Kontsumobide

Hegaldiak eta beste garraiobide batzuk

Hegazkin-konpaniak hegaldiak bertan behera uztea.
(informazio gehiago EBko  jarraibideetan)

Pandemia deklaratu izanak edo Espainiako Gobernuak edo beste edozein gobernuk ezarritako debekuek eraginda, hegazkin-konpainiek hegaldiak ezeztatzearen ondorioz kaltetuta atera diren aire-bidaiariek, honakoak izateko eskubidea dute, 261/2004 (EB) Erregelamenduari jarraituz: 

  • Informazioa: hegazkin-konpainiak laguntza eta kalte-ordainaren baldintzak biltzen dituen inprimaki bat ematea.
  • Laguntza: janaria eta edaria, 2 telefono-dei edo posta elektronikoko sarbidea eta, behar izango balitz, baita gau bateko edo gehiagoko ostatua eta aireportutik ostatura joateko garraioa ere.
  • Dirua itzultzea edo beste garraio bat. Hegazkin-konpainiak hiru aukera eskaini behar ditu: billetearen kostu osoa itzultzea, ahalik eta azkarren azken destinora bideratzea eta bidaiariarekin adostutako beste egun batean azken destinora bideratzea. 

Dirua itzultzeko eskubideari dagokionez, zenbatekoaren ordezko bonu bat eskaintzeak ez du eraginik izango bidaiariak, nahiago badu, dirua itzultzeko duen eskubidean. 

Bidaiariak ezereztea

Baldin eta hegazkin-konpainiak Osasun Ministerioaren gomendioz bidaiatu behar ez den herrialde edo leku baterako hegaldia ezereztu ez badu, gomendatzen da egiaztatzea ea garraio-kontratuaren baldintza eta terminoetan badagoen kontratua suntsiarazteko aukerarik edo hegazkin-konpainiak ematen duen hegaldia atzeratzeko edo aldatzeko aukerarik.

Hegaldia aldatzen ez bada, baina alarma-egoeran ezarritako neurrien ondorioz erabiltzailea kaltetuta atera bada, kontratua inolako penalizaziorik gabe suntsiarazteko eskubidea izango du. Hegazkin-konpainiak beste hegaldi bat eskaini ahal izango du eta ebazpenetik 60 eguneko epean bi aldeak akordio batera iritsi ez badira eskainitako aukeraren aurrean, ordaindutako zenbatekoa berriro jasotzeko eskubidea eduki ahal izango du.

Hegazkin-konpainiak ez baditu bere betebeharrak betetzen eta erabiltzaileak uste badu bere eskubideak ez direla bete, konpainiari erreklamatu behar dio, eta erantzunik jasotzen ez badu edo emandako erantzunak gogobetetzen ez badu, erreklamazio bat aurkez dezake Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzian (AESA), batere kosturik gabe. 

Hegaldiak bertan behera utzi izanari buruzko jardunbide eztabaidagarriak.

Kontsumobidek eztabaidagarriak izan daitezkeen jardunbideak antzeman ditu aire-konpainietan, eta kontsumitzaileak jardunbide horien ondoriozko kontsultak eta erreklamazioak egiten ari dira.

Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz hegaldi asko bertan behera geratu behar diren arren, airelineek ez dituzte azken unera arte bertan behera uzten hegaldi horiek, eta, zenbaitetan, bidaiatzeko asmoa zuten pertsonak kezkatu egiten dira, eta ez dakite ondo nola jokatu.

Une honetan aire-konpainia batzuk aurreratzen ari dira, eta hegaldiak bertan behera utzi baino lehen bezeroei hegaldi edo data alternatiboak eskaintzen dizkietekasu batzuetan baita txartelaren zenbateko bereko baleak ere, askotan gozamen-aldi mugatua dutenak.

Kasu horretan, bi aldeen arteko itun baten aurrean gaude. Konpainiaren jokabidea zuzena da, eta erabiltzaileak erabaki beharko du konpainiaren eskaintza komeni zaion ala ez. Aditzera eman behar da konpainiek, batzuetan, hegaldiaren data aldatzea eskaintzen dutela, baina gehigarri bat eskatzen dutela. Kontsumitzaileari aholkatzen diogu hegaldien prezioak aire-konpainiaren orrian egiaztatzea, konpainiak egin dion proposamena zenbatekoarekin alderatu ahal izateko.

Kontsumobidek hautemandako beste irregulartasunetako bat hau da: konpainiak, hegaldia bertan behera gera daitekeela ikusita, bidaiariari aukera ematen dio hegaldiaren data aldatzeko edo dirua itzultzeko. Kontsumobidek jakin du, bidaiariak dirua itzultzea aukeratzen duenean, batzuetan diruaren ordez bale bat jasotzen duela. Konpainiak aldez aurretik adierazi behar zion bidaiariari itzulketa bale baten bidez egingo zuela, bidaiariak erabakia hartzeko datu guztiak izan zitzan. Kontsumobideren iritziz, jardunbide hori ez da zuzena, emandako informazioa ez baitator bat benetako eskaintzarekin, eta arlo horretan esku hartuko du. 

Hegazkinak ez diren beste garraiobide batzuk
(informazio gehiago EBren jarraibideetan)

Trenez egiteko bidaietan, aholkatzen da konpainiek aldaketei eta bidaiak bertan behera uzteari buruz, eta bidaiariei inolako kosturik eragin gabe, premiaz gaitu dituzten neurri zehatzak kontsultatzea.

Beste kasu batzuetan, pertsona batek ezin duenean bidaiatu alarma-egoeran ezarritako neurrien ondorioz edo konpainiak bidaia bertan behar utzi badu arrazoi horrengatik, garraio-kontratua penalizaziorik gabe amaitu ahal izango du, alarma-egoera eta horren luzapenak amaitzen direnetik zenbatzen hasi eta 14 eguneko epean.

Garraiolariak bidaia alternatibo bat eskaini ahal izango dio, eta bidaia bertan behera utzi zenetik 60 egun igaro eta bi aldeak ados jarri ez badira eskainitako alternatibaren gainean, bidaiariari ordaindutako dirua itzuliko zaio ordainketa egin zen bide beretik. Hala eta guztiz ere, enpresak diru-itzulketak eragindako gastuak deskontatu ahal izango ditu, eta horiek behar bezala banakatu beharko dira eta inola ere ezingo dira penalizazio bat izan erabiltzailearentzat.

Azken aldaketako data: