Kontsumobide

Bankari eta aseguruei buruzko ohiko galderak

Kreditu bat eskatu eta deusez jotako klausula batetik eratorritako hipoteka-gastuak ordaindu dituzten pertsonek aukera dute klausula horren arabera ordaindutako zenbatekoak itzul dakizkien eskatzeko.

Abusuzko klausularen bat barne hartzen duen mailegu-kontratu bat sinatu duen edozeinek erreklama ditzake gastuak, alde batera utzita hipoteka aktibatuta dagoen, kitatuta dagoen, eratu zeneko higiezina saldu den edo hasierako mailegu-kontratuaren gainean nobaziorik egon den.

Abusuzko klausulan sartuta dauden eta kontsumitzaileak ordaindu dituen hipoteka-eraketako gastu guztiak, honako kontzeptu hauengatik: gestoria-gastuak; jabetzaren eta notaritzaren erregistro-gastuak, bai eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga (AJD) eta tasazio-gastuak ere, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

  1. Gestoriako gastuak mailegu-emaileari (banketxeari edo antzekoari) egotziko zaizkio oso-osorik 2019ko ekainaren 16az geroztik, nahiz aldez aurretik ez egon horretarako lege-aurreikuspenik. (Higiezinen kreditu-kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14.1 e) i artikuluaren arabera).
  2. Erregistro-gastuak mailegu-emaileak (banketxeak edo antzekoak) ordaindu behar ditu, subjektu horren alde inskribatzen edo idatzi baita eskubidea. (Jabetza Erregistratzaileen Arantzela onartzen duen azaroaren 17ko 1427/1989 Errege Dekretuaren II. eranskineko zortzigarren arauaren arabera; eta, 2019ko ekainaren 16tik aurrera, Higiezinen kreditu-kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14.1 e) iii artikuluaren arabera).
  3. Notaritza-gastuak erdibana ordainduko dituzte mailegu-hartzaileak (kontsumitzaileak) eta mailegu-emaileak (banketxeak edo antzekoak), 2019ko ekainaren 15era arte. (Banaketa zuzen hori egiteko, Notarioen Arantzela onartzen duen azaroaren 17ko 1426/1989 Errege Dekretuaren II. eranskineko seigarren arauan oinarritu da Auzitegi Gorena).
    Data horretatik aurrera, hipoteka-maileguaren eskrituraren notario-zerga mailegu-emaileari bakarrik dagokio, eta kopiena, berriz, eskatzen duenari. (Higiezinen kreditu-kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14.1 e) ii artikuluaren arabera).
  4. AJD zerga mailegu-emaileari (banketxea edo antzekoa) dagokio hipoteka 2018ko azaroaren 10a baino geroagokoa bada, eta mailegu-hartzaileari (kontsumitzaileari), berriz, alderantziz bada. (Azaroaren 8ko 17/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri ondoren -Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bategina aldatu zuena –irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua).
  5. Tasazio-gastuak mailegu-emaileari (banketxea edo antzekoa) dagozkio hipoteka 2019ko ekainaren 15a baino lehenagokoa bada, eta mailegu-hartzaileari (kontsumitzailea) data horretatik aurrera. Auzitegi Gorenaren 2021eko urtarrilaren 27ko 35/2021 Epaiaren eta Higiezinen kreditu-kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14.1 e) i artikuluaren arabera.
  6. Irekiera-komisioa erreklamatzerik izango da, halaber, finantza-erakundeak ezin badu egiaztatu hipotekan duen aplikazioari buruzko informazio argi eta ulergarria eman duela, eta ezin badu egiaztatu benetan emandako zerbitzu bati edo erakundeak egindako gastu errealei dagokiola gastu hori.

Abusuzkotzat jotako klausula batetik eratorritako gastuen itzulketa eskatzeko epea bost urtekoa da, eta, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarekin bat etorriz, epe hori ezin izango da zenbatzen hasi eraginpeko pertsonak klausula hori abusuzkoa dela jakin arte. 

