Zuzendariaren ongietorria
Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutua funtsezko erakundea da pertsonen eskubideetarako. Gurea bezalako kontsumo-gizarte batean, kontsumitzaileen eskubideak etorkizuneko gizartearen zutabe dira, eta eskubide horien garapenean lan egitea ilusioz neure gain hartzen dudan erronka da.
Kontsumobidek hamar urte baino gehiago bete ditu euskal herritarren zerbitzura. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren mendeko erakunde autonomoa da. Euskadiko gizartearen zerbitzura, zinegotzi, alkate, senatari eta estatu-idazkari izan naizenez, urteetako esperientzia hori institutuari ematea espero dut.
Aldaketa-garaian gaude. Adimen artifizialak iraultza dakar, eta horren dimentsioa oraindik ez dugu zehaztu, baina dagoeneko kontsumo-modu berrien, elkarlaneko plataforma deiturikoen eta truke-modu berrien sorreraren lekuko eta partaide izan gara. Erronka zoragarri horiek etorkizun aberasgarria eta desafiatzailea ekarriko digute Kontsumobide osatzen dugunoi, baina baita gizarte osoari ere.
Ezagutza gaitasuna da, eta prestakuntzaren bidez iristen gara ezagutzara; horregatik da formakuntza Kontsumobidek egiten dituen profesional bikainen helburuetako bat, eta neure egiten dut helburu hori. Horrez gain, merkatuaren kontrolaz eta kontsumitzaileen erreklamazioen kudeaketaz ere arduratzen gara, bitartekaritzari lehentasuna emanez. Informazioa, aholkularitza eta kudeaketa eskaintzen ditugu, eta hurbiltasunetik egiten dugu.
Ezin dugu egungo eta etorkizuneko kontsumoa ulertu krisi klimatikoa eta kontsumo jasangarria, segurua eta arduratsua sustatzeko beharra aipatu gabe. Kontsumoak guztioi eragiten digu, etorkizuna guztiona da. Kontsumobide egiten dugun guztiok tematuta gaude zure eskubideak bermatzen eta defendatzen, eta herrialde hobe batean aurrera egiten. Web-atari hau tresna baliagarria izatea espero dugu.
Tontxu Rodríguez Esquerdo
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria
2024-07-22
Azken aldaketako data: