Kontsumobide

'Oinetakoak: etiketak, osaera eta kromoaren kontrol analitikoa' ikuskapen-kanpainaren emaitzak

Xedea

Hauxe izan da kanpainaren helburua: egiaztatzea oinetakoen etiketetan erabiltzaileari informazioa ematen zaiola oinetakoen osagai nagusien fabrikaziorako erabili diren materialei buruz, arautegiari jarraituz. Hala ere, dendei ezarritako beste informazio-betebehar batzuk betetzen diren ere egiaztatu da, eta larruaren kromo VIaren indizeak neurtzeko kontrol analitikoak egin dira bi laginetan.

Noiz egin zen

Kanpaina modu mailakatuan egin zen, 2016ko otsaileko zenbait egunetan, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kanpainen urteko planaren barruan.

Egindako jarduerak

Kanpainan 30 ikuskapen egin ziren protokolo bidez eta 2 lagin-bilketa bidez. Kontsumobideko hiru lurralde-zerbitzuek egin zituzten horiek denak.

Jarduketarako, helduen oinetakoak hartu ziren; ez ziren erabili bestelako oinetako motak, esate baterako bigarren eskukoak, umeenak, jostailuzko ezaugarriak dituztenak edo norbera babesteko ekipamenduetan (NBE) erabiltzen direnak.

Bisitak hiru lurralde historikoetako azalera handiko saltokietan, oinetakoetan espezializatutako kateetako dendetan eta oinetako-dendetan egin ziren.

Emaitzak

Ez-betetze hauek antzeman ziren:

  • Pare bakoitzeko oinetako batean gutxienez, etiketa ez zegoen inprimatuta, pegatuta, estanpatuta edo lotuta (% 6,66); etiketa ez zegoen erraz ikusteko eta iristeko moduko lekuan (% 3,33); edo testua ez zegoen gaztelaniaz gutxienez (% 3,33). Gainera, kasuen % 13,33an, ez zegoen fabrikatzailearen identifikazioaren eta helbidearen daturik, ez etiketan eta ez kutxan; eta haren lege-ordezkariaren edo Espainiako inportatzailearen datuak ere falta ziren.
  • Establezimenduen betebeharrei dagokienez, erdiak baino gehiagok ez zuten betetzen oinetakoen osagai nagusietan erabilitako materialak aipatzen dituzten piktogramen azalpen-kartela leku adierazgarri batean edukitzeko betebeharra.
  • Bestalde, kontsumitzaileen eskura erreklamazio-orriak daudela adierazten duen informazio-kartelik ez zegoen bistan bostetik batean.

Antzeman ziren protokolo-bidezko ez-betetzeen kasuan, ohartarazpen-gutunak bidali zizkien Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak saltokiei, indarrean dagoen arautegia gogorarazteko eta ohartarazteko arauak urratuz gero zehapen-espedientea ireki dakiekeela.

Lagin-bilketaren emaitzei dagokionez, laginetako batek ez-betetze bikoitza eman zuen: bat etiketan, barne-zolen forruaren osaera (larruzkoa zela jartzen zuen) ez zetorrelako bat benetako osaerarekin (larru eta ehuna); eta, bigarrenik, kromo VIaren indizeek gainditu egiten zituztelako baimendutako mailak.

Kasu horretan, oinetako horiek alerta-sarean sartu zituen Kontsumobidek.

Ondorioak

Emaitzek erakusten dutenez, hauxe da antzeman den ez-betetze nagusia: establezimenduek ez daukatela leku adierazgarri batean eta produktuetatik gertu jarrita oinetakoen osagarri nagusien materialen berri ematen duten piktogramak esplikatzen dituzten kartelak.