Auzitegi Gorenak ez du oraindik iritzirik eman gure Kode Zibilean adierazitako bost urteko epea zenbatzen hasi behar den uneari buruz, eta, beraz, gomendagarria da erreklamazioa lehenbailehen egitea.

Lehenik eta behin, eta beharrezko informazioa bildu ondoren -batez ere erreklamatu beharreko gastuekin lotutako fakturak- gomendatzen da erreklamazio bat aurkeztea hipoteka-mailegua eman zuen erakundeko Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuan edo Bezeroaren Defendatzailearen aurrean. 

Finantza-erakundeen arreta-zerbitzu guztien datuak Espainiako Bankuaren webgunean kontsulta ditzakezu: 

Erakundeak gehienez ere hilabeteko epean erantzun behar dio erreklamazioari. 

Erreklamazioari erantzuten ez badio edo kontsumitzailea ez badago ados jasotako erantzunarekin, ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko biderik eraginkorrena bide judiziala da. Kasu horretan, interesgarria izan daiteke hitzezko judizioaren bidera jotzea. 

Bestela, auzibidera jo nahi ez bada, kontsumitzaileak Kontsumoko Arbitraje Sisteman aurkez dezake erreklamazioa. Hala ere, kontsumoko gatazkak konpontzeko sistema alternatibo hori aldeen borondatean oinarritzen da, eta finantza-erakundeak arbitraje-sistema horri atxikitzeari uko egingo balio, espedientea artxibatu egingo litzateke. 

Bestalde, aurreko aukerak alde batera utzita, kontsumitzaileak uste badu finantza-erakundeak kontsumo-araudia urratu duela, hala nola hipoteka-maileguaren kontratuan abusuzko klausulak sartu dituelako bere ustez, Kontsumobiden salaketa jartzeko aukera izango du, finantza-erakundeari zehapen-espediente bat ireki diezaion, hala badagokio, kontuan hartuta horrek ez dakarrela interesdunari ordaindutako zenbatekoak itzultzerik.

Lehenbizi idatziz aurkeztu behar duzu kexa edo erreklamazioa banketxeko bezeroaren arretarako zerbitzuan edo bezeroaren babeslearenean.

Kexak eta erreklamazioak idatziz aurkeztu behar dira eta aipatu behar dira: eskatzailearen izena, abizenak, NANa eta helbidea, bai eta erreklamazioa eragin duten gertaerak eman diren banketxearen izena eta bulegoa ere.

Hura aurkeztu zenuenetik 2 hilabete igaro eta ez baduzu erantzunik jaso edo jasotako erantzunarekin ados ez bazaude, erreklamazioa aurkeztu ahal duzu organismo ikuskatzailearen aurrean. Bitarteko erakundea edozein izanik ere, produktuaren edo zerbitzuaren araberakoa izango da kexei eta erreklamazioei erantzungo dien ikuskatzailea.

  • Espainiako Bankua (BE): kreditu-erakundeek merkaturatutako banku-produktuekin eta -zerbitzuekin lotutako gorabeherak, eta tasazio-elkarteen edo moneta trukatzeko establezimenduen jardueratik sortutakoak.
  • Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala (CNMV): inbertsio-produktuen edo -zerbitzuen gorabeherak, bitartekaria inbertsio-zerbitzuen enpresa bat izan nahiz kreditu-erakunde bat izan (normalean, bankuak eta aurrezki-kutxak).
  • Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusia (DGSFP): aseguru-kontratuen eta pentsio-planen gorabeherak, aseguru-erakundeen, pentsio-funtsen kudeatzaileen eta aseguru-bitartekarien jarduerekin lotuak (baita kreditu-erakundeen jarduerekin lotuak ere, produktu horiek merkaturatzen dituztenean).

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Espainiako Bankuaren esanetan, oro har, banketxeak bezeroari eman behar dizkio eskatutako funtsak, banku-kontuetan edo ageriko gordailuetan badaude, zenbatekoa handia izan edo ez izan.

Nolanahi ere, erakundeek ezin dute uneoro eta % 100ean bermatu, eskaera posible guztiei erantzuteko nahikoa eskudiru izatea. Horregatik, zentzuzkoa izan daiteke:

  • Erakundeak eskudirua atzeratzeko proposamena egitea bezeroari.
  • Bezeroak ez badu atzeratzerik onartzen, erakundeak beste ordainketa-sistema batzuk eskaintzea (adibidez, banku-txeke bat ematea) inongo komisiorik gabe.

Azken berrikuspena: 2018eko iraila

Ordainketa-Zerbitzuei buruzko Legea indarrean jarri zenetik, eskubidea duzu helbideratutako ordainketak itzultzeko agindua emateko.

Bi epe bereizi dira, kontuan kargatzea aurretik baimenduta zegoen edo ez kontuan hartuta:

  • Baimenduta ez bazegoen, oharra egin eta, gehienez ere, 13 hilabeteko epean eman behar da itzultzeko agindua.
  • Ordainketa aurretik baimenduta bazegoen, baimendutako ordainketa-eragiketen kopuru osoa itzultzeko eskubidea duzu, baldintza hauek betetzen baditu:
    • Baimendu zenean, ordainketa zenbatekoa izango zen zehatz ageri ez bazen.
    • Kopurua, aurreko jardunbideak kontuan hartuta, ordaintzeko agindua eman zuenak espero zezakeena baino handiagoa bada.

Bigarren kasu horretan, erakundeak eska diezaizuke baldintza horiei buruzko datuak aurkezteko. Hala, bigarren kasu horretan, gehienez ere zortzi aste daude itzultzeko agindua emateko, funtsak kontuan zordundu diren egunetik kontatuta.

Bi kasuetan, erakundeak itzultzeko eskaera jaso eta 10 egun balioduneko epean itzuli behar dizu ordainketaren zenbatekoa oso-osorik edo, bestela, zenbatekoa zergatik ez dizun itzuliko justifikatu; kasu horretan, erreklamatzeko zer prozedura judizial eta estrajudizial dituzun adierazi behar dizu.

Araudia: 16/2009 Legea, azaroaren 13koa, Ordainketa-Zerbitzuei buruzkoa.

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Bai. Komisioak kobratu ahal dizkizu baldin eta:

  • Komisioa behar bezala zehaztuta badago banketxeko tarifen liburuxkan, eta hura erregistratuta badago Espainiako Bankuan.
  • Finantza-erakundeak benetan emandako zerbitzuen truke bada.
  • Kontratuko dokumentuan aipatzen bada edo beste moduren batean eskuratu bada bezeroaren berariazko adostasuna.
  • Bezeroak eskatu edo onartu baditu komisioa justifikatzen duten zerbitzuak.
  • Proportzioan badago emandako zerbitzuarekin.

Komisioak baldintza horietakoren bat betetzen ez badu, erreklamazio bat aurkez dezakezu.

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Kreditu-erakundeek komisioak finkatzeko askatasuna dute; baina jendaurrean jarri behar dituzte, komisio- eta gastu-tarifak Espainiako Bankuan erregistratu ondoren, noiz eta zergatik aplikatuko diren adieraziz. Erakundeek ezin dute kargatu erregistratutakoak baino tasa handiagorik. Betiere, benetan emandako zerbitzuen truke edo jasandako gastuen truke izan behar dute komisio edo gastu horiek.

Azken berrikuspen: 2015eko otsaila

Etxeko aseguru bat kontratatzeak kredituak ematea errazten du eta, sarritan, finantzabaldintzak hobetzen ditu. Dena dela, ez da nahitaezkoa.

Hipoteka bat formalizatzean soilik kontratatu behar da nahitaez etxeko aseguru bat. Kontuan izan ez dela nahitaezkoa erakundeak proposatzen dizuna kontratatzea

Azken berrikuskpena: 2018ko urtarrila

Bat egiteko, erosteko edo bankuen artean saltzeko akordioak lortu arren, ezin dira aldatu hipoteka-mailegu bati, mailegu pertsonal bati edo kontratatutako beste edozein produkturi buruz hitzartutako baldintzak.

Baliteke, ordea, bezeroak bulego batetik bestera mugitzea, batzuk desagertu egingo direlako edo birkokatu egingo direlako, eta horrek eragina izan dezake aurrez aurre egin behar dituzun gestioetan.

