Nodamasalek kontratua ez betetzearen ondorio badiren zehaztea. Kasu honetan, horien kalte-ordaina legokioke (Kode Zibileko 1101. artikulua).
Arbitraje-elkargoaren ustez Mikelek atean eta leihoetan alegatzen dituen akatsak ez dira halakotzat hartu behar, egindako lanek indarrean dagoen araudia eta aurretik aurrekontuan jasotako ezaugarriak betetzen baitituzte.
Mikelek jarritako atea lehen zuena baino estuagoa dela mantentzen du eta hau bere erreklamazioa jartzeko arrazoietako bat da. Bada, Arbitraje-elkargoak ulertzen du egungo atea estuago dela 70 mm-ko PVC-ko profila, aurrekontuan adierazi bezala, lehen zeukan egurrezkoa baino zabalagoa delako, eta beraz geratu den pasabidea estuagoa delako.
Mikelen erreklamazioa oinarritzen deneko beste arrazoietako bat da garbigailua ez dela atetik ateratzen, eta hori lehen arazorik gabe egin zezakeela. Arbitraje-elkargo honen ustez, egite hau ezin da erabakigarritzat hartu kasu honetako zirkunstantziak baloratzerakoan; izan ere, lehenik eta behin garbigailua leihotik atera daiteke eta are garrantzitsuagoa dena, aurreko paragrafoan azaldutako argudioekin bat etorriz ez da ikusten Nodamasalek kontratua bete ez duenik.
Hala ere, aurretik esandakoa ez da traba Arbitraje-elkargo honek bukatu gabe dauden lanak amaitu behar direla esateko. Zehazki, Arbitraje-elkargoaren ustez Nodamasalek honako lanak egin beharko ditu:
- Leihoaren eskuineko aldeko kristal hautsia ordezkatu eta haren itxitura perfektua egokitu.
- Balkoiko ateko pertsianaren kanpoko eskuineko gida aldatu.
- Barruan zein kanpoan falta diren zangoak jarri eta erremateak egin, behar bezala zigilatuz.
- Balkoiko ateko zapatako isurbidearen beheko aldea trinkotu.
- Ateko pertsianako zintaren biltzailearen funtzionamendu egokia doitu, eta torloju klasea ere berdindu bi biltzaileetan.
Bere aldetik, Mikelek ordaintzeke zegoen 68019 zenbakidun faktura ordaindu beharko dio Nodamasali, 1.272,56 €, gehienez 10 laneguneko epean, Nodamasalek aurreko puntuan deskribatutako lanak bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.
Gatazka
Erreklamazioa aurkeztu zaion enpresak (aurrerantzean, Nodamasal) erreklamatzailearen (aurrerantzean, Ane) bainugelan bainuontziaren ordez dutxa bat jarri zuen. Handik denbora batera, lanak gauzatu zirenetik ia 20 hilabetera, ur-hodiak ez zuen ura husten eta Nodamasali deitu zion hodia libratzera joan zitezen. Nodamasal ez zen joan eta egun batzuk geroago, Anek bere aseguru konpainiako iturgin-latorrigile bati deitu zion. Azken honek dutxako ur-hodia libratu zuen, baina berriro gertatuko zitzaiola esan zion ur-hodia txarto zegoelako eta “isurbideak malda kontran” zeukalako. Ordutik ondo funtzionatzen zuen, baina Anek berriro gertatuko zitzaion beldur zen.
Anek Nodamasali eskatu dio ura husteko ur-hodia aldatzea txarto jarrita dagoelako eta oso txikia delako 75 €-tan (hasierako aurrekontuan “hodia konpondu” kontzeptupean zehaztutako kopurua).
Nodamasalek argudiatu du denbora horren ondoren oso normala dela ura husteko ur-hodiak buxatzea dutxa normaltasunez erabiltzeagatik, sedimentuak pilatzen direlako eta isurbide orok izan behar duen mantentze falta besterik ez dela. Beraz, ez dute uste buxaduraren erantzuleak direnik; izan ere, 20 hilabetez behar bezala funtzionatu bazuen, isurbidearen baldintzak aldatu zituen gorabeheraren bat gertatu zela esan nahi zuen. Eta gaineratu du ez dutela ordezkapena bere gain hartuko balbula 40 mm-koa baitzen, araudiak markatzen duen bezala, eta beraz, ez delako txikia.
Azkenik, Nodamasalek azaldu du Aneren eskaerak bainugelako hoditeria guztia aldatzea ekarriko lukeela, eta komun-ontzi guztiak desmuntatzearen, lurzoru osoa eraistearen eta berunezko hodi zaharrak PVC-ko hodi egokiekin ordezkatzearen kostua 600 €-koa izango litzatekeela (400 € materialak eta 200 € eskulana - BEZ barne).
Arbitraje-erabakia
Arbitraje-elkargoak Aneren asmoa bere osotasunean ezestea erabaki du.
Laudo hau AHO BATEZ onartu da.
Azalpena
Arbitraje-elkargoaren ustez behar bezala egiaztatuta geratu da Nodamasalek Aneren etxebizitzako bainugelan, bainuontziaren ordez dutxa jartzeko egindako lanak behar bezala egin zirela eta Aneren dutxako isurbideko ur-hodien buxaduraren arrazoia ez dela Nodamasalek dutxa-platera modu desegokian instalatu izana.
Arbitraje-elkargoak kontuan izan du Anek dutxako isurbideko hodia buxatzeagatiko erreklamazioa, dutxa instalatu eta ia 20 hilabetera jarri zuela, eta beraz ezin zaiola Nodamasali egotzi gaizki egin izana; izan ere, instalazioa desegokia izan balitz, ur-hodiaren buxadura lehenago gertatu beharko baitzen.
Gainera, Anek aitortu zuen lanak bukatu ondoren dutxako isurbideak ondo funtzionatu zuela eta buxadura garbitu ondoren isurbideak berriz ere ondo funtzionatzen zuela; eta beraz, bazirudien isurbideen mantentze arazo bat zela.
Prozedura Zibileko Legearen 217. artikuluan xedatutakoaren arabera, Aneri dagokio erreklamatzen diren egitateak frogatzea. Kasu honetan, ordea, Anek ez du egiaztatu bainuontziaren ordez dutxa jartzeko lanak behar bezala ez egin izana.
Azken aldaketako data: