Ez dago pagotxarik; doakoa bada, zeu zara ordaina

Kasu errealak:

Ez dago pagotxarik; doakoa bada, zeu zara ordaina.

Interneten nabigatzen ari zela, Julenek amu bat ikusi zuen eta irentsi egin zuen. Saria erakargarria zen: izena emate soilagatik, kamiseta bat oparituko zioten, eta, ondoren, galdera batzuei erantzun eta Afrikan safari bat egiteko zozketan parte hartuko zuen.

Egunero ez dira horrelako aukerak sortzen, pentsatu zuen. Birritan pentsatu gabe, galderei erantzun zien, nahiz eta arraro samarrak iruditu: bere adinari buruz galdetzen zioten, arropa- eta musika-gustuei buruz, auto horri edo besteari buruz, etab. Galdera guztiei erantzun zien eta baldintzak onartu zituen.

Hori egitean, ateak ireki zizkion publizitate inbaditzaileari, eta bide guztietatik hasi zitzaizkion eskaintzak bidaltzen: mugikorrera, posta elektronikora... Gutunen bat ere iritsi zitzaion postontzira.

Julen asko haserretu zen; Robinson zerrendan zegoen izena emanda, eta ezin zioten publizitaterik bidali. KIUBera jo zuen, eta han jakinarazi ziotenez, “zozketa”n parte hartuta, sustatzaileei baimena eman zien hirugarren batzuei bere datuak uzteko, eskaintza “interesgarriak” bidal ziezazkioten. Irtenbide bakarra zeukan: eskaintzak jaso ahala, haiek banan-banan blokeatzea, eta Robinson zerrendan bere aukerak eguneratzea.

Aholkua.

Ez hartu parte Interneteko lehiaketetan edo inkestetan; haien helburu bakarra zure datuak lortzea da.

Mugikorrean edo ordenagailuan baimenen bat eskatzen badizute, dena ondo irakurri eta erabaki.

Argi eduki: zure datuek diru asko balio dute konpainia askorentzat, eta zerbait doan eskaintzen badizute (zozketak, jokoak, sarbide mugatuak denbora batez…), benetan nahi dutena zure datuak dira. Zeu zara ordaina.