Gerta daiteke iraupen mugagabeko produktu baten baldintzak aldatzea, hala nola banku-kontu bat mantentzea, baina hori ez da fusioaren ondorioa, banketxeek edozein unetan alda baititzakete mota horretako produktuen baldintzak. Gutxienez bi hilabete lehenago jakinarazi behar dute, aldaketa horiek eragiten dien pertsonak erabaki dezan aldaketa horrekin jarraitu nahi duen ala ez.

Informazio gehiago

Hipoteka-maileguei lotutako aseguruak kontratatzeko orduan, abusua da zuri aseguru horiek kontrataraztea, ez baitago elkarrekikotasunik aldeen artean. Horregatik, erakundeek beren burua babestu eta klausulak 'proposatzen' dituzte mailegu-kontratuen barruan; haien arabera, kreditu-erakundearen gidalerroei jarraituz aseguru horiek kontratatuz gero, hobari bat jasoko duzu (normalean, interes-tasaren diferentziala murriztea).

Hortaz, kontratua berrikusi beharko litzateke; hobekuntza hori egiten bada, a priori, ez dago abusuzko klausularik.

Araudia: 1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen Testu Bategina onartzen duena (82. artikulua).

Azken berrikuspena: 2017ko azaroa

Hipoteka-maileguaren ordainketan berandutzearen zigorrak ordaindu gabeko lehen egunetik hasten dira. Une horretantxe aktibatzen dira berandutze-interesak (bankuak finkatzen ditu maileguaren baldintzetan, eta, gehienetan, urteko eskatutako kopuruaren % 20 gainditzen dute, gehienez ere 2 edo 3 urteko).

Ordaindu ez izanaren jakinarazpen ofizial bat bidaltzen dizuten bakoitzean ere komisio bat kobratuko dizute.

Hiru hilabetez jarraian ordaindu ezean, kobrantzak kudeatzeko kanpo-prozesu bati ekiten zaio: berandutze-interes horiek hipoteka ordaintzen ez den lehen egunetik aktibatuko dira; jarraian hiru errezibo ordaindu ezean, berriz, 'berankor' izatera igaroko zara eta zure kreditua 'zalantzakor' izango da.

Azken berrikuskpena: 2015eko otsaila

Lehenik eta behin, zure ekonomiari kalte gutxien egiten dizkioten konponbideak bilatu behar dituzu. Ez bazoaz ordaintzera, berehala zerbait egitea komeni da.

Hainbat aukera daude. Honako hauek dira ohikoenak:

  • Maileguaren epea zabaltzea eta gabealdi osoa edo partziala aplikatzea.
  • Zorrak bateratzea.
  • Zorra ordaintzeko beste kreditu bat eskatzea. Aukera hori ez da batere gomendagarria. Akats larria da etengabeko zorpetze-kiribil batean sartzea, hipotekagatik ez ezik erantzun egin beharko baitzenuke kapitala, komisioak, interesak eta kreditu berriaren beste gastu batzuengatik ere.
  • Higiezina saltzea, zorra kitatzeko.

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Txartela baliogabetzen bada, berriro eskatu behar da. Bankuek txartela aldi baterako blokeatzeko aukera ematen dute; hori oso baliagarria izan daiteke zuretzat, litekeena delako txartela berriro aurkitzea.

Ez. Ordainketa-Zerbitzuei buruzko Legeak debekatu egiten du erabiltzaileak eskatu gabeko kreditu- edo zordunketa-txartelik bidaltzea.

Araudia: 16/2009 Legea, azaroaren 13koa, Ordainketa-Zerbitzuei buruzkoa.

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Erabiltzaileen gain doaz galera edo lapurreta salatu arte egindako iruzurrezko ordainketak, soilik 150 euro arte. Horregatik, txartela galdu edo lapurtzen badizute, lehenbailehen banketxeari edo txartela jaulki duen establezimenduari jakinaraztea komeni da, baliogabetu dezaten.

