6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Informazioa jasotzeko eskubidea

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

 

IV. Kapitulua - Informazioa jasotzeko eskubidea

14. artikulua. Printzipio orokorra

  • 1.- Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jasotzeko eskubidea dute, eskura jartzen dizkieten ondasunen eta zerbitzuen ezaugarri nagusiei dagokienez. Hala, bada, ondasun eta zerbitzu horiek era egokian erabiltzeko edo kontsumitzeko oharrak egin behar dira, eta erabilerak edo kontsumoak beren osasunerako eduki dezakeen arriskuaz ohartarazi behar da, era horretan, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek hautaketa jakinaren gainean eta arrazoizko eran egin ahal izan dezaten, eta ondasunak eta zerbitzuak segurtasunez eta gogobetetasunez erabil ditzaten.
  • 2.- Zerbitzuak egiteari dagokionez, zerbitzuen ezaugarriekin bateragarria den heinean, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute aurretiaz aurrekontu bat jasotzeko, idatziz eta behar bezala azalduta; aurrekontu horretan, zerbitzugintzaren edukia eta kostu banakatua zehaztu behar da.

15. artikulua. Gutxieneko informazioa

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura jarritako produktuek eta zerbitzuek etiketatzeko, aurkezteko eta argitaratzeko erregelamenduetan finkatuta dauden eskakizunak bete behar dituzte, eta, halaber, gutxienez, informazio hau eman behar dute, ondasunaren edo zerbitzuaren izaeraren arabera eta indarrean dagoen legeriari jarraiki:

  • a) Produktuen jatorria, izaera, osaera eta xedea.
  • b) Produktuek dauzkaten gehigarriak, horrelakorik badute.
  • c) Produktuen kalitatea, kantitatea, kategoria eta, halakorik badute, ohiko izena edo merkataritzako izena.
  • d) Prezio osoa edo aurrekontua, hala behar denean, eta produktua eskuratzeko edo erabiltzeko baldintza juridikoak edo ekonomikoak; argi eta garbi eta bereizirik adierazi behar dira produktuaren edo zerbitzuaren prezioa eta, halakorik egon bada, gehikuntzen edo beherapenen zenbatekoa, baita zerbitzuengatik, osagarriengatik, finantziazioagatik, ordainketa geroratzeagatik edo antzeko arrazoiren batengatik egon daitezkeen kostu gehigarriak ere.
  • e) Ekoizpena edo hornidura egin den eguna, produktua erabiltzeko edo kontsumitzeko gomendatzen den epea, edo iraungitze-data.
  • f) Produktua era egokian erabiltzeko edo kontsumitzeko jarraibideak edo argibideak, ohartarazpenak eta aurreikusten diren arriskuak.
  • g) Produktua era egokian kontserbatzeko jarraibideak.

16. artikulua. Etxebizitzei buruzko informazio-agiriak

  • 1.- Sustatzaile profesionalek edota enpresek etxebizitzak erosten edo alokatzen dituztenei ematen dieten informazioa egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko araudi orokorrak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesaren arloan xedatzen duenari jarraiki eta, hala behar denean, kontsumorako kreditua eta kontratazioko baldintza orokorrak araupetzen dituen araudiarekin bat.
  • 2.- Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko du agenteek etxebizitzak erosten dituztenei edo alokatzen dituztenei nahitaez eman beharreko informazioa. Informazio horrek, besteak beste, alderdi hauek hartuko ditu barne: etxebizitzen eraikuntzako ezaugarriak, instalazio guztien trazatua, erabilitako materialak, prezioa, ordaintzeko era eta etxebizitzaren eta kontura emandako zenbatekoen bermea.

17. artikulua. Publizitatea

  • 1.- Kontsumitzaileentzako eta erabiltzaileentzako produktuen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, edozein euskarri erabilita ere, era egokian egin behar da, publizitatearen gaineko legeria orokorraren esparruan, inork ez dezan uste okerrik izan produktu, ondasun edo zerbitzu horien ezaugarriei eta erosteko baldintzei dagokienez.
  • 2.- Euskadiko administrazio publikoek, beren arautze-esparruaren barruan, legearen aurkako publizitatea etetea edo zuzentzea zainduko dute, publizitate horrek kontsumitzaileen eskubideak urratzen baditu, eta, bereziki, lege honen 5. artikuluan jasotako taldeak ukitzen baditu.

