Banka eta Aseguruak

Informazio interesgarria:

Gure bizitzak baldintzatzen dituen zerbitzua. Espainiako Bankuaren eskumena da neurri handi batean, baina zure eskubideak defendatzeko oinarrizko jarraibideak eman nahi dizkizugu.

Banca y seguros

Banka

Bankuak, kutxak eta aseguruak finantza-zerbitzuak dira, eta ezin ditugu alde batera utzi. Atal honetan zenbait datu eta kontzeptu emango dizkizugu, kontsumitzailea zaren aldetik zure eskubideak hobeto babestu ahal izateko.

Hipoteka-maileguak eta kontsumorako maileguak gure egunerokotasunaren parte diren eta konplexutasun handia duten produktuak dira. Baina gehiago ere badaude, dagoeneko arrotzak egiten ez zaizkigunak: kriptomonetak, kriptoaktiboak, inbertsio-funtsak, kudeatutako zorroak eta lotutako aseguruak.

Banku-produktuak ikuskatzeko Espainiako Bankua dago, eta bere zereginean honako hauei erreparatzen die, besteak beste:

  • Jendearen funtsak erakarditzaketen kreditu-erakundeak.
  • Beste finantza-erakunde batzuk, bankutzat hartzen ez badira ere, batez ere kredituak ematen, abalak eta bermeak ematen, atzerri-moneta aldatzen eta kanpoko transferentziak kudeatzen eta ondasunak balioesten aritzen direnak

Banku-gardentasuna: jendearentzako informazio orokorra

Finantza-erakundeak behartuta daude beren produktuak zertan dautzan azaltzera, kontratatuak izan ala ez, eta informazio horrek argia eta egiazkoa izan behar du. Arretaz jokatzeko eginbehar esaten zaio horri.

Gainera, banku produktu eta zerbitzu ohikoenetan interes tasak eta ohiko komisioak argitaratu behar dituzte, eta informazio hori hiru hilean behin eguneratu. Informazio hori beren merkataritza-establezimenduetan jakinarazi dezakete, betiere nabarmendutako eta denek ikusteko moduko lekuren batean, edo webguneetan, lehen orrian kokatutako esteken bidez, beren zerbitzuetako edozeinen baldintzetara zuzenean sartzea errazteko.

Finantza eta banku produktuen bilakaerak zaildu egin du produktu horiek ulertzea. Horrenbestez, banketxeek oso zehatzak izan beharko dute azalpenetan, baldin eta beren produktuak:

  • Arrisku bereziak badakartzate, hala nola inbertsio batean jarritako dirua galtzeko aukera.
  • Hainbat alde ebaluatu behar badira, behar bezala ulertzeko.
  • Zenbatekoa eta iraupena direla eta, arreta berezia jarri behar baduzu.
  • Modu pertsonalizatuan gomendatuta badaude, propio zure profilerako.

Eskaintza loteslea

Produktu bat kontratatu aurretik, erakundeek eskaintza lotesle bat eman diezazukete, hau da, bankuak zurekin hitzartzen dituen baldintzen zerrenda bat. Zenbait produkturen kasuan, hala nola hipoteka-kredituan, behartuta daude eskaintza loteslea ematera.

Erakundeek eskaintza lotesle bat ematen badizute, eta legez onartzen den desadostasuna sortzen bada eskaintzaren eta behin betiko kontratuko klausulen artean, erakundeek argi eta berariaz adierazi behar dizute zein den desadostasun hori. Gainera, kontratuak adierazi behar du horren berri baduzula.

Kanbio-tasak

Banketxeak behartuta daude:

  • Gutxieneko erosketa-tasak eta gehieneko salmenta-tasak argitaratzera, dibisak eurotan edo billeteak eurotan salerosteko eragiketetarako .
  • Eskurako eragiketetan aplikatutako kanbio tasa bakarren berri ematera, baldin eta zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada.
  • Emandako informazioak eragiketa horiek egiteagatiko komisioak eta gastuak jasoko ditu.

Maileguak edo kredituak

Banketxeak behartuta daude:

  • Kuotak eta beste kostu edo zigor batzuk nola kalkulatu diren ulertzeko datuak ematera.
  • Hileko ordainketen simulazio bat ematera.
  • Zure betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak zein diren azaltzera.
  • Abal-emaileekin egiten diren eragiketetan, beren betebehar eta erantzukizunei buruzko informazio zehatza eman behar diete.
  • Maileguak edo kredituak eskaintzen eta ematen dizkizutenean, finantza-erakundeek zintzotasunez, inpartzialtasunez eta profesionalki jardun beharko dute, eta zure egoera pertsonal eta finantzarioari eta adierazi dituzun lehentasun eta helburuei erantzun beharko diete.

Kontsumitzailearen eskubideak: kontratuaren aurreko, kontratuko eta kontratuaren ondorengo informazioa

Kontratuaren aurreko informazioa

Edozein kontraturen aurretiko informazioaren helburua da argi eta garbi ulertzea zure banketxeak zer eskaintzen dizun hura erosi edo kontratatu aurretik, antzeko eskaintzak alderatu eta erabaki informatua hartu ahal izateko.

  • Doakoa, objektiboa eta ez engainagarria izan behar du.
  • Paperean edo beste euskarri iraunkor batean entregatu behar dizute.
  • Eskaintza loteslea bada, hala dela adierazi beharko da, baita balio epea ere.
  • Komisio eta gastu guztien zenbatekoa jakinarazi behar dizute.
  • Informazioa eman ondoren, eragiketarekin ez jarraitzeko aukera duzu.

Kontratuko informazioa

Aurretiazko informazioak bezala, kontratuarekin zerikusia duenak ere baldintza hauek bete behar ditu:

  • Kontratuaren kopia bat eman behar dizute, euskarri iraunkorrean.
  • Jasotzen duzun dokumentazioan, erakundearekin harremanetan jartzeko bideak agertu behar dira, telefonoa, posta elektronikoa edo beste edozein bide erabiliz.
  • Digitalki sinatu dituzun kontratuak ere euskarri iraunkorrean entregatu beharko dizkizute, dela sinadura eskaneatuarekin, digitalizatuarekin edo zuzenean digitalarekin.
  • Bankuak kontratuaren kopia bat gorde behar du, baita bezeroaren jaso-agiriarena ere.

Kontratuek, gutxienez, honako baldintza hauek adierazi behar dituzte:

  • Ordainsaria gauzatan ematen den, hau da, produktuekin edo zerbitzuekin.
  • Ordainketak egin behar dituzun, zergak esaterako, eta zein den haien tributazioa.
  • Kapital nagusia bermatuta dagoen epeko gordailuetan.
  • Zein diren gatazkak eta erreklamazioak ebazteko mekanismoak.
  • Zer eskubide dagozkion banketxeari kontratua betetzen ez baduzu, eta zer mekanismo eta epe dituen eskubide horiek baliatzeko.
  • Kontratuan zure kalterako den aldaketaren bat egiten badute, aldez aurretik eta behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko dizute.
  • Kontratua luzatzea aurreikusten den eta zer baldintzatan.
  • Kontratua euroa ez den beste moneta batean egiten bada, eurotara bihurtzeko metodoa adierazi behar dizute, bai eta komisiorik badagoen ere.
  • Kontratua beste produktu batzuen mende badago, esplizituki adierazi behar dute zein diren produktu horiek, zer baldintza dituzten eta kontratazioa librea den edo hornitzaile jakin batekin egiten den.
  • Aldez aurretik amaitzen bada, dagozkizun gastuen edo konpentsazioen berri eman beharko dizute aldez aurretik. Eta produktuak asegururen bat badauka lotuta, estornua jasotzeko eskubidea izango duzu, hau da, kontsumitu gabeko primaren zati proportzionala itzul diezazuten.
  • Berme errealak edo pertsonalak eskatu badizkizute, nola iraungitzen diren adierazi behar dute.
  • Erakundeak zure kontratua edo haren zati bat hirugarren erakunde bati lagatzeko eskubidea badu, jakinarazi egin behar dizute zer baldintzatan eta horren berri nola eman behar dizuten.
  • Gordailuko banku zerbitzuetan, erakundea atxikita dagoen gordailuak bermatzeko funtsaren erreferentzia bat gehituko da, eta bermatuta dagoen gehieneko zenbatekoa adieraziko da.

Kontratuek jarraibide hauen arabera idatzita egon behar dute:

  • Estiloak argia eta ulergarria izan behar du kontsumitzailearentzat.
  • Letrak ezin du 1,5 milimetro baino gutxiagoko altuera izan.
  • Kontratuari eragiten dioten baldintza guztiak argi eta garbi jaso behar ditu.
  • Teknizismoak saihestuko ditu, eta, erabili behar badira, azaldu egingo dira.
  • Kontratuan ez da sartuko beharrezkoa ez den kontzepturik.

Kontratuaren ondorengo informazioa

Urtero, erakundeek informazioa eman behar dizute kobratu dituzun eta ordaindu dituzun interesei buruz, eta aurreko urtean eman dizuten banku-zerbitzu bakoitzak sortu dituen komisio eta gastuei buruz.

Gainera, hilero doan bidali behar dizute zure kontu korronteen laburpena, eta egiten dituzun eragiketa guztien kopia bat eman.

Aldeek erabakiko duzue nola egin komunikazio horiek, baldin eta informazioa gordetzeko eta aldaketarik gabe erreproduzitzeko aukera ematen badizute. Ohikoena da gutun bidez edo txosten digitalen bidez egitea.

Banku-komisioak

Erakunde batek komisio bat kobratu ahal izango dizu, baldin eta:

  • Tarifen liburuxkan jasota eta kuantifikatuta badago.
  • Kontratu-dokumentuan sartuta badago edo zuk berariazko adostasuna eman baduzu.
  • Zuk eskatu edo onartu badituzu komisioa justifikatzen duten zerbitzuak.
  • Emandako zerbitzuarekiko proportzionala bada.

Komisioak ez badu baldintza horietakoren bat betetzen, erreklamazioa aurkeztu ahal izango duzu.

Kreditu- eta zordunketa-txartelak: lapurreta, galera eta eskatu gabeko bidalketa

Txartela galdu edo lapurtuz gero, gehienez ere 50 euroren- erantzule zara, desagertu dela salatu aurretik txartelaren iruzurrezko erabilera eginez gero. Horrek esan nahi du txartelaren iruzurrezko erabilerak kopuru hori baino gastu handiagoa eragiten badu, bankuak aldea itzuli beharko dizula. Baina funtsezkoa da desagertu zaizula salatzea; izan ere, salatzen duzun unetik beretik, bankuak edozein galera estaliko du (baita 50 eurotik behera ere).

Txartela galdu edo lapurtu dela banku-erakundeari edo txartelaren jaulkitzaileari jakinarazten diozuenean, txartela baliogabetuta geratuko da. Horretarako, telefonoz dei dezakezu, baina gomendagarria da banku-bulegora joatea baliogabetzea baieztatzeko eta idatziz jasotzeko.

Lapurtu badizute, komeni da salaketa jartzea polizia-etxean.

Bestalde, gogoan izan legeak banku-erakundeei debekatu egiten diela zure etxera kreditu- edo zordunketa-txartelak bidaltzea, eskatu ez baduzu.

Abusuzko klausulak

Oro har, abusuzko klausulak kontsumitzaileen eskubideen aurkakoak dira. Halakoak dira banaka negoziatu ez direnak eta berariaz baimendu gabeko praktika guztiak, baldin eta aldeen eskubideen eta betebeharren artean desoreka handia eragiten badute, batez ere kontsumitzaileen kalterako.

Abusuzko klausulak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuan daude araututa.

Auzitegi Gorenaren abenduaren 16ko 792/2009 epaiak abusuzkotzat eta, beraz, erabat deuseztzat jo zituen finantza erakunde askok beren bezeroei aplikatzen zizkieten klausula batzuk:

  • Erakundeari hipoteka-maileguaren kontratu bat edozein arrazoirengatik deuseztatzeko aukera ematen dion klausula.
  • Kontsumitzaileari zer komisio kobratuko dizkioten jakitea gala razten diona, batez ere informazio hori funtsezkoa denean baldintzak egokiak diren ala ez jakiteko.
  • Kontsumitzailea behartzen duena bizilekuagatik edo legeak aitortzen dizkion beste eskubide batzuengatik dagokion auzitegira ez beste batera joatera.
  • Kontsumitzailea behartzen duena bere gain hartzera prozesu judizial batek dakartzan gastu guztiak, hala nola bere defentsaren zerbitzu-sariak eta kostuak, besteak beste.
  • Norbaitek txeke bat faltsutu eta kobratzen badu, erantzukizuna kontsumitzaileari helarazten diona, inguruabarrak edozein direla ere.
  • Erakundeak kutxazain automatiko baten funtzionamendu okerragatiko erantzukizuna saihesteko klausula, nahiz eta eskatutako dirua eman ez eta ordainagiriak eragiketa egin dela adierazi.
  • Eskrituraren inskripzioa ukatu eta hipoteka-mailegu bat amaiarazten duen klausula, nahiz eta ukatu izana erakundearen errua izan.
  • Eragiketa bat bide informatikoz bidaltzean sortutako akatsek eragindako kalteengatik erakundeari inolako erantzukizunik ez dakarkiona.

Aipatutako horiek guztiak ezin dira agertu banketxe batekin sinatzen duzun inongo kontratutan. Agertzen badira, erreklamatu ahal izango duzu.

Ondoren, Auzitegi Gorenak, 241/2013 epaian, abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen kreditu-erakunde batzuen hipoteken zoru-klausulak. Zoru-klausulak -tasa aldakorreko hipoteka-maileguetan jartzen diren klausula batzuk dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzen dutenak, kontsumitzaileak muga horretatik beherako interes-tasen jaitsieraren onurak jaso ez ditzan.

Auzitegi Gorenaren 705/2015 epaiak ere abusuzkotzat eta deuseztzat jo zuen klausula bat zeinak mailegu baten eskatzaileak hipoteka formalizatzeko eta eratzeko gastu guztiak esklusiboki beren gain hartzera behartzen zituena. 2019an, Auzitegi Gorenak deklaratu zuen erregistro, tasazio eta gestoria gastuak bankuak ordaindu behar dituela, eta notariotza gastuak bankuaren eta kontsumitzailearen artean erdibana ordaindu behar direla. Nork zer ordaindu behar zuen ez jakite hori Higiezin Kredituen Kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen bidez argitu zen 2019ko ekainaren 16az geroztik sinatutako hipoteketarako.

Irekiera-komisioa auzitegi batzuek abusuzkotzat jo duten beste klausula bat da, baina ez dago horri buruzko erabaki irmorik.

Nola erreklamatu

Lehenengo urratsa zure erreklamazioa idatziz aurkeztea da, Bezeroaren Aarretarako Zerbitzua edo Bezeroaren Defendatzailea banku-sailetan. Hori posta ziurtatuaren bidez egin daiteke, edo zuzenean zure bulegoan bertan, aipatutako bi sailetako bati zuzendutako gutun batean. Erreklamazioa aurkeztu dela frogatzen duen frogagiria eman beharko dizute.

Agiri hauek aurkeztu behar dituzu:

  • Izena, abizenak, NANa eta helbidea.
  • Gertakariak gertatu diren banketxearen eta bulegoaren izena.
  • Zure erreklamazioaren arrazoia.
  • Zure eskaerak.
  • Baieztatzen duzuna egiaztatzen duten dokumentuak (fakturak, ordainagiriak, kontratuak, etab.).

Erantzuna ez bada zure gustukoa edo zuzenean ez baduzu erantzunik jasotzen bi hilabeteko epean, erreklamazioa egin dezakezu dagokion erakunde ganbegiralean:

Kontsumorako kreditua

Mailegu pertsonalak eta kontsumorako kredituak finantza-produktuak dira, ondasunen erosketa (auto bat, altzariak...) eta zerbitzuen kontratazioa (master bat ordaintzea, bidaia bat egitea, eskolak akademian, odontologia-zerbitzua...) finantzatzen laguntzen digutenak. Hipoteka-maileguak baino errazago lortzen dira, baina garestiagoak izaten dira, bankuari ordaindu beharreko interesak handiagoak direlako.

Kontsumorako kredituak 200 eurotik gorakoa izan behar du, eta itzultzeko epea hiru hilabetetik gorakoa eta gutxieneko gastuak izan behar ditu.

Kontsumorako kreditu edo mailegu baten publizitatea loteslea da, hau da, bankuak nahitaez bete behar ditu argitaratutako baldintzak.

Garrantzitsua da gogoraraztea kredituaren kostu osoa aldatu ahal izango dela zure kalterako, baldin eta aldez aurretik eta idatziz hala adostu baduzu.

Produktu hauek ez dira kontsumorako kredituak:

  • Zure enpresak emandako kredituak edo maileguak.
  • Berme gisa ondasun bat eskatzen duten kredituak.
  • Hipoteka-maileguak.
  • Finantza-eragiketak xede dituztenak, enpresa mailegu-emaileak eragiketan parte hartzen duenean.
  • Lurren edo eraikinen gaineko jabetza-eskubideak eskuratzea edo mantentzea helburu duten kreditu-kontratuak.
  • Inbertsio-zerbitzuetako enpresekin egindako kreditu-kontratuak, helburua kontsumitzaileak inbertsio-eragiketa bat egitea denean.

Zorpeko-aukera gisa emandako kreditu-kontratuak kontsumorako kreditutzat har daitezke legeak definitutako egoera jakin batzuetan.

Eskaintza loteslea

Eskaintza loteslea eskatzeko eskubidea duzu, eta enpresa mailegu-emaileak nahitaez eman behar dizu. Gutxienez 14 egun naturaleko balio-epea izango du (larunbatak, igandeak eta jaiegunak zenbatzen dira), eta kredituaren baldintza guztiak jaso beharko ditu.

Eskaintza loteslea kontratuaren aurretiko informazioa ematearekin batera egiten bada, eskaintza loteslea aparteko dokumentu batean entregatu beharko da.

Kredituaren kostu osoa

Kredituaren kostu osoa honako hauek osatzen dute:

  • Nagusia (eskatu duzun dirua, kapital ere esaten zaiona).
  • Interesak.
  • Komisio guztiak.
  • Zerga guztiak.
  • Kreditua kontratatzeko egin beharreko beste gastu guztiak.
  • Kontratuak aseguru bat kontratatzea eskatzen badu, kredituaren kostu osotzat hartuko da.

Notariotza-gastuak ez dira kredituaren kostutzat hartzen.

Aurretiazko informazioaren betekizunak

Kreditua kontratatu aurretik, eskaintza bat aurkeztu behar dizute. Eskaintza hori loteslea izango da, gutxienez, 14 egun naturaletan, hau da, larunbatak, igandeak eta jaiegunak zenbatuta.

Behar besteko aurrerapenaz eman behar dizute, paperean edo euskarri iraunkorrean, adierazi dituzun lehentasunei erantzun behar die, eta beste eskaintza batzuekin ekin alderatzeko aukera eman.

Informazioak honako hauek zehaztu behar ditu:

  • Kreditu-mota.
  • Enpresa mailegu-emailearen izena eta helbide soziala, baita enpresa bitartekariarena ere, halakorik badago.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua, eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Kuoten edo ordainketen kopurua, aldizkakotasuna eta zenbatekoa.
  • Kontu baten edo batzuen mantentze-gastuak, mailegua egiteko beharrezkoak badira.
  • Ordainketak egitea eta funtsak erabiltzea ahalbidetzen duten bitartekoak erabiltzeagatiko gastuak.
  • Kontratutik eratorritako beste gastu guztiak eta horiek aldatzeko baldintzak.
  • Notariotza-gastuak, halakorik badago.
  • Mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.
  • Berandutzako interes-tasak eta ez ordaintzeagatiko gastuak.
  • Ez ordaintzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Eskatutako bermeak, baldin badaude.
  • Atzera egiteko eskubiderik badagoen ala ez.
  • Dirua aurretiaz itzultzeko eskubidea eta horren kostua.
  • Zure kaudimena ebaluatzeko datu-base batean egindako kontsulta ororen emaitza berehala eta doan jasotzeko eskubidea.
  • Kreditu-kontratuaren proiektuaren (edo proposamenaren) kopia bat doan eta aldez aurretik eskatuta jasotzeko eskubidea.
  • Enpresa mailegu-emaileak zenbat denbora eutsi behar dion eskaintzari.

Informazio gehigarria aparteko dokumentu batean eman behar dizute.

Kontsumorako kredituari buruzko Europako informazio normalizatua (EIN) ematen badizute (EBk homologatutako inprimakia da, gorago aipatutako informazio guztia biltzen du), enpresa mailegu-emaileak behar bezala informatu zaitu.

Kontratu aurreko informazioa emateko betebehar horrek enpresa mailegu-emaileei eragiten die, baina ez pertsona edo enpresa bitartekariei. Hala ere, enpresa mailegu-emaileak bermatu behar du legeak adierazten duen informazio guztia jasotzen duzula.

Aurretiazko informazioaren baldintzak ez betetzeak kontratua deuseztatzea ekar dezake.

Kaudimena eta datuak

Finantza-erakundea behartuta dago zure kaudimena ebaluatzera, kreditu bat eskatzen duzunean.

Kaudimen-faltagatik edo kontsultatutako fitxategi batekin lotutako beste arrazoiren batengatik kreditua ukatzen badizute, bankuak berehala eta doan eman beharko dizu kontsultatutako datu-basearen xehetasunen informazioa, salbu eta EBko lege batek debekatzen badu edo ordena eta segurtasun publikoaren aurkakoa bada.

Kontratua

Idatziz jaso beharko da paperean edo euskarri iraunkorrean, eta honako datu hauek jaso beharko ditu:

  • Kreditu-mota.
  • Enpresa mailegu-emailearen izena eta helbide soziala, baita enpresa bitartekariarena ere, halakorik badago.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua, eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Kuoten edo ordainketen kopurua, aldizkakotasuna eta zenbatekoa.
  • Iraupen finkoko kreditu baten kapital-amortizazioa bada, kontuaren laburpena amortizazio-taula batean jasotzeko eskubidea, hau da, etorkizunean zorrak izango duen bilakaera simulatzen duen taula bat. Amortizazio-taula hori entregatu egin behar dute eskatuz gero, eta kuota bakoitzean kapitalari dagokion zatia eta interesei dagokiena banakatu behar dira. Interesa finkoa ez bada, adierazi behar dute taulako kalkuluak indizeen hurrengo eguneraketara arte baino ez direla baliozkoak.
  • Kontu baten edo batzuen mantentze-gastuak, mailegua egiteko beharrezkoak badira.
  • Ordainketak egitea eta funtsak erabiltzea ahalbidetzen duten bitartekoak erabiltzeagatiko gastuak.
  • Kontratutik eratorritako beste gastu guztiak eta horiek aldatzeko baldintzak.
  • Notariotza-gastuak, halakorik badago.
  • Enpresa mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.
  • Berandutzako interes-tasak eta ez ordaintzeagatiko gastuak.
  • Ez ordaintzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Eskatutako bermeak, baldin badaude.
  • Atzera egiteko eskubiderik badagoen ala ez.
  • Dirua aurretiaz itzultzeko eskubidea eta horren kostua.
  • Kreditu lotuen kasuan, kontsumitzaileek dituzten eskubideei eta eskubide horiek baliatzeko baldintzei buruzko informazioa.
  • Kreditu-kontratua amaitzeko prozedura.
  • Erreklamazioa egiteko eta errekurtsoa jartzeko judizioz kanpoko prozedurarik badagoen ala ez, eta horiek baliatzeko modua.
  • Kontratuaren gainerako baldintzak.
  • Hala badagokio, gainbegiratze-agintaritza eskudunaren izena eta helbidea.

Lotutako kreditua

Kreditu-kontratu lotua da zerbitzu batekin edo ondasun jakin bat eskuratzearekin lotutako kontratu bat finantzatzeko soilik balio duen kreditua; adibidez: hortz-tratamendu bat epeka ordaintzeko kreditu bat sinatzen denean. Bi kontratuek, kontratu nagusiak eta lotuak, merkataritza-unitate bat osatzen dute.

Eman behar dizuten aurretiazko informazioan nahitaez agertu behar da lotutako produktua edo zerbitzua eta haren eskurako prezioa.

Ondasunak edo zerbitzuak nork eskaintzen dituen eta enpresa mailegu-emailea nor den egiaztatu behar da beti.

Kreditu-kontratu lotua ez sinatzeko eta ordainketa beste modu batera egiteko aukera izan behar duzu beti.

Kontsumo-kontratuak kontsumitzailea edozein motatako ordainketa egitera behartzen badu eta lotutako kreditua ukatuko balitz, kontratua deuseza izango litzateke.

Ondasuna edo zerbitzua saltzen duen erakundeak kreditu-bitartekari gisa jarduten duenean, honako informazio hau eman beharko da argi eta garbi: bere eginkizunen eta ordezkaritzaren irismena, erakunde batekin esklusiboki lan egiten duen ala ez eta bitartekaritza horrengatik ordainsaririk dagoen (kasu horretan, paperean edo euskarri iraunkorrean ere jaso beharko da).

Zure eskubideak baliatu ahal izango dituzu produktua edo zerbitzua saldu dizunaren aurrean, bai eta enpresa mailegu-emailearen aurrean ere, baldin eta:

  • Ondasunak edo zerbitzuak osorik entregatu ez badira edo kontratuarekin bat ez badatoz.
  • Alde hornitzailearen aurka erreklamazio judiziala edo estrajudiziala aurkeztu baduzu zuzenbidean egiaztatutako edozein bitartekoren bidez, eta eskubidez dagokizun gogobetetzea lortu ez baduzu.

Kreditu lotu batean atzera egiteko eskubidea erabiltzen baduzu, kontratua inolako zigorrik gabe amaituko da. Gauza bera gertatzen da kreditu lotuarekin, finantzatutako produktuan edo zerbitzuan atzera egiteko eskubidea erabiltzen baduzu.

Kontuan izan denda batean banketxe batekin lotutako kreditu bat sinatzen baduzu dendak eskaini dizulako, urrutitik kontratatutako kreditu bat dela, ez baitzaude bankuaren bulegoan.

Urrutitik kontratatutako kredituak

Urrutitik kontratatutako kreditutzat har ditzakegu produktu edo zerbitzu bati lotuta daudenak eta telefonoz, Internet bidez, merkataritza-gune batean edo denda batean kontratatzen direnak.

Zerbitzuaren ezaugarri nagusien deskribapenak, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Ordainketen zenbatekoa, kopurua eta aldizkakotasuna.
  • Mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.

Beste kreditu batzuk

Ireki guztiak

Zorpekoa izateko aukera duten kredituak

Revolving kredituak

Kontsumorako Kredituaren Hiztegia

Mailegu-emailea. Bere jarduera komertzial edo profesionalean kreditua ematen duen edo emateko konpromisoa hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

Bitartekaria. Kreditu bat ematen ez duen pertsona fisikoa edo juridikoa da, baina eskaintzen edo aurkezten du, kontsumitzaileei kreditu baten izapideetan laguntzen die edo mailegu-emailearen izenean kontsumitzailearekin kreditu-kontratuak egiten ditu, eta hori guztia bere jarduera komertzialaren edo profesionalaren esparruan egiten du.

Kredituaren guztizko zenbatekoa (A). Kredituan eskatutako edo kontsumitzailearen esku jarritako zenbatekoa. "Nagusi" ere esaten zaio.

Kredituaren kostu osoa (B). Kredituaren kostu osoa honako hauek osatzen dute: interesak, komisioak, zergak eta kreditua kontratatzeko egin beharreko beste gastu guztiak, notariotza-gastuak izan ezik. Kontratuak aseguru bat kontratatzea eskatzen badu, hori ere kredituaren kostu osotzat hartuko da. Ez da sartzen krediturako eskatutako zenbatekoa (nagusia).

Zor den zenbateko osoa (A+B). Kredituaren guztizko zenbatekoa gehi kredituaren kostu osoa.

Zor-tasa edo interes-tasa. Finantza-erakundeak dirua emateagatik kobratzen duen "prezioa". Honelakoa izan daiteke:

  • Finkoa. Berdina da kredituak iraun bitartean, eta, beraz, ez dago ziurgabetasunik haren bilakaeran. Tasa aldakorra baino altuagoa izaten da.
  • Aldakorra. Erreferentziatzat indize bat hartzen du, eta indize horren bilakaeraren arabera aldatzen da.

UTBa. Urteko tasa baliokidea. Kredituaren kostu osoa, emandako kredituaren edo kreditu nagusiaren guztizko zenbaketaren urteko ehuneko gisa adierazia. Maileguaren zenbatekoa, epea, interes-tasa eta komisioak eta bestelako gastuak kontuan hartuta kalkulatzen da. Espainiako Bankuaren Banku Bezeroaren Atarian UTB kalkulagailu bat duzu eskuragarri.

Kuota. Mailegu-emaileari aldian-aldian (normalean, hilean behin) ordaindu behar zaion dirua da, eta emandako kredituaren amortizazioaren zati batek eta interesen ordainketaren zati batek osatzen dute. Kredituak iraun bitartean kuota finkoa izan ohi da (edo epe jakin batean, interes-tasa aldakorra aukeratu baduzu), eta amortizazioaren eta interesen arteko proportzioa aldatuz doan arren, beti kopuru bera ordaintzen duzu. Sistema frantsesa esaten zaio horri. Informazio gehiago.

Epea. Kontsumitzaileak mailegu-emaileari kuotak ordainduko dizkion denbora-bitartea . Ohikoena da epe laburretan kuotak handiagoak izatea eta kredituaren kostua txikiagoa izatea, eta alderantziz.

Gabealdia. Epe horretan kuota txikiagoa hitzartzen duzu mailegu-emailearekin. Kontuan izan behar da aldi horretan interesak soilik ordaintzen badira, zor duzuna, eta, beraz, itzultzekoa, ez dela murrizten. Antzeko zerbait gertatzen da ez bada ordaintzen ez interesik ez kapitalik: interesak metatu egingo dira eta zor den kapitala hazi egingo da.

Lotutako gastuak. Kreditu-eskaerari lotutako gastuak, hala nola irekiera-komisioa, azterketa-komisioa, posizio zordunen araberako komisioa, amortizazio aurreratuagatiko komisioa, eta abar.

Irekiera-komisioa. Kreditua edo mailegua emateagatik ordaintzen dena da, eta aldi bakar batean ordaintzen da. Emandako diruaren gaineko ehuneko arautu bat da.

Azterketa-batzordea. Enpresa mailegu-emaileak ezin izango du kobratu kreditua ematen ez badu, baina hirugarrenek sortutako gastuen ordainketa eskatu ahal izango du.

Amortizazio aurreratuagatiko komisioa. Zor den kapital osoa edo zati bat aurretiaz itzultzeko kredituaren ehuneko jakin bat. Ezin izango da aldez aurretik itzulitako kredituaren zenbatekoaren % 1 baino handiagoa izan. Interes aldakorraren kasuan, % 0,5ekoa izango da gehienez, baldin eta kredituaren epea urtebetetik gorakoa bada.

Posizio zordunen araberako komisioa. Kontsumitzaileak kuotetako bati aurre egiten ez badio mailegu-emaileak kobratzen duen komisioa.

Lotutako produktuak. Enpresa mailegu-emaileak kredituarekin batera eskaintzen dizkizun produktu edo zerbitzuak, kredituari aplikatuko zaion interesa murriztu dezaketenak. Hauek izan daitezke produktu edo zerbitzu horiek: ordainagiri eta nominen helbideratzea, aseguruak, pentsio-planak edo txartelak. Batzuetan, kredituari lotutako bizi-aseguru bat kontratatzea nahitaezkoa da. Gainerako alderdiei dagokienez, komeni da lotutako produktuak kontratatzeak dakartzan onurak eta lotutako produktu horien kostua alderatzea. Adibidez, txartel batek urteko 35 euroko kostua badu eta kredituaren interesetan sortzen duen etekina urtean 20 eurokoa bada, argi dago ez dela gomendagarria txartela kontratatzea.

Hipoteka-maileguak

Hipoteka-mailegu bati esker, zure etxebizitzaren erosketa finantzatu ahal izango duzu neurri handi batean. Maileguak irauten duen bitartean, erosi duzun etxea bermea izango da.

Kontratua sinatu aurretik, kreditu-erakundeak behartuta daude erabakitzeko behar den informazioa ematera. Hala xedatzen du Higiezin-kredituen kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14. artikuluak, zeinak erakunde mailegu-emaileak behartzen baititu Europako Informazio Normalizatuaren Fitxa (EINF) eta Ohartarazpen Estandarizatuen Fitxa (OEF) eskaintzera, gardentasun-berme gisa. Kontratuaren aurreko informazio-eredu estandarizatuak dira Europar Batasunaren eremuan, kontsumitzaileak informazio argia eta gardena izan dezan.

Horrelako maileguetan funtsezko bi alderdi jakin behar dituzu. Lehenengoa interes-tasak dira, bai eta maileguak iraun bitartean izan dezaketen bilakaera ere. Bigarrena abusuzko klausulak dira; horietako asko jada desagertu egin dira kontratuetatik, baina, hala ere, zenbait klausula, legez hala hartu ez arren, ezagutzea komeni da.

Beste alderdi interesgarrietako bat notariotzak dira, haien zeregina nabarmen aldatu baita. Maileguaren baldintzak, EINFn adierazitakoak, azaldu behar dizkizute, eta hipoteka-mailegua eskatzen duten pertsonek ulertzen dutela ziurtatu behar dute. Notariotzara joaten zaren eguna da zalantzak sortzen dizkizun guztiari buruz galdetzeko unea.

Bestalde, hipoteka bat eratzeak gastu batzuk dakartza berekin, eta auzitegiek dagoeneko ebatzi dute horien inguruko eztabaida. Zuk edo bankuak zer gastu ordaindu behar dituzun edo dituen, hipoteka sinatu zenuen dataren arabera zehazten da:

  • 2019ko ekainaren 16a baino lehen sinatu bazenuen, bankuak tasazio-, erregistro- eta gestoria-gastuak ordaindu behar ditu; notariotza-gastuak, berriz, erdibana ordaindu behar dituzue. Gastu horiek nork ordaindu zituen egiaztatzea gomendatzen dizugu, eta zuk ordaindu bazenituen, zure banku-erakundeari erreklamatzea. Hemen duzu eredu bat, lagungarri.
  • Zure hipoteka 2019ko ekainaren 16aren ondoren sinatu bazenuen, gastuak Higiezin Kredituen Kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legean ezarritakoaren arabera banatuko dira. Zuk zure gain hartu beharko dituzu higiezinaren tasazio-gastuak, eta finantza-erakundeak gestoria-gastuak, notario-gastuak (kopia posibleak zure kontura izango dira), hipoteka-eskrituraren erregistro-gastuak eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.

Hipoteka-mailegu bat kontratatu aurretik nahitaez eman beharreko informazioa

Kreditu-erakundeak behartuta daude informazio argia, egokia, objektiboa eta ez engainagarria doan ematera, antzeko eskaintzak alderatu eta erabaki informatua hartu ahal izateko.

Informazio hori euskarri iraunkor batean (paperean, adibidez) edo formatu elektronikoan eman behar dute, eta behar besteko aurrerapenarekin, kontratu horren betebehar oro zure gain har dezazun.

Informazio orokorra

Banketxeek informazio hau eman behar dizute:

  • Informazioa ematen duenaren izena eta helbide geografikoa.
  • Kreditua zertarako erabil dezakezun.
  • Berme-moduak, Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta egoteko aukera barne, hala badagokio.
  • Kreditu-kontratuen balizko iraupena.
  • Interes-tasaren formak, azalduta finkoa, aldakorra edo mistoa den eta horietako bakoitzak zer ondorio izan ditzakeen.
  • Kreditu bat atzerri-dirutan kontrata badaiteke, adierazi behar da zein den eta zer ondorio dituen.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoaren eta kostu osoaren, zor den zenbateko osoaren eta UTBaren adibide adierazgarriak.
  • Beste kostu posible batzuk.
  • Kreditua itzultzeko dauden aukera guztiak.
  • Itzulketa aurreratua egiteko baldintzak.
  • Tasazioa egin behar den ala ez, izan ditzakeen kostuak eta nork ordaindu behar dituen.
  • Kreditua lortzeko edo eskainitako baldintzetan lortzeko nahitaez kontratatu behar dituzun zerbitzu osagarriak, eta, hala badagokio, zerbitzu horiek erakunde mailegu-emailea ez den beste hornitzaile batekin kontratatuko direla argitzea.
  • Kredituaren baldintzak ez betetzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Hala dagokionean, ordainean emateko aukera baduzun, hau da, hipotekatutako higiezina entregatzeko aukera baduzun, kredituaren baldintza eta betebehar guztiak kitatzeko.

Gardentasun-arauak

Erakunde mailegu-emaileak, hau da, bankuak, baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Europako Informazio Normalizatuaren Fitxa (EINF) ematea. Loteslea da, eta, beraz, erakundeak baldintza horiei eutsi beharko die itundutako epean eta kontratua sinatu arte. Epe hori, gutxienez, 10 egun naturalekoa da.
  • EINFa dokumentu bakarra da, eta honako hauek jaso behar ditu:
    • Erakunde mailegu-emailearen izena eta datuak, eta, bitartekaririk balego, baita haren izena eta datuak ere.
    • Maileguaren zenbatekoa eta moneta. Atzerri-dirutan jaulkitzen bada, beste betebehar batzuk gehitzen dira.
    • Maileguaren iraupena.
    • Mailegu-mota.
    • Interes-tasa.
    • Itzuli beharreko zenbatekoa, guztira.
    • UTBa.
    • Behin bakarrik ordaindu beharreko kostuak.
    • Aldian behin ordaindu beharreko kostuak.
    • Ordainketen maiztasuna eta kopurua.
    • Kuota bakoitzaren zenbatekoa.
    • Itzulketen azalpen-taula.
    • Beste betebehar batzuk.
    • Itzulketa aurreratua.
    • Malgutasun-elementuak.
    • Dituzun eskubideak.
    • Erreklamazioak, epeak eta formak.
    • Ez-betetzea eta ondorioak.
    • Informazio gehigarria.
  • Ohartarazpenen Fitxa Estandarizatua (gaztelaniaz, FIAE) ematea. Fitxa horretan, klausula garrantzitsuak dauden jakinaraziko dizute, bai eta honako hauek ere:
    • Interes-tasa kalkulatzeko erabilitako erreferentzia-indize ofizialak.
    • Merkatuaren beheranzko bilakaerak eragindako gutxieneko interes-tasak badauden.
    • Aurretik kontratua bukatzeko aukera, kontratua betetzen ez bada.
    • Gastuak nola banatzen diren.
  • Mailegua interes aldakorrekoa bada, beste dokumentu batean emango dizute aldizkako kuoten eta bilakaera-egoeren taula.
  • Kontratu-proiektuaren kopia.
  • Bankuari eta mailegua hartzen duen pertsonari dagozkien gastuei buruzko informazio argia eta egiazkoa.
  • Eskatzen duen aseguruaren bermeen baldintzak.
  • Mailegua eskritura publikoan formalizatzea aurreikusita dagoenean, notarioaaukera dezakezula eta notarioak dohainik eta modu pertsonalizatuan aholkatu behar dizula adierazi behar dizute.

Lotutako salmentak

Lotutako salmentak debekatuta daude, salbuespenak salbuespen. Horrek esan nahi du banketxeak ezin zaituela behartu maileguaz gain beste produktu batzuk kontratatzera. Espainiako Bankuak salbuespen gisa onartu ahal izango ditu lotutako produktuak, baldin eta mailegua eskatzen duten pertsonentzako baldintzak hobetzen badituzte.

Salbuespen gisa, bankuek aseguru jakin batzuk kontratatzera behartu zaitzakete, hala nola kontratuaren betebeharrak beteko direla bermatzeko aseguru bat, hipotekatutako higiezinari eragindako kalteen aseguru bat edo legeak behartzen duen beste edozein aseguru-poliza.

Garrantzitsua da azpimarratzea ezin zaituztela behartu banku horrekin berarekin aseguru bat kontratatzera, erakunde horiek berenak ez diren polizak onartzera behartuta baitaude eskatutako bermeak bete bitartean. Era berean, ezin izango dute kobratu polizak aztertzeagatik, eta ezin izango dituzte hipoteka-kredituaren baldintzak okerragotu, beste banku batekin derrigorreko aseguru bat kontratatzeagatik.

Interes-tasa ofizialak

Erreferentziako interes-tasak garrantzitsuak dira, kreditu-eragiketei lotuta daudelako. Erakundeek hilero argitaratu behar dituzte interes-tasa ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). Espainiako Bankuaren webgunean ere eskuragarri daude.

Hauek dira interes-tasa ofizialak:

  • Espainian etxebizitza libre bat erosteko kreditu-erakundeek hiru urte baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
  • Euro eremuan etxebizitza librea erosteko kreditu-erakundeek urtebete eta bost urte bitartean emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
  • Zor publikoaren bigarren mailako merkatuko barne-etekin mota, bi eta sei urte artekoa.
  • Banku arteko erreferentzia urtebetera (Euriborra).
  • Interesen trukea/Interest Rate Swap (IRS) bost urteko epean. Interesen trukea erakundeek egiten duten dibisa-trukea da.
  • 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguei dagokienez, euroa sartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 32. artikuluak ezartzen du Madrid InterBank Offered Rate (Mibor) delakoari buruzko informazioa eman behar dela, hau da, Madrilgo burtsako merkatuan aplikatzen den bankuen arteko interes-tasa.

2012ko apirilaren 29tik aurrera, interes-tasa hauek ez dira ofizialak:

  • IRPH-Kutxak.
  • IRPH-Bankuak.
  • CECA adierazlea, aktibo mota.

Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (IRPH)

Zaharkituta geratu da eta IRPH-Entitateak soilik dago indarrean, hau da, kreditu-erakunde guztiek hiru urte baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.

Ireki guztiak

Zer indizek ordeztu behar du zure hipotekaren IRPHa?

Nola jakin dezakezu IRPH-Entitateak delakoaren balioa?

Abusuzko klausulak: hipoteka eratzeko gastuak

Higiezin-kredituen kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legeak argi eta garbi zehazten du nori dagokion hipoteka-kreditu bat eratzeak eragindako gastuak bere gain hartzea.

  • Erakunde mailegu-emailea: hipotekaren erregistro-gastuak, notariotza eta gestoriako zergak.
  • Mailegu-hartzailea (zu): tasazioa eta ohar soila.

2019ko ekaina baino lehenagoko gastuen banaketak eztabaida judizial luze bat eragin zuen, eta jada ebatzita dago, Auzitegi Gorenaren 705/2015 Epaiari esker. Epai horrek deklaratu zuen gastu guztiak zuri egozten dizkizun klausula abusuzkoa dela eta, beraz, deuseza.

Gainera, Auzitegi Gorenak doktrina finkatu zuen 2019ko urtarrilaren 23ko epaian (105/2019 AGE), honako hau zehaztu baitzuen:

  • Bankuek edo kutxek gestoria, erregistro, tasazio eta notariotzako minuten % 50 ordaindu behar zuten.
  • Mailegua eskatzen zutenek notaritzako minuten % 50 ordaindu behar zuten.

Erreklamazio-epeari dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) honako hau ebatzi zuen 2024ko urtarrilaren 25eko epaian:

  • Legezkoa zela 5 urteko epea dirua itzultzeko eskatzea.
  • Epe hori ezin zela hasi hipoteka sinatzean, askotan ezinezkoa izango litzatekeelako bidegabe kobratutako dirua berreskuratzea.
  • Epea ezin zela hasi 2019ko Auzitegi Gorenak epaia eman zuenean izan ere, jurisprudentzia ezaguna izatea ez da nahikoa kontsumitzaile guztiek jakiteko zer eskubide dagozkien.
  • Epearen hasiera zehazteko kasu bakoitza aztertu behar zela.

Epai hori berretsi egin zen EBJAk 2024ko apirilaren 23an emandako epai batez.

Garrantzitsua da gogoraraztea ez dagoela eperik klausula baten deuseztasuna eskatzeko; beraz, abusuzko klausula hori baduzu, erreklamazioa egin dezakezu.

Zure hipoteka aztertu ondoren, erreklamazioa egin nahi baduzu, zera gomendatzen dizugu: harremanetan jartzea Kontsumobiderekin, erreferentziako Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoarekin (KIUB) edo gure lurraldean jarduten duen kontsumitzaileen edozein elkarterekin. Eman behar dituzun urratsei buruzko orientazioa emango dizugu.

Ireki guztiak

Nola jakin zure hipotekak abusuzko klausularen bat duen ala ez?

Nola erreklamatu dezaket nire hipotekak horrelako klausula bat badu?

Zer dokumentazio bildu behar dut erreklamazioa egiteko?

Zoru-klausulak

Zoru-klausulak tasa aldakorreko hipoteka-maileguen kontratuetan sartzen dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzeko. Horren ondorioz, hipoteka duten kontsumitzaileek ezin dute ehuneko horretatik beherako tasaren jaitsieragatik onurarik lortu.

Klausula horiek hipoteketan sartzea legezkoa izan daiteke, baldin eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudian araututako gardentasun- eta informazio-baldintzak betetzen badituzte.

Baldintza horiek urratzen badituzte, abusuzkotzat jo daitezke, eta, beraz, deuseztzat. Deuseztasunak berekin dakar horiek ondorerik gabe uztea, hau da, inoiz izan ez balira bezala jokatuko dela, eta, hala badagokio, kontzeptu horrengatik kobratutako zenbatekoak itzultzera behartu dezake.

Klausula horiek 2013an abusuzkoak deklaratu ziren eta demanda judizialen balizko oldea zela-eta, Gobernuak judizioz kanpoko erreklamazio-prozedura bat arautu behar izan zuen, epaitegien kolapsoa saihesteko eta ebazpen arin eta doakoa emateko.

Ireki guztiak

Nola jakin nire zoru-klausula abusuzko klausula den ala ez

Erreklamatzeko epea

Epaiketaz kanpoko erreklamazioen prozedura: erakundeen betebeharrak

Epaiketaz kanpoko erreklamazioen prozeduraren funtzionamendua

Auzibideko erreklamazioa

Araudia, epaiak eta erreklamazio-eredua

1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bat egina onartzen duena.

1/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 20koa, Kontsumitzaileak zoru-klausulen arloan babesteko presako neurriena. Baliozkotzeko erabakia, Kongresuarena.

536/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 26koa, Jarraipen, Kontrol eta Ebaluazio Batzordea sortu eta arautzen duena.

ARABA: 2/2017 Zerga Premiazko Araugintzako Dekretua, otsailaren 28ko Foru Gobernu Kontseiluarena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatzen duena, zoru-klausulak deritzenei dagokienez. Baliozkotzeko Foru Araua.

BIZKAIA: 1/2017 Foru Dekretu Arauemailea, martxoaren 7koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aldatzen duena, zoru-klausulak deritzenei dagokienez. Bizkaiko Batzar Nagusien Erabakia, 1/2017 Foru Dekretu Arauemailea berresten duena.

GIPUZKOA: 1/2017 Foru Dekretu Araua, otsailaren 28koa, zoru-klausulak aplikatuz ordaindutako kopuruak itzultzearen ondorioz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jasotako zenbatekoen tratamendua zehazten duena.

Epaiak

Auzitegi Gorenaren 241/2013 Epaia, maiatzaren 9koa (pdf, 252 KB).

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, 2016ko abenduaren 21ekoa (pdf, 1014 KB).

Erreklamazio-eredua

Erreklamazio-eredua (pdf, 94 KB).

Hipoteka ordaintzen ez denerako gomendioak

  • Hipoteka betearaztea prozesu bat da, eta ordaintzen ez baduzu, prozesu horren bidez bankuak kontratua ezerezten du eta etxegabetzea ekar dezake.
  • Ez ordaintzearen ardura izango duzu, baldin eta:
    • 12 ordainagiri edo kapitalaren % 3 ordaintzen ez baduzu hipoteka-aldi osoaren lehen erdian.
    • 15 hilabeteko edo kredituaren kapitalaren % 7ko atzerapena gertatzen bada ordainketan, hipoteka-aldi osoaren bigarren erdian.
  • Ordaintzen ez baduzu, erakunde mailegu-emaileak edo banketxeak hilabeteko epea eman behar dizu ordaindu ez dituzun gastuak ordaintzeko.
  • Berandutze-interesak: ordaindu gabeko lehenengo egunetik aurrera hasiko dira kontatzen. Legeak % 3ko gehieneko muga gehigarria ezartzen du interesarekiko, zure ordainketa-betebeharrak bete ez dituzun aldian. Zure hipotekan zehaztuta egon behar dute.
  • Kobrantzak kudeatzeko kanpoko prozedura: berandutze-interesak ordainketa atzeratzen den lehen egunetik aktibatzen dira, baina kobrantzak kudeatzeko kanpoko prozedura hasteko arestian deskribatutako baldintzak bete behar dira: 12 hilabete edo kredituaren kapitalaren % 3 ez ordaintzea hipotekaren lehen erdian, edo 15 hilabete edo kreditu osoaren % 7 ez ordaintzea hipotekaren bigarren erdian.

Gomendioak

Berehala jardun: jarri harremanetan erakundearekin eta zure egoeraren berri emaiozu, akordio bat lortzen saiatzeko. Hainbat aukera daude, baina ohikoenak maileguaren epea luzatzea eta gabealdi oso edo partzial bat aplikatzea izaten dira. Bi metodo horiek hipoteka garestitzea dakarte, beste interes batzuk sortzen baitira eta maileguaren baldintzak gogortu. Erakundeak eskain dezakeen beste proposamenetako bat zorrak bateratzea da.

Egiaztatu hipoteka baten zordun izan eta egoera ahulean dauden pertsonak babesteko neurrien onuradun izan zaitezkeen.

Ez sartu zorpetze-zurrunbilo batean: ez da gomendagarria hipoteka ordaintzeko beste kreditu bat eskatzea.

Higiezina saldu zorra kitatzeko: Kuota jaistea lortu ondoren ordaindu ezin baduzu, ez duzu aukera hori alde batera utzi behar. Etxebizitza enkantean jarri aurretik saltzen baduzu higiezina, diru-kopuru handiagoa lor dezakezu. Ordaindu gabe daukazun zor guztiaren truke saldu behar duzu, gutxienez.

Araudia, epaiak eta erreklamazio-eredua

Banku-jardunbide egokien kodea klase ertaineko familientzat

2020ko pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, Espainiako Gobernuak zenbait neurri proposatu zituen haien ondorioak arintzeko. Horietako bat Kalteberatasun-arriskuan dauden klase ertaineko familientzako banku-jardunbide egokien kodea izan zen. Testu hori 2012an onartutako beste testu batean inspiratu zen, baita krisi-testuinguru batean ere. Kode horren aldaketarik modernoena 2022koa da, eta 2024ko abendura arte egongo da indarrean.

Kodeari atxikitzea eta, beraz, kodean proposatutako neurriak, borondatezkoa da banketxeentzat, baina atxikitzea erabakitzen badute, nahitaez bete beharko dituzte.

Laguntza-neurriak

Kontsumitzaileak baldintzak betetzen baditu, neurri hauetako bat edo batzuk eskatzeko eskubidea izango du:

  • Hipoteka-maileguaren amortizazio-epea zazpi urtera arte luzatzea, 40 urte ez badu gainditzen, kuota 2022ko ekainean ordaintzen zen zenbatekora jaitsi dadin.
  • Kuota 12 hilabetez izoztea, 2022ko ekainaren 1ean ordaintzen zen zenbatekoaren baliokidea izanik gutxienez. 12 hilabete horietan interesa murriztuko zaizu, hipotekaren balio garbia % 0,5 murrizteko.
  • Hipoteka aldakorra tasa finko bihurtzea, bankuak ezartzen duen interesarekin bada ere.

Nork eska ditzake kode honetako neurriak?

Hipoteka-mailegua 2022ko abenduaren 31 baino lehen sinatu duenak, baldintza hauek guztiak betetzen baditu:

  • Familia-unitate osoaren diru-sarrerek ezin dute IPREM bider 4,5 gainditu, bi salbuespen izan ezik:
    • Familia-unitate osoaren diru-sarrerek ezin dute IPREM bider 4,5 gainditu, bi salbuespen izan ezik:
      • IPREM bider 5,5 egingo da familiako norbaitek % 33tik gorako desgaitasuna aitortua badu, edo lan egiteko ezintasun iraunkor egiaztatua eragiten dion mendetasun- edo gaixotasun-egoera aitortua badu.
      • IPREM bider 6,5 egingo da, baldin eta zordunak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
        • % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua eragiten dion garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala izatea.
        • Desgaitasun fisikoa edo sentsoriala izatea, % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-mailakoa.
        • Gaixotasun larria izatea, eta gaixotasun horrek lan-jarduera bat egiteko ezintasun egiaztatua eragitea maileguaren sinatzaileari edo bere zaintzaileari.
    • Etxebizitzaren prezioa 300.000 eurotik beherakoa da.
    • Hipoteka-kuotak diru-sarreren % 30 gainditzen du.
    • Azken 4 urteetan nabarmen aldatu da bere ekonomia- edo familia-egoera, modu hauetakoren batean:
      • Hipoteka-karga, hau da, familiaren diru-sarreretatik hipoteka ordaintzeko erabiltzen duen ehunekoa, gutxienez 1,2 handiagoa da.
      • Baita familia-unitatean baldintza hauetakoren bat gertatu bada ere:
        • Kideetako batek % 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasuna edo gaixotasuna izateagatik lan egiteko ezintasun iraunkorra izatea.
        • Hipotekaren titularrarekin edo haren ezkontidearekin (osaba-izeba, iloba, birraitona-birramona) etxebizitzan bizitzea eta desgaitasun-egoeran, mendekotasun-egoeran edo aldi baterako ezintasun-egoeran edo ezintasun iraunkorrean egotea gaixotasun larriagatik.
        • Kideetako bat sexu-indarkeriaren, genero-indarkeriaren edo salerosketaren biktima izatea.

Eskaera egiteko epea

  • Zure banku-bulegoan, 2024ko azaroaren 24ra arte.
  • Eskaera egin eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, epe jakina dago mailegua berritzeko.

Beharrezko dokumentazioa

  • Azken ekitaldiko familia-unitateko kideen errenta-ziurtagiriak.
  • Familia-unitateko kideek kobratutako azken hiru nominen kopia bat.
  • Familia-unitateko edozein kidek jasotzen duen edozein laguntza, prestazio edo gizarteratze-errentaren ziurtagiria.
  • Familia-liburua edo izatezko bikotearen egiaztagiria.
  • Etxebizitzan erroldatutako pertsonen errolda-ziurtagiria.
  • Desgaitasun, mendekotasun edo ezintasun iraunkorraren adierazpena, egoera horretan dauden familia-unitateko pertsonena.
  • Jabetza Erregistroak familia-unitateko kide bakoitzari buruz emandako titulartasun-ziurtagiriak.
  • Etxebizitzaren eskrituraren eta hipotekaren kopia.
  • Erantzukizunpeko adierazpena, non zordunak eta titularkideek baieztatuko duten Jardunbide Egokien Kodera biltzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Nola erreklamatu

Lehenik eta behin, banketxean, bezeroaren arretarako zerbitzuan edo bezeroaren defendatzailearen aurrean.

Hilabeteko epean erantzunik jaso ez bada edo eskaera onartu ez bada, erreklamazioa Espainiako Bankuaren Merkatu Jokabidearen eta Erreklamazioen Sailera bidali behar da (Alcalá kalea 48, 28014 Madril).

Garrantzitsua da gogoraraztea ezin zaiola Espainiako Bankuari erreklamatu, aurretik banketxeari erreklamatu gabe.

Zaurgarritasun-egoerak saihesteko Jardunbide Egokien Kodea

Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretuak arautzen du Jardunbide Egokien Kodea. Helburua da banketxeak inplikatzea familia kalteberei hipoteka-zorra arintzen laguntzen, hipotekak modu bideragarrian berregituratuz.

Kodeari atxikitzea borondatezkoa da banketxeentzat, baina behin atxikimendua eskatuta, bete egin behar dute.

Hiru fase

Bata bestearen segidakoak eta nahitaezkoak dira, eta, beraz, ezin da hirugarren fasera zuzenean jo aurrekoetatik igaro gabe:

  • Zorra berregituratu
  • Zorra kitatu
  • Ordainean eman

Kodea edozein hipoteka-maileguri aplika daiteke, nahiz eta ohiko etxebizitzarako ez izan. Adibidez, baliozkoa da dagoeneko ordainduta dagoen etxebizitza bat hipotekatu bada kapitala lortzeko eta norberaren negozioan inbertitu ahal izateko.

Azkenean zorraren bermea betearazten bada, hau da, bankua etxebizitzarekin geratzen bada, kaltetutako pertsonek higiezina alokatzea ere eska dezakete, betiere utzarazpena etetea lortu badute.

Zorra berregituratu

Jardunbide Egokien Kodeaz baliatzeko baldintzak betetzen badira, zorra berregituratzeko eska daiteke bankuari.

Banku-erakundeak berregituratze-epe bat eskaini behar du, honako hauek barnean hartuta:

  • Kapitala amortizatzeko bost urtera arteko gabealdia. Ordaintzeke dagoen kapital hori pagatzeko dauden kuotetan hainbanatu ahal izango da, edo azken kuota batean sartu hipoteka-mailegua amaitzen denean.
  • Amortizazio-epea 40 urtera arte luzatu, hipoteka-mailegua sinatzen denetik zenbatzen hasita.
  • Gabealdian zehar aplikatu beharreko interesa Euriborra ken 0,10 murriztu.
  • Zoru-klausula ez aplikatu.

Garrantzitsua da honako hau gogoratzea:

  • Neurri hori ezin dute eskatu hipoteka betearazteko bidean dauden pertsonek.
  • Berregituraketa-plana bideraezina bada, banketxeak ohartarazi egin beharko dizu. Berregituraketa-plan bat ez da bideragarria kuotak familia-unitate osoaren diru-sarreren % 50 gainditzen badu.
  • Zordunak zorra berregituratzeko bere proposamena aurkez dezake, baina erakundeak ez du zertan proposamen hori onartu. Onartzen ez badu, zergatik ez duen onartu adierazi beharko du.
  • Berregituraketa-plana onartu ondorengo 10 urteetan amortizazio aurreratua egiten bada, erakundeak ez du konpentsazio-kosturik eskatuko.
  • Erakundeek zordunak hartutako zor guztiak bateratu ditzakete.

Berregituratzea hasieran bideraezina bada edo onartu ondoren bideraezin bihurtzen bada, zordunak kita bat eska dezake, hau da, ordaintzeke dagoen kapitalaren murrizketa partziala.

Zorra kitatu

Zorra berregituratzeko planak adierazi behar du berregituratzea hasieran bideraezina bada edo onartu ondoren bideraezin bihurtu bada, zordunak zorraren zati bat kitatzea eskatu ahal izango duela neurri osagarri gisa, hau da, ordaintzeke dagoen kapitalaren murrizketa partziala eskatu dezakeela. Bankuak uko egin diezaioke kitari.

Berregituraketa-plan bat ez da bideragarria kuotak familia-unitate osoaren diru-sarreren % 50 gainditzen badu.

Neurri hori eska dezakete, halaber, hipoteka betearazteko prozesuan daudenek, baldin eta enkantea iragarri bada.

Bankuak hiru metodo hauetako bat erabili behar du kitatzekoa den zenbatekoa kalkulatzeko.

  • Ordaintzeke dagoen kapitala % 25 murriztea.
  • Ordaintzeke dagoen kapitala murriztea, ordaintzeko dituen kuota guztietatik jada ordainduta dituen kuoten proportzioa. Hau da, hipoteka-mailegu osoaren kuoten % 35 ordaindu badira, ehuneko hori bera izango litzateke ordaindu gabeko kapitaletik murriztuko litzatekeena.

    Adibidez:

    • 100.000 euroko mailegua dugu, 120 kuotatan ordaintzeko.
    • Orain arte 29.492 euro amortizatu ditugu, hau da, 42 kuota.
    • 70.508 euro geratzen zaizkigu ordaintzeko.
    • Ordaindutako kuoten proportzioa, kuota guztiekiko: 42/120 = % 35.
    • Ordaintzeko dagoen kapitalaren % 35 murriztuko digu bankuak.
    • Kitatzekoaren zenbatekoa zehazki jakiteko, ehuneko hori aplikatu behar diogu zor dugun kapitalari (70.508 euro).
    • Emaitza 24.677,80 euro da, hau da, kitatzekoaren zenbatekoa.
  • Murrizketa hau aplikatzea: etxebizitzaren egungo balioaren eta hasierako tasazioaren balioari, emandako maileguaren halako bi kenduta ateratzen denaren arteko aldearen erdia, baldin eta lehen zenbatekoa bigarrena baino txikiagoa bada.

    Adibidez:

    • Hasierako tasazioa: 150.000 euro.
    • Mailegua: 120.000 euro.
    • Egungo tasazioa: 100.000 euro.
    • Ordaintzeke dagoen kapitala: 75.000 euro.
    • Kalkuluak egiteko, lehenbizi, hasierako tasazioaren eta maileguaren arteko aldea kalkulatuko dugu: 150.000-120.000 = 30.000.
    • Gero, zenbateko hori bider bi egingo dugu: 30.000 x 2 = 60.000.
    • Hirugarrenik, hasierako tasazioari aurreko zenbatekoa kenduko diogu: 150.000-60.000 = 90.000.
    • Laugarrenik, egungo tasazioari aurreko aldea kenduko diogu: 100.000-90.000 = 10.000.
    • Eta azkenik, kopuru hori zati bi egingo dugu: 10.000/2 = 5.000.
    • Kasu honetan, kitatzekoaren zenbatekoa 5.000 eurokoa izango litzateke.

Hirugarren fasea: ordainean eman eta alokatu

Zorra berregituratzeko eta kitatzeko eskaera egin bazen eta horietako bakar bat ere ez bada bideragarria, eta prozesua hasi zenetik bi urte igaro ez badira, oraindik ordainean ematea eska daiteke, hau da, etxebizitza bankuari entregatu, ordaintzeke dagoen zorraren truke.

Bankuak nahitaez onartu behar du ordainean ematea.

Garrantzitsua da gogoratzea, ordainean ematea eskatzen denean, etxebizitzan bi urtez geratzea ere eska daitekeela. Zordunak ordainean ematea eskatzen duenean ordaintzeko geratzen zaion zorraren % 3 ordaindu beharko du urtean alokairuaren truke.

Nork balia ditzake neurri horiek?

Zorra berregituratzeko eta kitatzeko, etxeak 300.000 euroko prezioa izan behar du gehienez. Ordainean ematea eskatuz gero, gehieneko prezioa 250.000 euro da.

Honako hauek ere bete behar dira:

  • Familia-unitatearen diru-sarrera ez izatea hamalau ordainsariko urteko OAEAPa (IPREM, gaztelaniaz) baino hiru aldiz handiagoa (2024 = 600 x 14 x 3 = 25.200 euro). Gogoan izan behar da zordunaren aitaren eta amaren aurrekoak ez direla familia-unitatearen kide.
    • Muga OAEAPa (IPREM, gaztelaniaz) x 4 izango da, baldin eta familiako norbaitek % 33tik gorako desgaitasuna badu, edo lan egiteko ezintasun iraunkor egiaztatua eragiten dion mendetasun- edo gaixotasun-egoera aitortua badu.
    • Muga OAEAPa (IPREM, gaztelaniaz) x 5 izango da, zordunak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
      • Garuneko paralisia, gaixotasun mentala edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala aitortua izatea.
      • % 65eko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo sentsoriala izatea.
      • Zordunak berak edo zaintzaileak gaixotasun larria izatea, eta gaixotasun horrek lanerako ezintasun egiaztatua eragitea.
  • Eskaera egin aurreko lau urteetan, familia-unitatearen egoera ekonomikoa nabarmen aldatzea, etxebizitza eskuratzeko ahaleginari dagokionez, edo aldi horretan kalteberatasun bereziko egoerak bizi izana familiak.

    Zer da egoera ekonomikoa nabarmen aldatzea? Hipotekaren ondorioz hilean egin beharreko ahalegina, familiaren errentari dagokionez, gutxienez 1,5 aldiz handiagoa izatea. Bankuak frogatzen badu hipoteka-karga mailegua sinatu zen unekoaren berdina edo handiagoa dela, inguruabar hori ezin da aplikatu.

    Kalteberatasun bereziko egoerak honako hauek dira:

    • Familia ugaria.
    • Bere kargura bi seme-alaba dituen guraso bakarreko familia-unitatea.
    • Hiru urtetik beherako haurra duen familia-unitatea.
    • Familia-unitateko kideren batek % 33tik gorako desgaitasuna aitortuta izatea, mendekotasun-egoeran egotea edo lanerako ezintasun egiaztatua eta iraunkorra eragiten dion gaixotasunen bat izatea.
    • 60 urtetik gorako zorduna, zenbaki honetako a) letran aurreikusitakoaren arabera familia-unitatetzat hartzeko baldintzak betetzen ez baditu ere.
  • Hipotekaren truke hilero ordaintzen dena familiak hilero dituen diru-sarreren erdia edo gehiago izatea. Ehuneko hori % 40koa izango da adierazitako kasu berezietan.
  • Gainera, berregituratzeko eta kitatzeko, beharrezkoa izango da:
    • Familia-unitateak zorrari aurre egiteko ondasunik ez izatea.
    • Ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-mailegua izatea.
    • Zorrari aurre egiteko behar besteko ondare-bermerik ez duen kreditua edo mailegua izatea.

Familia-unitatea osatzen ez duten zordunkideak badaude, aurreko baldintzak bete beharko dituzte.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  • Diru-sarrerak:
    • Errenten ziurtagiria.
    • Ondarearen gaineko zergaren ziurtagiria.
    • Azken hiru nominak edo prestazioen erakunde kudeatzaileak emandako ziurtagiria, adierazita ziurtagirian langabeziagatiko prestazioengatik, diru-sarrerak bermatzeko errentengatik (DSBE) edo jarduera uzteagatik langabezia-prestazio edo -subsidio gisa jasotako hileko zenbatekoa.
  • Familia-unitatea:
    • Familia-liburua edo izatezko bikotearen egiaztagiria.
    • Elkarrekin bizi diren pertsona guztien errolda-ziurtagiria.
    • Desgaitasuna, mendekotasuna edo lanerako ezintasun iraunkorra duela adierazten duen agiria.
  • Ondasunen titulartasuna:
    • Jabetza Erregistroak familia-unitateko kide bakoitzari buruz emandako titulartasun-ziurtagiriak.
    • Etxebizitzaren salerosketako eta hipoteka-bermea eratzeko eskriturak eta bestelako egiaztagiriak.
  • Zordunaren edo zordunkideen erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena betetzen direla bazterkeria-atalasetzat jotzeko eskatzen diren baldintzak, Jardunbide Egokien Kodea betetzen dela egiaztatzeko eratutako batzordeak onartutako ereduaren arabera.

Beste neurri batzuk

Egungo araudiak onuradunentzako beste neurri osagarribatzuk jasotzen ditu:

  • Jardunbide Egokien Kodeko neurriren bat aplikatzeko eskatu ondoren, erakundeak berandutza-interes bat baino ezin du aplikatu. Berandutza-interes hori, gehienez ere, hitzartutako interesei ordaintzeke dagoen kapitalaren % 2 gehituta ematen duen emaitza izango da.
  • Hipotekaren kontratua berritzen bada, notario-agiri berria salbuetsita dago Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuota graduala ordaintzetik.
  • Etxebizitza ordainean ematen bada:
    • Etxebizitza jasotzen duen bankuak gainbalioaren zerga ordaindu beharko du.
    • Ordainean ematea Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita dago, ez baita ondare-irabazitzat hartzen.
    • Hipoteka ezereztearen ondoriozko notario- eta erregistro-gastuek % 50eko hobaria izango dute.

Nola erreklamatu

Lehenik eta behin, banketxean, bezeroaren arretarako zerbitzua edo bezeroaren defendatzailea esan ohi zaienetan.

Hilabeteko epean erantzunik jaso ez bada edo eskaera onartu ez bada, erreklamazioa Espainiako Bankuaren Merkatu Jokabidearen eta Erreklamazioen Sailera bidali behar da (Alcalá kalea 48, 28014 Madril).

Espainiako Bankuari ezin zaio erreklamatu, aurretik banketxeari erreklamatu gabe.

Jardunbide egokien kodeari atxikitako erakundeak

Jardunbide egokien kodeari atxikitzea borondatezkoa da kreditu-erakundeentzat, eta atxikimenduaren berri eman behar diote Ekonomia Ministerioko Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiari. Atxiki ondoren, kodea bete behar dute.

Atxikita dauden kutxa eta bankuen zerrenda kontsulta dezakezu

Erakundeek babes-neurri horien berri ematen dutela bermatu behar dute, batez ere bezeroei.

  • 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa.
  • 19/2022 Errege Lege Dekretua, azaroaren 22koa, Jardunbide Egokien Kode bat ezartzen duena ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-maileguen interes-tasen igoera arintzeko, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretua aldatzen duena eta hipoteka-maileguen merkatua hobetzeko beste egiturazko neurri batzuk hartzen dituena.
  • 6/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzkoa.
  • 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoarena, finantza-kargaren murrizketarena eta gizarte-arloko beste neurri batzuena.
  • 5/2017 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, honako hauek aldatzen dituena: 6/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, Baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko presako neurriena, eta 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriena.

Inbertsio-produktuak

Finantza-produktuak konplexuak dira, eta askotan pertsonen finantza-prestakuntza ez da nahikoa haien arriskuak eta abantailak ulertzeko. Europar Batasunak inbertsio-produktuak erabiltzen dituztenen babesa indartzeko araudi bat egin du.

Espainian, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (BMBN; gaztelaniaz, CNMV) merkatu horiek eta horietan parte hartzen duten erakundeak arautu eta gainbegiratzen ditu, zehazki honako hauek:

  • Inbertsio kolektiboko erakundeak, inbertsio-funtsak kasu.
  • Inbertsio-zerbitzuetako enpresak: baloreen eta burtsen sozietateak eta agentziak, zorroak kudeatzen dituzten sozietateak eta finantza-aholkularitzako enpresak.
  • Enpresa kotizatuak.

Inbertsio-zerbitzua eskaini aurretik erakundeek eskatutako informazioa

Finantza-erakundeek galdera batzuk egin behar dituzte, eskatutako produktua interesdunarentzat egokia den zehazteko. Urrezko arau bat: zenbat eta errentagarritasun handiagoa, orduan eta arrisku handiagoa.

Galdera horiek komenigarritasun- eta egokitasun-testetan biltzen dira:

  • Komenigarritasun-testa: nahitaezkoa da finantza-produktuen salerosketan, inbertitzailearen ezagutzak eta esperientzia baloratzeko balio du. Galderak finantza- eta inbertsio-produktuekin zerikusia duten azterlanei eta ezagutzari buruzkoak dira.

    Komenigarritasun-testak produktua kontsumitzailearentzat egokia ez dela adierazten badu ere, kontsumitzaileak eragiketarekin jarraitzeko eskubidea du, baldin eta finantza-erakundeak ere onartzen badu.

  • Egokitasun-testa: inbertsio-produktuetara bideratuta dago, eta erakundearen gomendio pertsonalizatuak interesdunarentzat egokienak direla ziurtatu nahi du. Galderak askotarikoak izaten dira: komenigarritasun-testa (aurretiko ezagutzak eta esperientzia), finantza-egoera (diru-sarreren iturria eta maila, ondarea, gastuak eta aldizkako ordainketak) eta inbertsio-helburuak (inbertsioa mantentzeko nahi den denbora, profila eta arriskuaren tolerantzia).

    Interesdunak ez badu egokitasun-testaren informazioa ematen, erakundeak ezin izango dio aholkularitza eman.

Inbertitzailearen eskubideak

  • zintzoa, inpartzialki eta profesionalki tratatua izateko eskubidea.
  • Informazio inpartziala, argia eta ez-engainagarria jasotzeko eskubidea.
  • Banketxeak zure egoera pertsonala kontuan izateko eskubidea, zure profilera egokitzen diren produktuak edo zerbitzuak bakarrik kontratatu ahal izateko.
  • Erreklamatzeko eskubidea, funtzionamendu okerragatik, berandutzeagatik edo arreta faltagatik, edo kalte egin dizutela sentitzen baduzu.
  • Inbertsio-produktuaren izaera eta arriskua ezagutzeko eskubidea, baita izango dituzun zuzeneko eta zeharkako gastu eta kostuei buruzko informazioa jasotzeko ere.
  • Inbertsio-zerbitzua ematean bi aldeen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituen kontratu bat sinatzeko eskubidea.

Finantza-erakundeek betebehar hauek dituzte:

  • Informazioa eskatzea zure egoera eta premiak ezagutzeko eta inbertsio-erabaki egokiak hartzen laguntzeko.
  • Zuretzat egokiak diren produktuak soilik eskaintzea, zure ezagutzen eta esperientziaren arabera, produktuen arriskuak eta funtzionamendua baloratzeko.
  • Ziurtatzea ulertzen duzula eman dizuten informazioa, eta bat datorrela zure finantza-egoerarekin eta helburuekin.
  • Informaziorik onena ematea inbertsioa egin aurretik, bitartean eta ondoren. Informazio oso-osoa jaso behar duzu zure gain hartzen dituzun arriskuei buruz eta zuzeneko eta zeharkako komisio eta gastuei buruz.
  • Ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatzea, zuri kalterik egin gabe.
  • Erakundea Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean inskribatuta dagoela eta eskaintzen duen zerbitzua emateko baimenduta dagoela egiaztatzeko datuak ematea.

Zer dira lehentasunezko partaidetzak?

Lehentasunezko partaidetzak (PPR) sozietate batek jaulkitako baloreak dira, eta ez duzu haien kapitalean parte hartzen, eta ez dizute boto-eskubiderik ematen. Betiko dira, hau da, ez duzu inbertitutako dirua berreskuratzen, salbu eta lehentasunezko partaidetzak saltzen badituzu. Baina hitzartutako preziorik ez dagoenez, irabaz edo gal dezakezu, eta, beraz, errentagarritasuna ez dago bermatuta.

Arrisku handiko produktuak dira:

  • Errentagarritasun handia edo galera asko eragin ditzakete.
  • Ez dute burtsan kotizatzen.
  • Ez dira merkatu antolatuetan negoziatzen.
  • Likidezia-kontratu bat izan dezakete, hau da, produktua saltzeko nolabaiteko bermea, produktua erosteko prest dauden pertsonak edo erakundeak daudelako. Hala ere, likidezia hori mugatua da, eta, beraz, ez da beti erraza izaten inbertsioa desegitea.
  • Finantza-erakundeak porrot egiten badu, inbertitzaileak inbertitutako diru guztia gal dezake. Horrelako egoera batean, partaidetzak kobratzen azkenak dira ia, akziodunen aurretik bakarrik.
  • Finantza-erakundeak ez badu etekin nahikorik, baliteke interesak ez ordaintzea. Eta inbertitzaileak ezin die eskatu.
  • Betiko izan arren, finantza-erakundeak, normalean, beretzat gordetzen du horiek aldi baten buruan ezerezteko eskubidea. Hori garrantzitsua da; izan ere, erakundearen egoera ekonomikoa txarra bada, erabateko arriskua dago, inolako bermerik gabe. Bestalde, egoera aldatzen ez bada, erakundeak dirua itzul dezake eta tratua ezereztu.