Azken berrikuspena: 2015eko otsaila

Legezkoa izateko, aseguru-polizaren barruan alderdi hori arautzen duen klausula bat egon behar da. Klausula horiek hobariak atalaren barruan jaso ohi dira eta ezartzen dute zer kasutan igo daitezkeen kuotak automatikoki. Horrela ez bada, aseguru-etxea kontratuan aldebakarreko aldaketa bat egiten ari da eta, aldaketa hori baliozkoa izateko, beharrezkoa da aseguru-poliza iraungi baino gutxienez bi hilabete lehenago jakinaraztea kontsumitzaileari eta hark onartzea.

Araudia: 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa.

Azken berrikuspena: 2014ko azaroa

Legez, aseguru-kontratua eta kontratuaren aldaketak edo gehikuntzak idatziz gauzatu behar dira. Aseguru-etxeak bakarrik proposatutako aldaketa batek kontratuaren oinarrizko elementuei (kontratatutako bermeak, primak...) eragiten badie, aldaketa hori kontsumitzaileari jakinarazi behar zaio aldez aurretik, eta kontsumitzailearen onarpena jaso behar du. Bestela, aldaketa ez da baliozkoa.

Araudia: 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa.

Azken berrikuspena: 2015eko uztaila

Aseguru Kontratuaren Legeak kontratua idatziz gauzatzea exijitzen du, baina horrek ez du esan nahi kontratua existitzen ez denik beronen baldintzak idazten eta izenpetzen ez diren bitartean; aitzitik, kontratuaren edukiaren dokumentu frogagarritzat hartzen da poliza.

Alderdi honek bere garrantzia dauka kasu honetan, izan ere, arauak hilabeteko epea ezartzen du poliza jaso denetik (baldintza partikularrak, orokorrak eta bereziak, baldin badaude) aseguruaren hartzaileak (gure kasuan, kontsumitzaileak) itundutakoaren eta polizan jasotakoaren artean dauden desakordioak adierazteko. Epe horretan adierazpen hori gertatzen ez bada, polizaren edukia egiazki itundutakoarekin bat datorrela ulertuko da (inor aurka agertu ez delako) eta aurrerantzean, izaera frogagarri hori edukiko du.

Horregatik, eta ahalik azkarren, pertsona horrek era frogagarrian aseguratzailearengana zuzendu behar du aurkitu dituen ‘okerrak’ zuzentzeko eskatzera. Horrela, bietako bat:

  • Edo aseguratzaileak frogatuko du polizaren edukia zehazki egokitzen zaiola itundutakoari.
  • Edo, ezezko kasuan eta zuzendu nahi ez badu, aseguruaren hartzaileak exijitu ahal izango du kontratua ezeztatzea.

Araudia: 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa (8. artikulua).

Azken berrikuspena: 2017ko azaroa

Honako kontzeptu orokor hauek kontuan hartu behar dituzu: 

  • Aseguratzaileari eskatzen dizkizun datu guztiak emateko betebeharra duzu. Legezko betebeharra da.
  • Kontratuaren indarraldian, aseguratzaileari arrisku-areagotzeak jakinarazteko betebeharra ere baduzu.

Egiten ez baduzu, ezbeharra gertatzen den unean aseguratzaileak kalte-ordaina murrizteko arriskua duzu edo eskatu zaizkizun datuak ezkutatu dituzula frogatzen badu baita bere betebeharra ez betetzeko libre geratu ere.

  • Aseguratzaileak, -bai zuk datuak emateagatik, bai aseguratzaileak informazioa zuzenean jasotzeagatik,- arriskua areagotzen bada, polizaren aldaketa eska dezake jakiten duenetik bi hilabeteko epean. Komunikazio hori dela-eta, proposatutako aldaketari ezezkoa eman diezaizuke (kasu honetan, primaren igoera), baina orduan aseguratzaileak poliza baliogabe dezake.

Arriskua areagotu ez bada eta datuak ezkutatu ez badituzu, erreklamazioa jar dezakezu. Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren bidea baliagarria izan daiteke kasu honetan.

Araudia: 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa (10. 11. eta 12. artikuluak).

Azken berrikuspena: 2017ko azaroa