Kontsumobide

'Ontziratutako produktuen etiketak. Nahitaezko elikadura-informazioaren ikuskapena eta kontrola' ikuskapen-kanpainaren emaitzak

Xedea

Kanpainaren helburua izan da egiaztatzea ea ontziratutako elikagaien etiketetan sartuta dagoen nahitaezko elikadura-informazioa eta nutrizio-informazioa, araudian ezarritakoaren arabera. Halaber, egiaztatu da, kontrol analitikoen bitartez, ontziratutako aurrekozinatuetan agertzen diren datuak bat zetozela nahitaezko elikadura-informazioarekin, nutrizio-informazioarekin, nutrizio-adierazpenekin, lotearen identifikazioarekin eta produktuaren eduki garbiarekin.

Noiz egin zen

Kontrola 2016ko apirilaren 27tik maiatzaren 11ra bitartean egin zen, autonomia erkidegoek eta Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) elkarrekin planifikatutako kanpainen barruan.

Egindako jarduerak

Kanpainan, protokolozko 50 ikuskapen egin ziren: mota guztietako produktu ontziratuak ikuskatu ziren, eta aurrekozinatuen hamar lagin hartu ziren.

Jarduketak supermerkatuetan eta saltoki handietan egin ziren, eta Kontsumobideko hiru lurralde-zerbitzuek eta Irungo Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoko Ikuskapen Zerbitzuak egin zituzten.

Emaitzak

Protokolozko ikuskapenetan, ia produktu guztietan (% 98), etiketa bat zetorren araudiarekin. Ez-betetze bat baino ez zen atzeman: elikagai batean ez zen agertzen elikagaigintza-enpresaren operatzailearen izena edo izen soziala eta helbidea.

Laginei dagokienez, analizatutako produktuen % 90 bat zetorren indarrean den araudiarekin. Ez-betetze bat baino ez zen atzeman: produktuetako batean, etiketan nahitaez jarri beharreko aipamenetan erabilitako letraren tamaina txikiagoa zen indarreko araudiak eskatzen duena baino.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak komunikazioak bidali zizkien produktuaren arduradunaren helbideari zegokion kontsumo-agintari eskudunei.

Ondorioak

Emaitzetan ikusten denez, ikuskatutako ia produktu gehienek betetzen dute etiketatzeari buruzko araudia. Halaber, analizatutako elikagai guztietan, etiketan adierazitako produktu kantitatea bat zetorren analizatutakoarekin.