Zer dira lehentasunezko harpidetza-eskubideak?

Akziodunek dituzten eskubideak dira, sozietate batek bere kapital soziala handitzen duenean, partaidetza-ehuneko bera edukitzen jarraitu i ahal izateko, eta, horrela, konpainian duten pisua murriztea saihesteko. Lehentasunezko harpidetza-eskubideak eskuragarri egoten dira, salbu eta akziodunen batzar orokorrak baztertzen baditu.

Eskubide horiek burtsan ere kotizatzen dute, eta, beraz, zaintza-komisioak eta -gastuak sor ditzakete, hau da, produktu horiek edukitzeagatik sortzen direnak. Gainera, salerosketak ere bitartekotza-komisioak izan ditzake.

Nola ezereztu inbertsio-funts bat

Inbertsio-funtsa ezerezteak inbertitutako ondarea berreskuratzeko aukera ematen du.

Funtsa ezerezteko, agindu bat eman behar da kontratatu zen finantza-erakundean edo erakunde kudeatzailean.

Normalean, erakundeek ez dute eragozpenik jartzen funts bat ezerezteko, baina inbertsio hori marka bereko beste funts edo produktu batera bideratzen saia daitezke.

Ondare hori aktibo-mota errentagarriago batera edo seguruago batera aldatzeko aukera ere badago.

Nola erreklamatu

Erreklamazioa egin nahi baduzu:

  • Lehenik eta behin, erreklamazio bat aurkeztu behar duzu erakundearen aurrean, bezeroaren arretarako zerbitzua edo bezeroaren defendatzailea esan ohi zaienetako batean. Horrek arrazoizko denboran ebatzi behar ditu kexak eta erreklamazioak, argitaratu duen prozeduraren arabera. Arreta egokia ziurtatzeko, erakundeak gutxienez bost urtez egindako zerbitzu eta eragiketa guztien erregistroa eduki behar du.
  • Bi hilabeteko epean erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzuna egokia ez bada, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN; gaztelaniaz, CNMV)Inbertitzailearen Arretarako Bulegora jo dezakezu. Bulego hori arduratzen da kontsultei, kexei eta erreklamazioei doan erantzuteaz, azaroaren 16ko ECC/2502/2012 Aginduan ezarritakoaren arabera.

Finantza-txiringitoen iruzurrak

Zenbait enpresa edo pertsona inbertsio-zerbitzuak beharrezko baimenik gabe ematen saiatzen dira. Inbertsio apalak dituzten pertsonak engainatzen saiatzen diren iruzurgileak dira, errentagarritasun handiko eta arrisku txikiko aukera bakarren promesekin.

Txiringitoen itxura oso sofistikatua izan daiteke, legitimitate eta profesionaltasun itxura izan dezakete. Luxuzko bulegoak izan ohi dira, eta informazio-liburuxkak eta ondo aurkeztutako bestelako dokumentu komertzialak izaten dituzte, inbertsio-aukera oso tentagarriak proposatzen dituztenak. Engainatutako pertsonek oso gutxitan ikusten dute berriz beren dirua.

Horregatik, ez fidatu inoiz hauetaz:

  • Inbertsio bat proposatzen dizuten kontaktuak, ez baduzu aldez aurretik informaziorik eta aholkularitzarik eskatu.
  • Erabat seguruak diren edo ohikoa baino askoz errentagarritasun handiagoa duten inbertsioen promesak.
  • "Bermea", "aukera mugatua" eta "arriskurik gabe" hitzak.
  • Denbora laburrean diru asko irabazteko promesak.
  • Erabakiak azkar edo berehala hartzeko presioak.

Gogoratu: inbertsio legitimoetan ere, errentagarritasun handiak arrisku handia dakar.

Kriptoaktiboak eta kriptomonetak

Kriptoaktiboak trukerako bitarteko birtualak dira, hau da, ukiezinak dira, eta haien balioa merkatuak zehazten du. Kriptografian dute jatorria, informazioa zifratze-tekniken bidez babesten duen diziplinan.

Ziurrenik kriptoaktiborik ezagunena kriptomonetak dira. Honako erabilera hauek izan ditzakete:

  • Ordaintzeko, beste aldeak onartzen badu.
  • Balio-erreserba.
  • Inbertsio espekulatiboa.

7.000 kriptomoneta baino gehiago daude (beste iturri batzuek 10.000 inguru daudela diote), eta Bitcoina da ezagunena, baina beste batzuk ere badira, hala nola Ethereuma, Litecoina eta Chainlinka.

Kriptomoneta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bitcoinak, adibidez, ia dibisa baten antzerafuntzionatzen du; Ethereuma kontratu automatizatuak gauzatzeko erabiltzen da (kontratu adimendun edo smart contract ere esaten zaie); Litecoina, MITek sortua, zenbait arlotan ordaintzeko erabiltzen dute... Beste erabilera batzuk hauek dira: startupak finantzatzea, bilduma zaletasuna edo bideoj okoak.

Kriptomonetak birtualak dira beti, ezin dira ukitu. Eta partizipaziotan bana daitezke, eta, beraz, ez da beharrezkoa osorik eskuratzea.

Espainian, legez ordaintzeko baimenduta daude 2015etik, baina ez dago kriptomonetak ordainketa gisa onartzeko betebeharrik.

Bederatzi ideia nagusi

  • Haien balioa nabarmen aldatzen da. Asko espekulatzen da haiekin, eta inbertitutakoa galtzeko arriskua handia da.
  • Zirkulazioa mugatua da. Egia da kriptomonetetan egindako inbertsioa nabarmen handitu dela, baina oraindik ere oso mugatua da dibisa tradizionalekin alderatuta.
  • Likidezia ez da ziurra. Merkatuaren aldakortasun-maila handia dela eta, zaila izan daiteke kriptomoneta legezko txanpon bihurtzea.
  • Bermea eztabaidagarria da. Ez dago horiek babesten dituen estaturik, El Salvador eta Afrika Erdiko Errepublika izan ezik, eta horietako asko ez daude aktibo fisikoek babestuta.
  • Ez daude araututa. Ez dago horri buruzko araudirik, eta banku-araudiak ez ditu kriptomonetak jasotzen; beraz, babesgabetasun juridikoa oso handia da.
  • Zaila da kontsumitzaileen eskubideak bermatzea. Espainian inongo erakunde ikuskatzailek ez du erregistratu, baimendu edo egiaztatu ezein jaulkipenik.
  • Arazoek konponketa zaila dute. Mugaz gaindiko izaera dutenez eta inplikatutako eragileak herrialde askotan daudenez, arazoak konpontzea zailagoa da.
  • Anonimoak dira. Anonimotasuna handiagoa da banku-sistema tradizionalean baino, eta horrek legez kanpoko jardueretarako babesleku bihur ditzake.
  • Deszentralizatuak dira, eta horrek esan nahi du ez daudela erakunde eta organismo zehatzen mende. Ezaugarri horrek demokratizazio-elementu bihurtzen ditu, eta, aldi berean, desarautzea sustatzen du.

Nola funtzionatzen dute?

Kriptomonetek truke-sistema deszentralizatu gisa funtzionatzen dute, eta horrek ohiko moneten bitartekotza-beharra desagerrarazten du. Hau da, ordainketa edo transferentzia tradizional batean banku edo ordainketa-hornitzaile batek edo bik esku hartzen dute (ordaintzen duen aldea eta jasotzen duen aldea); kriptomoneten sistemarekin, ordea, bitartekariak desagertzen dira, eta transakzioak pertsonatik pertsonara egiten dira.

Orduan, nola bermatzen edo ziurtatzen da transakzioa? Segurtasuna kriptografiak eta milaka pertsonaren bermeak ematen dute; milaka ordenagailutan baieztatzen eta zigilatzen dute transakzioa. Azken horri blockchain teknologia esaten zaio.

Hori horrela, egia da pertsonen arteko trukearen alderdi teknikoan ez dagoela bitartekaririk (hala nola bankurik), baina kriptomoneten kontserbazioan badaude, bai konpainia independenteak, bai bankuak.

Arriskuak

Kriptomoneten aldakortasuna eta aritzen diren merkatuaren espekulazio handia dira kontuan hartu beharreko arriskuak. Inbertitzen duenak diru asko irabaz dezake, baina baita oso azkar galdu ere inbertitutako diru guztia.

Erregulaziorik ezak babesgabetasuna dakar. Banku-legeriak ez ditu kriptomonetak dituzten pertsonak babesten, eta txanpon birtualen jaulkitzaileek ez dute zertan ezagunak izan. Eragiketak bitarteko baten bidez egiten badira eta horrek porrot egiten badu edo desagertzen bada, Estatuak ez du inolako babesik ematen. Ez da gauza bera gertatzen bitartekoa banku bat bada; kasu horretan, eragiketak bermatu behar ditu legeak ezarritako aktibo kopuru batekin, eta, gainera, Estatuak banku tradizionalaren erabiltzaileak ere babesten ditu.

Kriptomoneta-motak

Kriptomonetaren babesaren arabera, bi mota bereiz ditzakegu:

Ireki guztiak

Kriptomoneta babesdunak edo stablecoin deritzenak

Babesik gabeko kriptomonetak (Bitcoina, adibidez)

Kriptoaktiboen erregulazioa

2023ko maiatzaren 31n Europar Batasunak Markets in Crypto Assets (MICA) onartu zuen, kriptoaktiboak eta kriptomonetak arautzeko.

2022an, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN; gaztelaniaz, CNMV) urtarrilaren 10eko 1/2022 zirkularra argitaratu zen BOEn, inbertsio gisa aurkeztutako kriptoaktiboen gaineko publizitateari buruzkoa. Baina zirkular hori ez da produktu, jaulkitzaile eta bitarteko erakundeei buruzkoa, publizitatea baitu ardatz.

Bestalde, uztailaren 9ko 11/2021 Legeak (iruzur fiskalaren kontrako prebentzio- eta borroka-neurriena) betebehar batzuk ezartzen dizkie kriptoaktiboak edo kriptomonetak dituzten pertsonei.

Foru-aldundiek kriptomonetei eta horiek PFEZarekin edo ondare-zergarekin duten harremanari buruzko neurriak hartu dituzte. 2022ko maiatzaren 17an, Bizkaiko Foru Aldundiak kriptomonetak eta kriptoaktiboak dituela deklaratzera behartu zuen, ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako. Gainera, kriptomonetak edo kriptoaktiboak salerosteagatik sortutako irabaziak edo galerak ondare-irabazi gisa aitortu beharko dira PFEZaren ondorioetarako. Erabaki horiek Gipuzkoako eta Arabako foru-ogasunekin ere adostu dira.

Beste kontzeptu garrantzitsu batzuk

Blockchain

Euskaraz, bloke-kate esaten zaio, eta, agian, argigarriagoa da ulertzeko zer den. Kontu-liburu itzela da, elkarri lotutako informazio-blokeez osatua, haien segurtasuna bermatzeko enkriptatuta eta deszentralizatuta; hau da, ez daude leku bakar batean, milaka ordenagailutan baizik. Azken batean, datu-base deszentralizatu eta segurua da.

Funtsezko ezaugarrietako bat da zenbait erabiltzailek (nodo esaten zaie erabiltzaile horiei) transakzioa egiaztatzen dutela, hau da, prozesu informatiko automatikoa da. Erabiltzaile batek baino gehiagok egiaztatutako transakzioak bloke batean sartzen dira, zeinetan milaka edo milioika biltzen diren. Bloke hori zigilatu ondoren, bloke-katean integratzen da.

Informazio gehiago lor dezakezu esteka honetan eta beste honetan.

Kontzeptu horri lotuta, DLTak edo Datu-base Banatuak ditugu. Blockhain edo bloke-kateen aldean, DLTek ez dute nahitaez bloketan kodetuta egon behar.

Meatzaritza

Blokeak baliozkotzen edo zigilatzen "meatzariek" hartzen dute parte. Pertsona horiek ordenagailuak erabiltzen dituzte (berez,, ordenagailuen "etxaldeak" dira) transakzioak eragiketa matematikoen bidez baliozkotzeko. Meatzari-lanak egiten dituzten pertsonek transakzioen abisuak jasotzen dituzte, eta bloke batean taldekatzen dituzte. Eragiketa nahikoak dituztenean, zigilatzen saiatzen dira, eta eragiketa matematikoa ebaztean lortzen da. Ebazten badute, datu-blokea katean integratzen da eta haren segurtasuna handiagoa da.

Zigilatze-lan hori beste pertsona batzuekin lehian egiten da; izan ere, ebazten duen lehena konpentsatu egiten du jarduten ari den komunitate birtualak.

Blokeak zigilatzea gero eta konplexuagoa da, eta, beraz, gero eta ordenagailu indartsuagoak eta gehiago erabili behar dira. Horren ondorioz, elektrizitate-fluxu handia eskatzen da. Energia-kontsumoaren arazoa eta blockchain teknologia banaezinak dira.

Token

William Mougayar bloke-kateetan aditu eta inbertitzailearen arabera, tokena zera da: «erakunde batek bere negozio-eredua gobernatzeko eta erabiltzaileei beren produktuekin elkar eragiteko ahalmen handiagoa emateko sortzen duen balio-unitatea, eta, aldi berean, etekinak akziodun guztien artean banatzea errazten du». Hobeto ulertzeko, esan daiteke tokena kasinoetako fitxa baten edo auto txokeetako fitxa baten antzekoa dela.

Tokenak txanponak izan daitezke (bitcoina, adibidez), baina beste erabilera batzuk ere izan ditzakete, hala nola eskubide bat emateko, lan bat ordaintzeko, pizgarri bat eta abar. Sortzen dituen erakundeak erabakitzen du nola erabili eta funtzionalitatea.

Tokenetan inbertitzea bideragarria da eta onurak eman ditzake, baina arriskutsua da. Tokenak ez dira finantza-metrika tradizionaletan oinarritzen (PER, Ebidta, diru-sarrera garbiak, mozkinak...), promesetan baizik.

Token-motak:

Currency token: kriptomonetak esaten diegu. Bitcoina (letra larriz) sarea adierazteko erabiltzen da, eta bitcoina (letra xehez) kriptomoneta da.

Utility token: zerbitzu edo produktu jakin batzuk eskuratzeko erabiltzen diren tokenak dira, eta ez daude inbertsio gisa diseinatuta.

Community token: Kripto-komunitateetan soilik erabili ohi da. Oro har, onura, deskontu, hobariak eta abarretarako aukera ematen du.

Security token: finantza-irabazia lortzeko diseinatutako tresnak dira, eta arautuago daude. Inbertsio-kontratu gisa funtzionatzen dute, eta aktibo digital baten zati baten jabetza-berme gisa erabiltzen da gaur egun, baita akzio gisa ere.

Asset token: mundu errealeko objektuak ordezteko eta objektu horien merkaturatzea errazteko pentsatuta daude, alde batetik bestera mugitu beharrik gabe. Mundu fisikoko produktu merkaturagarrien artean, urrea-, jabetzak, automobilak, jostailuak edo liburuak saltzeko zein erosteko erabil daitezke.

NFT

NFT edo token ez-suntsikorrak aktibo digital bakarrak dira, eta ezin dira elkarren artean aldatu, ez baitaude bi berdin. Digitalki adieraz daitekeen guztiak NFT bihurtzeko ahalmena du: txio edo meme bat izan daiteke, edo arte-lan digitalizatu ba.

NFTeen bidez, edozein artxibo birtual bilaka daiteke erabilerarekin kontsumitzen ez den bojektu bakar eta esklusibo, benetakotasun-ziurtagiria esleituta;, horrek bermatzen du tokea duen pertsona dela pieza horren jabe bakarra.

NFT edo token ez-suntsikorrak, adibidez, arte digitaleko merkatuetan erabiltzen dira.

Aseguruak

Aseguru kontratuetan prima bat ordaintzen zaio aseguru-entitateari, kontratuak estalitako ezbeharren bat gertatzen bada kontsumitzaileak kalte-ordaina jaso dezan jasandako kaltearengatik. Kalte-ordain hori monetarioa, errenta edo prestazio bat izan daiteke.

Espainian, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusia da aseguru-produktuen erakunde gainbegiratzailea, eta honako hauek kontrolatzen ditu:

  • Aseguru-entitateak, izan sozietate anonimoak, izan mutualitateak edo izan gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak.
  • Aseguru-bitartekariak.
  • Pentsio-funtsak kudeatzen dituzten entitateak.

Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Erreklamazio Zerbitzuan kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura ECC/2502/2012 Aginduan arautzen da.

Klausulak izan daitezke:

Klausula zedarritzaileak. Aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen dute, eta, hala, ezbeharren bat gertatuz gero, aseguru-enpresak zer betebehar dituen zehazten du: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.

Klausula mugatzaileak. Aseguratutako pertsonak ezbeharra gertatu ondoren kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen dute. Kontratuan bereziki nabarmendu behar dira eta idatziz berariaz onartuta egon behar dute, bai baldintza partikularrak eta orokorrak jasotzen dituen polizan bertan, bai beste dokumentu batean, Aseguru Kontratuaren Legeak xedatutakoari jarraituz.

Klausula-motak: zedarritzaileak eta mugatzaileak. Klausula deusezak

Klausulak izan daitezke:

  • Klausula zedarritzaileak. Aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen dute, eta, hala, ezbeharren bat gertatuz gero, aseguru-enpresak zer betebehar dituen zehazten du: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.
  • Klausula mugatzaileak. Aseguratutako pertsonak ezbeharra gertatu ondoren kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen dute. Kontratuan bereziki nabarmendu behar dira eta idatziz berariaz onartuta egon behar dute, bai baldintza partikularrak eta orokorrak jasotzen dituen polizan bertan, bai beste dokumentu batean, Aseguru Kontratuaren Legeak xedatutakoari jarraituz.
Klausula deusezak

Garrantzitsua da azpimarratzea klausula batzuk erabat deusezak direla, eta, beraz, baliogabeak, Auzitegi Gorenaren 2010eko uztailaren 1eko epaiaren arabera. Hauek dira:

  • Kalte-ordainaren ordainketa eskatu ahal izateko, jatorrizko poliza entregatzea eskatzen dutenak, kontsumitzailea babesik gabe geratuko litzatekeelako aseguru-konpainiaren aurrean.
  • Aseguru-kontratuaren funtsezko ezaugarriei buruzko informazioa ezkutatzen dutenak, hala nola arriskuaren mugaketa eta prestazioak. Bizi-aseguruei zein ibilgailu-aseguruei eragiten diete.
  • Lehenbiziko urteetan bizi-asegurua erreskatatzeagatik zigor neurrigabeak ezartzen dituztenak, hain neurriz kanpokoak, ezen hasierako kapitalaren galera partziala ere ekar baitezake.
  • Defentsa juridikoko aseguruetan, aseguru-enpresa kontsumitzailearen defentsa-gastuak ordaintzetik salbuesten dutenak, baldin eta kontsumitzaileak epaiketa irabazten badu, eta kostuak ordaintzera kondenatzen badu. Bestela, kontsumitzaileak gastu guztiak aurreratu beharko lituzke, eta aseguru-etxeak ez luke ezer ordaindu beharko.
  • Aseguruak bere gain hartutako arriskua gertatuz gero, konpainiari kontratua bertan behera uzteko eskubidea ematen diotenak.

Primak garestitzea

Prima da kontratuaren funtsezko elementua, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen arabera. Edozein aldaketa da kontratu-aldaketa, eta, beraz, aseguru-etxea eta kontsumitzailea ados badaude bakarrik izango da baliozkoa.

Aseguru-kontratua eta kontratu horren aldaketak idatziz formalizatu beharko dira.

Kontratu askok prima garestitzea aurreikusten dute; zifra zehatza ez bada, bai, ordea, zenbat garestituko den kalkulatzeko sistema automatikoa. Halakoetan, prima garestituz gero, kontratua bera gauzatzen ari da, eta, beraz, kontsumitzaileak ez du onartu behar, kontratua sinatu zuenean onartu baitzuen.

Baina badira kontratuan aurreikusita ez dauden primaren garestitzeak ere, eta kontsumitzaileak onartu egin behar ditu, gauzatu ahal izateko.

Erakundeak ezin izango du inola ere aseguru-kontratua deuseztatu kontsumitzaileak uko egiten badio kontratuan aurreikusita ez zegoen prima-garestitzeari.

Estaldura-aldi berrirako garestitu nahi bada prima, aseguru-entitateak kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago jakinarazi behar dio prima zenbat garestituko den.

  • Kontsumitzaileak prima garestitzea onartzen ez badu, erakundeak uko egin diezaioke kontratua hurrengo estaldura-aldirako luzatzeari.
  • Bi hilabeteko epea errespetatzen ez bada, erakundeak ezingo du igoera aplikatu, eta, beraz, aurreko aldiko prima errespetatu beharko du.

Aseguratutako objektua desagertzea edo kontratua azkentzea estaldura-aldia amaitu baino lehen. Estornua

Aseguratutako objektua desagertzen bada edo kontratua ezereztu egiten bada estaldura-aldia amaitu baino lehen, kontsumitzaileak eskubidea du prima gisa ordaindutakoaren zati bat berreskuratzeko.

Horri estornu deritzo, eta hainbat kontratu-motatan aplika daiteke. Adibidez, ibilgailuen aseguruetan, ibilgailuari baja ematen zaionean; edo kontsumorako mailegu batean, kapitalaren zati bat amortizatuta dagoenean. Hala ere, estornua ezin da beti aplikatu, eta kontratuan agertzen denaren araberakoa da.

Garrantzitsua da azpimarratzea aseguru-entitate batzuek kontrako zentzuan jarduten dutela: beren polizetan klausula bat txertatzen dute, adierazteko estaldura-aldian objektu aseguratua desagertzen edo eskualdatzen bada, kontsumitu gabeko primari aldi batez eutsi behar zaiola, asegurudunak zenbateko hori aplika dezan beste objektu bat aseguratzeko. Klausula horrek ez du esan nahi asegurudunaren eskubideak abusuz edo modu mugatzailean erabili direnik.

Nahitaezkoa al da aseguru bat kontratatzea mailegu bat sinatzean?

Aseguru bat kontratatzeak maileguak ematea errazten du eta, askotan, finantza-produktuen baldintzak hobetzen ditu. Hala ere, ez da nahitaezkoa.

Hipoteka bat formalizatzean soilik da nahitaezkoa sute-aseguru bat edo etxeko arrisku anitzeko aseguru bat kontratatzea.

Nola erreklamatu

Erreklamazioa egin nahi baduzu:

  • Lehenik eta behin, erreklamazioa aurkeztu behar diozu erakundeari, bezeroaren arretarako zerbitzu edo bezeroaren defendatzaile deritzen zerbitzuetan. Izapide hori ezinbestekoa da, eta ziurtatu behar duzu aipatutako sail horietako batera zuzentzen zarela, horiek baitira zure erreklamazioa bideratuko duten bakarrak. Zure idatziaren goiburuan sail horretarako dela adieraztea gomendatzen dizugu.
  • Hilabeteko epean erantzuten ez badizute edo erantzuna egokia ez bada, erreklamazioa Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian aurkez dezakezu. Prozedura ECC/2502/2012 Aginduan dago araututa.
    • Telematikoki (aipatutako webgunean) edo paperean egin ahal izango duzu, eta idazkia Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiko Erreklamazio Zerbitzura bidali (Paseo de la Castellana, 44 -28046, Madril).
    • Horretarako propio prestatuko inprimakiak erabili beharko dituzu, eta zure identifikazio- eta kontaktu-datuak eman beharko dituzu, baita erreklamatzen duzun aseguru-entitatearen datuak, zure kexaren arrazoia, gertakarien kontaketa eta horren euskarri den dokumentazioa ere. Gainera, eta oso garrantzitsua da, aseguru-etxean aldez aurretik egindako erreklamazioaren egiaztagiria erantsi beharko duzu.

Gomendioak

  • Aztertu xehetasunez aseguru-etxearen publizitatea.
  • Baldintzak idatziz eskatu erabaki bat hartu eta kontratua sinatu aurretik.
  • Ez sinatu ulertzen ez duzun ezer.
  • Eskatu zalantzak finantza-erakundean bertan argitzeko, edo kanpoko aholkularitzara jo argi ikusten ez baduzu.
  • Gorde beti kontratuen kopiak.
  • Argi eduki zein diren kontratuen klausula guztiak.
  • Salatu abusuzkotzat jotzen dituzun klausulak.

Aseguruak (2023)

Deskargatu informazio-orria (pdf, 159 kB)

  • 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa.
  • 3/2020 Errege Lege Dekretua, otsailaren 4koa, presako neurriena eta zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen baitira Europar Batasunaren hainbat zuzentarau honako eremu hauetan: sektore jakin batzuetako kontratazio publikoa, aseguru pribatuak, pentsio-planak eta -funtsak, tributuen eremua eta auzi fiskalak.
  • 41/2007 Legea, abenduaren 7koa, Hipoteken merkatua erregulatzen duen martxoaren 25eko 2/1981 Legea eta hipoteka- eta finantza-sistemaren beste arau batzuk aldatu, alderantzizko hipotekak eta mendekotasun-asegurua arautu eta zerga-arau jakin batzuk ezartzen dituena.
  • ECC/2502/2012 Agindua, azaroaren 16koa, Espainiako Bankuaren, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren erreklamazio-zerbitzuetan erreklamazioak aurkezteko prozedura arautzen duena.