18. artikulua. Informazio-arloko administrazio-jarduerak

Euskadiko administrazio publikoek egingo dituzten jarduerak honako hauek dira:

  • a) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa zabal dakien bultzatzea eta beren elkarteekin eta, orobat, enpresa-erakundeekin eta merkataritza-ganberekin informazio-kanpainetan modu eraginkorrean parte hartzeko formulak hitzartzea.
  • b) Komunikabideetan kontsumoko gaiak zabaltzeko saioak sustatzea.
  • c) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin, enpresa-erakundeekin eta merkataritza-ganberekin lankidetzan, kalitatearen bereizgarriak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko produktuentzat, ondasunentzat eta zerbitzuentzat.
  • d) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei merkatuan aurkitutako produktu arriskutsuei buruzko informazioa ematea, erregelamenduz ezarritako moduan.

19. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoak

  • 1.- Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei lege honek aitortzen dizkien eskubideak behar bezala erabiltzeko informazio eta orientabide egokiak emate aldera, eta, oro har, beren legezko interesak babeste aldera, Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko bulegoak eta zerbitzuak ?hala titulartasun publikokoak nola kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte baten menpekoak? sortzea sustatuko, indartuko eta, hala behar bada, bideratu edo lagunduko du.
  • 2.- Eusko Jaurlaritzak udalen menpeko edo udalek sortutako erakundeen menpeko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoak sortzea bultzatuko du, eraginkortasunaren, efizientziaren eta hurbiltasunaren irizpideak aintzat hartuta.
  • 3.- Debekatuta dago kontsumitzaileei edo erabiltzaileei produktuen, ondasunen edo zerbitzuen publizitatea egitea, berariaz edo isilpean, artikulu honek aipatzen dituen informaziorako bulegoetan.

20. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoak koordinatzea

  • 1.- Eusko Jaurlaritzak, kontsumoko gaietan eskumena duen sailaren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoen lana koordinatuko du, eta, horrenbestez, ezartzeko eta ibiltzeko behar duten laguntza teknikoa eta ekonomikoa emango die bulego horiei, erregelamenduz zehaztutako moduan.
  • 2.- Koordinatzeko lan horren barruan, kontsumoko informazio eta laguntza zentroen informatikako sarea eratuko da. Sari horri atxiki ahal izango zaizkio hala bulego publikoak nola pribatuak. Eusko Jaurlaritzaren kontsumoko gaietan eskumena duen organoak bere menpean edukiko du sarea, eta harexek kudeatuko du. Sare horrek bidea emango du informazioa arin bidaltzeko, arazoak non gertatzen diren berehala jakiteko eta jarduera zehatzak planifikatzeko.
  • 3.- Era berean, kontsumoko informazio eta laguntza zentroen erregistroa eratuko da, arlo horretan eskumena duen sailaren menpe. Horrenbestez, erregistro horretan, Euskadin dauden kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoak inskribatuko dira, hala titulartasun publikokoak nola pribatukoak, eta kategoriatan sailkatuko dira, bakoitzak bere gain hartu dituen zereginen eta eskumenen arabera eta eskura dituen baliabideen arabera.

21. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoen zereginak

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoek honako zeregin hauek har ditzakete beren gain:

  • a) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa, laguntza eta orientabidea ematea, beren eskubideak era egokian balia ditzaten, eta, orobat, kontsumo-arloko erreklamazioetan bitartekaritza-lanak egitea, dagokien lurralde-eremuaren barruan.
  • b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen salaketak jasotzea, erregistratzea eta jaso izana aditzera ematea, salaketa horiek dagozkien erakundeei edo organoei bidaltzea, eta haien jarraipena egitea interesdunak behar bezala informatu ahal izateko gero.
  • c) Alderdi interesdunek eskatuta, irizpena emateko eskaera aurkeztea dagokion organoari, eta, eskaera horrekin batera, gai horren gaineko informazio guztia zehatz-mehatz ematea.
  • d) Kontsumo-arloan informazioa eta heziketa ematea.
  • e) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei merkatuan eskura jartzen zaizkien produktuen edo zerbitzuen erregistroari eta baimenari buruzko datuak ematea, baita, arriskutsuak izan daitezkeelako, etenaldian, kenduta edo debekatuta dauden produktuei buruzko datuak ere; eta, orobat, erabilera edo kontsumo arrunt, ohiko eta orokorreko produktuen prezioen eta baldintzen araupetzeari buruzko informazioa ematea.
  • f) Titulartasun publikoko bulegoei dagokienez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei laguntza ematea, beren jardun-eremuan, eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei elkarte horien izateaz eta egiten dituzten jarduerez behar den informazio guztia ematea, kontsumoaren esparruan asoziazionismoa sustatzeko.
  • g) Informazioko kanpainak egitea kontsumitzaileek eta erabiltzaileek hobeto jakin dezaten beren eskubideak eta betebeharrak zein diren, eta, halaber, programak garatzea pertsona horiek arlo horretan duten heziketa-maila eta prestakuntza hobetzeko. Kanpainak eta programak garatzerakoan, beren jardun-eremuan dauden kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen proposamenak eta laguntza izango dituzte.
  • h) Kontsumoko gaiei buruzko agiri teknikoak eta juridikoak izatea, eta, halaber, gai horietako ikerketak eta azterlanak bultzatzea.
  • i) Kontsumoko Arbitraje Batzorderik ez dagoen udalerrietan, interesdunek eskaturik, arbitraje-eskaera aurkeztea Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari.
  • j) Eskaera jakinak jasotzea eta horiek eskumena duten agintariei aurkeztea, egiten dituzten zerbitzuren batzuk aldatzeko edota beste zerbitzuren batzuk ezartzeko, hori egitea beharrezkotzat jotzen bada.

22. artikulua. Administrazio publikoek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoekin dituzten betebeharrak

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako bulegoek beren zeregina behar bezala bete ahal izateko, erakunde publikoek honako datu hauek eman behar dizkiete, gutxienez, kontsumoko gaietan eskumenak dituen sailaren bidez:

  • a) Produktuen, zerbitzuen, jardueren eta zereginen erregistroari eta baimenari buruzko aipamena.
  • b) Pertsonen osasunerako edo segurtasunerako edota ingurumenerako arrisku larria izan daitekeelako, etenaldian, kenduta edo debekatuta dauden produktuen, zerbitzuen, jardueren eta zereginen zerrenda.
  • c) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen esparruan arau-hauste larriak edo oso larriak egiteagatik jarri diren zehapen irmoen zerrenda, zehatutako pertsonak edo erakundeak berariaz aipatuta eta zehapena jartzeko arrazoia emanda, zehapen osagarri gisa zehapena argitara ematea erabaki den kasuetan, lege honen 58. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
  • d) Kontsumo edo erabilera arrunt, ohiko eta orokorreko produktuek, zerbitzuek, jarduerek eta funtzioek dituzten baldintza eta prezioei buruzko arauen zerrenda.

23. artikulua. Kontsumoko gaietan Europan dagoen informaziorako sarbidea izatea

Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei Europar Batasunaren barruan transakzioak egitean laguntza eta orientabidea emateko, Eusko Jaurlaritzak kontsumoko gaietan Europako informaziorako sarbidea izatea bermatuko du. Ildo horretan, Europan kontsumoaren esparruan egiten diren proiektuetan eta dauden erakundeetan parte hartuko du, eta eguneratuta izango du beti Europako erakundeen araudiari, jarduerari eta proiektuei buruzko informazioa, baita Europako beste estatu eta eskualde batzuen jarduerei eta proiektuei buruzko informazioa ere.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: