6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Ordezkaritza, kontsulta eta partaidetzarako eskubidea

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

 

VI. Kapitulua - Ordezkaritza, kontsulta eta partaidetzarako eskubidea

28. artikulua. Ordezkaritza, kontsulta eta partaidetza

  • 1.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak.
  • 2.- Euskadiko herri-administrazioek dagokien eremuan kontsumitzaileen aldeko elkarteak sortzea sustatuko dute eta baita horien partaidetza bermatu ere kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide edo interesek zuzenean edo zeharka eraginik izan dezaketela ikusten den arlo publiko guztietan. Gainera, enpresa-erakundeekin edo erakunde profesionalekin elkarrizketa sustatuko dute.

29. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak

  • 1.- Lege honen ondorioetarako, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte izango dira, oro har edo produktu edo zerbitzu zehatzei dagokienez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestu eta defendatzea helburu duten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak, elkarteen arloan indarrean dagoen legeriaren arabera eratzen direnak.
  • 2.- Kontsumitzaileek kooperatiba-legerian oinarrituta sortzen dituzten erakundeak ere kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira, baldin eta horien helburuetako bat kideak hezi eta prestatzea bada eta horretarako funtsa eratzera behartuta badaude, legeria zehatzaren arabera.

30. artikulua. Betekizunak

Lege honetan eta hau osa dezaketen xedapenek ematen dituzten onurez baliatzeko, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta hauek eratutako federazio eta konfederazioek honako betekizunak bete beharko dituzte:

  • a) Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteei buruzko Erregistroan inskribatuta egotea.
  • b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
  • c) Onura-mota bakoitza lortzeko legez ezartzen zaizkien baldintzak eta betekizunak biltzea. Betekizun hauek erregelamenduz zehazteko unean, besteak beste, honako irizpideak jarraituko dira: Euskal Autonomia Erkidegoan duten lurralde-ezarpena, kide-zenbakia eta jarduera-programa.

31. artikulua. Jarduketa-printzipioak

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek fede onaren, leialtasunaren eta prestasunaren printzipioetan oinarrituz egingo dituzte beren jarduketak. Ez dute daturik zabalduko horretarako akreditazio, analisi-emaitza edo behar bezala kontrastatutako kalitate-kontrolik ez badago. Dena dela, honek guztiak ez dio kalterik egiten elkarteek egoki ikusten dituzten salaketak jarri ahal izateko duten eskubideari.

32. artikulua. Aitortutako eskubideak

Honakoak dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen eskubideak:

  • a) Kontsultan entzunak izatekoa dagozkien eskubide eta interesetan zuzeneko eragina duten arau orokorrak garatzeko prozeduran.
  • b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zerbitzuak egiteko kontratu-ereduak garatu eta onesten parte hartzekoa, zerbitzu horiek enpresa publiko edo pribatuen bitartez herri-administrazioek egiten dituztenean.
  • c) Euskadin eratzen diren kontsulta-batzordeetan parte hartzekoa, baldin eta, gaiaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesaren aldeko gaiak jorratzen badira.
  • d) Sustatzen dituzten zehapeneko administrazio-prozeduretan interesatu gisa agertzekoa, prozedura horiek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak babesteari buruzkoak badira.
  • e) Kontsumoko arbitraje-sisteman parte hartzekoa, hori arautzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraiki.
  • f) Legez ezarritako markoan doako justiziaren onuradun izatekoa.
  • g) Herri-onurakotzat jotzekoa, horretarako ezarritako betekizunak betetzen dituztenean.
  • h) Beren helburuak garatzeko behar bezala onesten diren laguntza eta diru-laguntzak jasotzekoa.
  • i) Bazkideak, elkartea eta oro har kontsumitzaileen interes kolektiboak babesteko egin beharreko egintza judizialak zein judizialak ez direnak egitea, aplikatu beharreko legeriaren arabera.
  • j) Xede berak dituzten eta lurralde-esparru zabalagokoak diren talde edo federazioetan sartzea.
  • k) Gatazkak konpontzeko sistemak sustatzea.

33. artikulua. Eskubideak galtzea

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak honako kasuetan ezingo dira aipatu berri diren eskubideez baliatu:

  • a) Kide gisa irabazi-asmoko pertsona juridikoak dituztenean.
  • b) Kontsumitzaileak produktu, ondasun edo zerbitzuez hornitzen dituzten enpresen edo enpresa-taldeen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen dituztenean.
  • c) Produktu, ondasun edo zerbitzuei buruz publizitate komertziala egiten dutenean edo horien inguruan informaziozkoa ez den publizitatea egiten dutenean, legez baimendutako publizitateak izan ezik.
  • d) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesteko ez beste jarduera batzuetan dihardutenean, kontsumitzaileen kooperatibak izan ezean.
  • e) Epaileak ausarkeriaz jokatu dutela adierazten duenean.

34. artikulua. Administrazioarekiko lankidetza

Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeen eta enpresaburuen erakundeen arteko lankidetza sustatuko du. Lankidetza horren barruan jarduketa hauek sartuko dira:

  • a) Kontsumoko arbitraje-sistema sustatzea.
  • b) Balizko arriskuen berri ematen laguntzea, hedadura kontuan hartuta neurria eraginkorra izango dela bermatzeko jarduketa publikoa beharrezkoa denean.
  • c) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan enpresa-kalitatearen ikurrak garatu daitezen sustatzea.
  • d) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazio eta prestakuntzarako jarduketak garatzea, erabilera eta kontsumo orokorreko produktu, ondasun eta zerbitzuei buruzkoak, eta baita garapen jasangarriaren alde egiteak duten garrantziari buruzkoak ere.
  • e) Garapen bidean dauden herrialdeetan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa sustatzeko ekimenen alde egitea.

35. artikulua. Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea kontsulta, aholku, partaidetza eta administrazio arteko koordinaziorako organoa da; era berean, lankidetza sustatzen ere laguntzen du, ez bakarrik kontsumoan diharduten gizarteko eragileen artean, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteaz arduratzen diren herri-administrazioen artean ere, honela Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan babes gehiago izan dezaten.

36. artikulua. Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen zereginak

  • 1.- Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari honako zereginak dagozkio:
    • a) Egiten zaizkion kontsultei erantzutea, ez bakarrik lege honen garapenean sortzen diren xedapen orokorrak garatzeko prozeduran, baita, oro har, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesetan eragina duten gaiak arautzen diren gainerako kasu guztietan ere.
    • b) Batzordea osatzen duten elkarte, federazio, konfederazio edo kooperatibei kontsumitzaile eta erabiltzaileek ordezkaritza behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko kide anitzeko organoetan, erakundeetan eta entitate publiko edo pribatuetan parte har dezaten proposatzea.
    • c) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak aldezteko interesgarriak izan daitezkeen proposamenak aurkeztea eta kontsumoaren arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoei aholkua ematea.
    • d) Herri-administrazio eskudunei kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina duten interes orokorreko edo sektorialeko gaiei buruzko informazioa eskatzea.
    • e) Produktu eta zerbitzuen kontsumo, merkatu eta hornikuntzari buruzko azterlan espezifikoak egitea.
    • f) Beste xedapen batzuen bidez esleitzen zaizkion zereginak betetzea.
  • 2.- Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak urtero kontsumoaren arloko jarduera, politika orokorra eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioei zuzendutako iradokizunak bilduko dituen txostena egingo du.
  • 3.- Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordean gizarteko, lan-munduko eta ekonomiako interesen ordezkariak, kontsumoko sektoreari lotutako herri-administrazioen ordezkariak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako ordezkariak bilduko dira. Erregelamenduz ezarriko dira Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera eta funtzionamendu-araubidea.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: