Erreklamazio-orriak edukitzea eta ematea: enpresen betebeharra
Euskadin ondasunak komertzializatu edo zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek (saltokiak, tabernak, jatetxeak, banku-erakundeak, aseguru-etxeak, gremioak edo etxez etxeko zerbitzua ematen dutenak) erreklamazio-orriak izan behar dituzte kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura.
Gainera, kartel elebidun bat jarri behar da jendaurrean, modu ikusgarri eta irakurgarrian, testu hau duelarik: "Nahi duenak eskuragarri ditu erreklamazio-orriak / Existen hojas de reclamaciones a disposición de quienes las soliciten". Idazkun horren letrek, gutxienez, zentimetro batekoak izan behar dute.
Erreklamazio-orria eskatzen duen tokian bertan eman behar zaio kontsumitzaileari, edo kontsumitzaileentzako informazio- edo arreta-leku gisa identifikatutako lekuan, unean bertan, urrutiago dagoen beste leku batera joanarazi gabe.
Erreklamazio-orririk ez egotea edo kontsumitzaileei eman nahi ez izatea arau-hauste zigorgarria da. Hala, kontsumitzaileak arrazoi horregatik bakarrik jar dezake dagokion erreklamazioa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan, egokitzat jotzen duen bidearen bitartez.
Enpresa eta saltokiek, erreklamazio-orrien inprimakiak eskuratzeko orduan, hauetako bide bat aukeratu dezakete:
- Erreklamazio-orriak online erostea.
- Dagokion bulegoan bertan erostea:
Enpresa edo establezimendu eskatzaileak tasa txiki bat ordaindu behar du. Liburu bakoitzean, 40 inprimaki daude.
Kontsumitzaileak inprimakian erreklamazioaren arrazoiak azaldu behar ditu. Gero, enpresak erreklamazio-orria sina dezake, eta egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzake, orri berean, horretarako berariaz prestatuta dagoen tokian; bere datuak jarri eta, halaber, sinatu egin behar du. Horren ondotik, enpresak inprimakiaren kopia arrosa hartu eta gorde egin behar du, Ikuskatze-Zerbitzuak eskatzen dionerako.
Administrazioak, kontsumitzaileak bidalitako jatorrizko erreklamazioa jaso eta gero, erreklamazioa jaso duen establezimenduari igorri behar dio, eta hamar egun balioduneko epea eman behar dio alegazioak egin ahal izateko eta egokitzat jotzen dituen frogak aurkezteko.
Erreklamazio-orria aurkeztuta hasten den prozeduran, alderdien arteko bitartekari-lana egitea da Administrazioaren eginkizuna, kontsumo-gatazkari irtenbidea ematen laguntzeko. Hori alde batera utzita, Administrazioak, baldin eta susmoa badu enpresak edo establezimenduak administrazio-hausteren bat egin duela, zigor-espediente bat abiaraz dezake.